Bokaleko gasolina findegia lekuz aldatzeko eskatu dute
Zipadour-ek, ehun eta berrogei bat lagun biltzen dituen Bokaleko portuko herritarren elkarteak, Raffineri du Midi gasolina findegiak auzokideentzat «epe laburrean» kalte handiak ekar ditzakeela jakinarazi zuen atzo, eta horregatik enpresa lekualdatzeko eskatu zuen. Gainera, botere publikoak engaiatzeko eskatu zuen.
BOKALE
35.000 metro kubiko gasolinaz osaturiko lau kubo handi ditu Bokaleko Rafinerie du Midi lantegiak. Etxebizitzetatik gertu dago, eta Zipadour elkartean bilduak diren bertako herritarrek lantegi horren kokaguneak adierazten duen arriskua nabarmendu zuten atzo. Lekuz alda dezatela eskatu zuten. Lantegiak, izan ere, hamar bat langile ditu, eta 1951n jarri zuten bertan.Michel Giraud Bokaleko portuan bilduak zeuden hogei bat herritarren bozeramaileak honakoa azaldu zuen: «Gasolina lantegi hori Seveso deituriko gunean dago, hau da, legez zona arriskutsutzat jotzen dela adierazten du hitz horrek. Alta, mila bat lagun bizi dira lantegitik gertu». Azken urteotan horrelako enpresetan gertaturiko leherketak kontuan harturik, enpresa mota hauek «epe laburrean» arazo larriak eragin ditzaketela adierazi zuten. «DRIREn (Estatu frantsesean segurtasun neurriak finkatzen dituen egitura) arabera, istripuen %95 jendeak eraginda- koak dira. Lantegi honetan, segurtasun neurriak ez dira behar bezala errespetatzen, eta, 35.000 metro kubiko horiek lehertzen badira, kalteak izugarriak izango dira», gehitu zuen. Bokaleraino ez ezik, kalteak Baionaraino eta Angeluraino iristen ahal direla argitu zuen.
Botere publikoen ardura
Giraudek gogorarazi zuen azken urteotan etengabe arazo horri buruzko deialdiak zabaldu zituztela. «Joan den urtarrilaren 17an, bilkura publikoa egin genuen. Industria arduradun eta botere publikoei gonbita egin genien eta hainbat aholku eman. Ez ziren bilkuran agertu, eta geroztik ez dugu haien berririk izan ere».Atzoko ekimena, beraz, botere publikoei, berriz ere, kezka helarazteko egin zuten. «2003an onarturiko Bachelot deituriko legeak gune arriskutsuetako inguruan segurtasun perimetroak finkatzen ditu. Rafinerie du Midi lantegiaren ondoan etxebizitzak daude. Ikusiz alderdi horretan lurraren eta etxebizitzaren egoera zertan den, 200 familia tokiz aldatzeak sekulako kostua izanen luke. Aldiz, Tarnoseko industria eremuan lantegi bat egoteko gune aproposa dago», argitu zuten, eta Raffinerie du Midi bertan jartzeko eskatu. Horrekin batera, lantegiaren geroa hausnartzeko herritarrak, hautetsiak eta enpresaburuak elkartuko dituen bilgune bat sortzeko eskatu zuten.
|