Agur eta ohore, Jokin. Hainbeste maitatu duzun Euskal Herri honek beso zabalik jasoko zaitu eta beraz, har ezazu merezi duzun atsedena. Itsasoa zein mendia zure errautsak jasotzeko prest dauzkazu. Desiratzen eta irrikan, esango nuke, noiz besarkatuko zaituzten zain. Batu zaitez naturarekin eta gozatu herri honen etsai amorratuak lapurtzen saiatu zaizkizun askatasun printzak. Jokin, herriaren alde bizitza eman duzu. Beti egon zara prest Euskal Herriaren alde lana egiteko. Gaztetatik ETAko militantea, frankismo garaian egoera latzak bizitutakoa. Ondoren urte askotan Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea eta azken urte hauetan, gaixotasun guztien gainetik, euskal iheslarien zerbitzura. Ez duzu ezer gorde zuretzat. Izan duzun guztia, modu batera edo bestera eman duzu. Eskerrik beroenak, Jokin.
Urte askotan ezagutu zaitut Mahai Nazionalean eta beti miretsi dut zure lan isila eta iraunkorra. Dirurik gabeko mugimendu politiko bateko diruzaina izatea ez da erraza gero, eta zuk urte askotan bete zenuen eginkizun hori. Sarrerak urriak eta gastuak gehiegi, baina zegoena txintik esan gabe kudeatzen zenuen. Inoiz ez genuen ezintasunik nabaritzen zugan. Egoera larrienetan ere baikor ikusten zintugun. Ziur zeunden nonbai- tetik irtengo ginela eta hala gertatzen zen, beti aurkitzen genuen konponbideren bat. Espainiako Estatuak dozenaka milioi lapurtu edo Gasteizko parlamentuan zor zigutena guri ukatu eta beste alderdi «demokraten» artean banatu arren, aurrera jotzeko bideak aurkitzen genituen, besteak beste, zure saiakerari esker.
Ez zinen mitinlaria ez eta hitz jario handiko pertsona baina ideiak oso argi zenituen eta ederki helarazten zenizkigun. Analisi pausatuak egiten zenituen, prisarik gabe baina aldi berean gelditu gabe urrats berriak egin behar genituela esatea gustatzen zitzaizun. Telesforo Monzonen lagun mina bezala, askotan errepikatzen zenuen: irabazten ari gara. Eta zure baikortasuna transmititzen zenigun.
Jakin badakit, Jokin, omenaldirik onena garaipena dela, urratsez urrats lortuko dugun garaipena. Eta bide horretan esperantza berriak bizi ditugun unean utzi iezadazu zuri eta beste milaka gudarien lan isila goraipatu eta txalotzen. Zuei esker heldu gara egoera honetara. Zu bezalako pertsonen aurrean indar izugarria hartzen du hainbestetan errepikatu arren hain argigarria den: Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Egungo esperantza urte askotako lan isil eta gogorraren fruitua da. Jokin, urte luzeetan erein duzun hazia bere emaitza ematen ari da. Zuk utzi gaituzu baina zure arnasak eta itxaropenak gure artean dirau. Guk jarraituko dugu ahal duguna aportatzen eta ondorengoek emanen dituzte pauso berriak. Ttipi-ttapa eta gelditu gabe Euskal Herri berri eta askatua eraikitzen.
Askotan entzuten dugu gure auzo eta herrietako manifestazio edo herri ekitaldietan: «borroka da bide bakarra». Egia borobila bere osotasunean ulertuz gero, borroka hitza eskubide indibidual eta kolektiboen defentsan egiten den lana bezala hartuz, alegia. Histo- riak oso argi uzten baititu inoiz eta inon estatu zapaltzaileek eta langileen kontura aberasten diren burgesek ez dutela ezer erregalatu askatasunaren bidean. Egin diren aurrera urratsak beti borroka eta eguneroko lanari esker lortuak direla eta, beraz, gure herrian ere hau dugula jarraitu beharreko bidea. Horren eredu garbienetariko bat izan zara, Jokin. Sinisten zenuen herri honen gaitasunean eta inteligentzian eta ziur zeunden askatasuna lortuko zuela. Ez duzu ametsa beterik ikusi, baina udaberriko eguzki printza pizgarriak ikusi ondoren, agurtu gaituzu. Ongi irabazitako esperantza izpia, alajaina!
18/98 epaiketako biktima zara. Ez lehena eta zoritxarrez ez bakarra baina biktima zuzena. Nork ukatuko du epaiketa fantasma horrek oso eragin zuzena izan duela azken infartoan eta ondoren etorri zaizun heriotzan? Mundu guztiaren aurrean lotsagarria den epaiketa hori izan da abertzale koherentea izateagatik jasan izan behar duzun azken zigorra. Frankismo garaiko epaile faxistak ezagutu zenituen Burgosen, baina ondoren ere makina bat fiskal zein epaile antidemokraten aurretik pasatzera behartu zaituzte. Etsai gogor eta arriskutsutzat jotzen zaituzte dirudienez. Zentzugabeko epaiketa politiko horrek eman dizu azken ziztada. Egon lasai, Jokin, epaiketa hau beste asko bezala beraien aurka itzuliko da, zure lagunen erantzun tinko eta irmoari esker. Bejondeizuela besarkadarik beroena!
Har ezazu merezitako atsedena. -