Deslokalizazioa, azpikontratazioa, lan istripuak eta behin-behinekotasunaren aurka arituko da Gelditu
·Prekarietatearen aurkako Donostiako plataformak Duinaren taula programatikoa bere egin du
DONOSTIA
Geldituk, prekarietatearen aurkako Donostiako plataformak, prentsaurrekoa eman zuen duela egun gutxi hainbat eragileri egindako proposamenaren berri emateko. Bildutako sindikatuen, plataformen eta gazte mugimenduen aldetik harrera ona izan zutela azaldu ondoren, Geldituko lagunek lan arloan gertatzen diren lau arazoei garrantzi berezia emango dietela aurreratu zuten. Hain zuzen ere, datozen hilabeteetan deslokalizazioaren, azpikontratazioaren, behin-behinekotasunaren eta lan istripuen aurkako borroka bultzatuko dutela esan zuten.
Donostiako plataformako kideek jakinarazi bezala, beren proposamena Duina koordinadoraren taula programatikoan oinarritzen da. Horrela gauzak, prekarietateak «aurpegi desberdinak» dituela aitortu eta modu desberdinetan islatzen dela aipatu zuten: lan duinik ez izatea, etxebizitzaren eskuragarritasun eza, bizitza duin bat aurrera ateratzeko diru sarrera minimorik ez izatea, besteren artean. «Hainbestetan saldu diguten Ongizatearen Estatua jendarte eredu prekarizatu bat bilakatu zen aspaldi, eta gure bizitzaren arlo guztietara zabaltzen den elementu bilakatu dute», esplikatu zuten.
Gazteak, emakumeak eta etorkinak prekarietate egoeran bizitzera «kondenatuta» daudela berretsi zuten, baita kolektibo horiei prekarietatearen eta langabeziaren arteko aukera soilik eskaintzen zaiela nabarmendu ere.
Bestalde, Geldituk mobilizazioak antolatu ditu hurrengo egunetarako. Bihar, osasun laboralaren eguna dela-eta, elkarretaratzea egingo du Donostiako bulebarrean, 19.30ean, “Prekarietateak hiltzen du, patronala errudun” leloarekin. Maiatzaren 1ean, manifestaziora deitu du 19.00etan. Bulebarretik irtengo da, “Langileen borrokaz, lan baldintza duinak eraiki” leloarekin.
|