GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-27
Martin ANSO
Hernaniko Dorreak
Gustura, oso gustura geratu ziren bai «Kastillako Dorreak»en parte hartzen dutenak, bai ikuskizunaren estreinaldira astearte arratsaldean Hernaniko kulturetxera bertaratu zirenak. Ordubeteko ikuskizun bizi-bizia da, zer pentsaturik ere ematen duena, gainera.

Hernaniko hainbat abesbatza, dantza talde eta artistaren elkarlanaren fruitua da “Kastillako Dorreak”. Javier Zubimendiren gidoi batetik abiatuta, azken hilabeteotan 140 lagunen lana zuzentzen eta bateratzen ibili behar izan du Ainhoa Pinedak. Ahaleginaren emaitza oholtza gainean astearte iluntzean ikusi ahal izan zuten lehenengo aldiz proiektuan parte hartzen duten guztiek, eta gustura baino gusturago geratu zirela esan beharra dago.

Egia da «etxean» jokatzen zutela. Izan ere, astearteko emanaldia, Biteri kultur etxean egingo dituzten seietatik lehena, batez ere ikuskizunean nola edo hala lagundu duen baina oholtza gainean aritzen ez den jendeari begira antolatua zen. Hala ere, emaitzak arduradunen beren espektatibak gainditu zituen, ezbairik gabe. Horren lekuko dira GARAk emanaldia hasi aurretik eta ondoren bildu zituen adierazpenak. Hasi aurretik, Javier Zubimendik zera esan zuen: «Pena dut beste entsegu pare bat egiteko astirik izan ez dugulako; ea gaurkoan biribiltzen dugun biribildu beharrekoa ondoko emanaldiei begira». Baina ordubete geroago, emanaldia bukatuta, inpresioa oso bestelakoa zen. «Aurkezpena egin genuenean ­gogorazi zuen Pinedak­, ikuskizunaren osagarri guztiak oso ondo lotuta zeudela iragarri nuen, baina, egia esan, ez nuen espero lehenengo emanaldian den-dena hain txukun aterako zenik».

Herri antzerkia

«Hernaniar» ez diren eta ikuskizunean parte hartzen duten bakarrak Ander Lipus eta Iñigo Aranbarri aktoreak dira. Biak ala biak rol garrantzitsu eta aldi berean polit-polita jokatzen dute. Haiek ere oso pozik zeuden. «Den-dena primeran atera da», adierazi zuen Lipusek Santa Barbara elkartean prest zeukaten afarira joan aurretik. «Herri antzerkiak hori du, berebiziko indarra», gaineratu zuen. Iñigo Aranbarrik, aldiz, ikuskizunean hainbeste osagarri izanik, arazoa erritmoan egon zitekeela uste zuen. «Uste erdiak ustel, ordea, erritmo bizi-bizia izan baita», esan zuen.

Benetan interesgarria da “Kastillako Dorreak”en abiapuntua. Aurkezleak (Txemi Apaolazak) orain dela hogei urte gertatu omen zenaren berri ematen du: gizon batek (Ander Lipusek) tiranoari, su excelenciari, tiro egin zion. Huts egin zuen, ordea. Atxilotu eta heriotza-zigorra agindu zion tiranoak, baina gero, horren ordez, betiko kartzela agindu zion. Orduan, Ameriketako Estatu Batuetako lehendakariak, Aita Santuak eta Gotzaien Biltzarreko buruak tiranoaren eskuzabaltasuna goraipatu zuten. Baina tiranoak zergatik barkatu zion bizitza? Benetan eskuzabal jokatu zuelako? Ez. Su excelenciak berak behin eta berriro argi uzten du: «Ez dut bere gorputza nahi; bere arima nahi dut; bere arima nirea da, nirea!»

Geroztik, magnizida ­«herriak tiranizida esaten du», ohartarazten du aurkezleak atxilotua izan aurretik­ ziega batean preso dago, baldintzarik gogorrenetan bakartua. Hogei urteotan zaindaria izan da ikusi duen pertsona bakarra; zaindaria eta hilean behin argazki bat ateratzen dion argazkilaria. Argazkien bidez tiranoak presoaren erotze prozesuaren jarraipena egiten du.

Baina kartzela beteegia dago ­«beti daude beteegiak kartzelak»­, eta zuzendariak Lipusen ziegan beste preso bat sartu behar izan du (Iñigo Aranbarri). Horrekin, bizitzeko pizgarri berriak aurkituko ditu preso beteranoak. Esplikatuko dio espetxeko dorre altuek ez dutela zerikusirik segurtasunarekin, espetxeek gizartean duten garrantziarekin baizik. Izan ere, lehen banketxeak ziren eraikinik handienak, eta lehenago, katedralak; orain, berriz, espetxeak dira, eta berandu baino lehen, eroetxeak izango dira garrantzitsuenak. Hain justu, horregatik egin zion tiro tiranoari, eroetxeak inoiz ez daitezela nagusi izan.

Iñigoren konplizitatearekin, fantasiaren bitartez kartzelatik ihes egiten saiatuko da Lipus. Langintza horretan, ziegako hormaz beste aldean, bideo bati esker, Kantuz eta Ozenki abesbatzak izango ditu laguntzaile, eta Iturengo zanpantzarra, eta Maider Ansa “Mendian gora” kantatzen. Oholtzan, berriz, Roberto Yaben gitarristaren musika eragingarria, eta Txaro Untzillak zuzentzen duen dantza garaikideko taldea, eta Maider Ansa berriro, oraingoan zuzenean, “Baldorba” kantatzen. Aipamen berezia merezi dute Ander Lipusek gauero-gauero itxoiten duen ijito kantariak (Nuria Barbak) eta Azeridantzak.

Oraingoz, Hernanin

Beraz, 60 minutuko ikuskizun bizi-bizia. Biteri kultur etxean gaur jokatuko da berriro, eta gero maiatzaren 2, 3 eta 4an. Ia sarrera guztiak salduta daude, oraindik bakarren bat geratzen omen den arren.

Eta ez ote dago Hernanin bertan edo Hernanitik kanpo emanaldi gehiago egiteko aukerarik? Lipus bera merezi duelakoan dago. Alabaina, ez da erraza. «Ez da erraza batez ere muntaia handia delako ­ohartarazi dute antolatzaileek­, baina guk ere merezi duela uste dugu, eta eskaerak badaude, ahaleginak egiteko prest gaude». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Zaindariak behar bezala omentzeko eguna bertan da
Euskal Herria
Voces por la solución desde Gernika
Euskal Herria
Lakua presenta un catálogo de iniciativas para la convivencia
Ekonomia
Sanz atribuye a «CCOO, ELA y LAB» y a «la mano negra abertzale» la situación de VW
Mundua
La Comisión de Verificación confirma que el IRA ha reducido su capacidad militar
Mundua
La guerrilla maoísta decreta un alto el fuego en Nepal
Kirolak
El Barcelona hizo bueno el marcador de la ida y se medirá al Arsenal en la final
Euskal Herria
Procesados constatan el «desgaste físico y síquico» del sumario 18/98
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea