- Urrezko Aizkora
Txapartegik ezustea eman eta Peñagarikano menderatu du
ZARAUTZ
Luix Txapartegik ezustea eman zuen, eta Joxemiel Peñagarikano mendean hartu zuen. Guztia galdua zuela zirudienean, azkeneko txanpa ikaragarria egin zuen Aizarnakoak, eta garaipena eskuratzeko modua egin zuen.Kana-erdikoa zutik moztuz ekin zioten, eta Beizamakoak sei segundoko aldea hartu zuen. 2.30ean bota zuen enborra Peñagarikanok, eta sei segundo gehiagotan, Aizarnakoak. Lan horren ostean, 45 ontzakoa kolpeka moztu behar izan zuten, eta Beizamakoak 43 kolpetan bota zuen; hiru gehiago behar izan zituen Txapartegik. Azken horrek bere lehendabiziko garaipena abiadura proban lortu zuen. 45 segundoan bota zuen 45 ontzakoa, eta bi segundo atera zizkion aurkariari. Bigarren garaipena 60 ontzakoarekin bereganatu zuen, eta lehen aldiz aurretik jarri zen. 1.44n bota zuen enborra, eta hamar segundo gehiago behar izan zituen aurkariak. Azkeneko lana lau kana-erdiko botatzea zen. Peñagarikanok hasieratik hartu zuen aldea, eta 20 segundotik gorako aldea izan zuen, baina Txapartegik azkeneko unean aurrea hartu zion. 7.37 izan zen haren denbora, eta 7.55, Peñagarikanorena. 18 urtez azpiko finala, berriz, Atutxak irabazi zion Mugertza III.ari. Lan luzean erabaki zen auzia.
|