COLOMBO
Sri Lankako Armadak Trincomalee tamil barrutiari erasotzeari berrekin zion atzo goizaldean. Bezperan egin zuten bezala, Mig-27 hegazkinek misilak jaurti zituzten tamilen portu garrantzitsuaren aurka. Azken erasoaldian, itsasotik ere misilak jaurti ditu Armadak.«Gaueko etenaldiaren ondoren goisentiarekin eraso gehiago egin diote hiriari», azaldu du polizia arduradun batek.
Tamilek Interneten bidez salatu dutenez (tamilnet.com), gutxienez hamabi hildako eragin ditu erasoaldiak zibilen artean.
Sampurreko ospitalea zaurituez gainezka dagoela-eta, larriago daudenak eskualdetik atera eta beste ospitaleetara eramateko Gurutze Gorriaren saioa egotzi dute soldaduek.
Mutur eskualdeko 15.000 herritarrek erasoetatik ihes egin dute eta Tamil Rehabilitation Organization GKEak laguntza eskatu dio Gurutze Gorriari babes-lekuak atontzeko.
Erasoaldi horrekin bere komandanteburuaren aurkako atentatu-suizidaren mendekua hartu du Sri Lankako Armadak.
Sarath Fonseka larri zauritu eta hamar hildako eragin zuen eraso-suizidarekin inolako zerikusirik ez duela ziurtatu dute Tamil Herriaren Askatasunerako Tigreek (LTTE).
Gerrillaren kontraerasoa
Hala eta guztiz ere, mendekua zer den ere badaki gerrillak, eta kontraerasoari ekin dio, Sri Lankako Armadaren itsasontzien eta posizioen aurka. Colomboko Gobernuak ziurtatu duenez, hiru zibil hil dira eraso horietan.Hala ere, Trincomaleen LTTE gerrillaren buruzagi politiko S.Elilan-ek honakoa ohartarazi du: «Gertu gaude, gure lidergoaren aginduen zain, izugarrizko indarra izango duen erantzuna emateko». “Sinhala Daily” Sri Lankako egunkaririk irakurrienaren zuzendariorde Thushara Gunaratnek argi du gerrillaren eraso handi baten atarian gaudela.
Sri Lankako Gobernua eta Armada bat datoz, atentatu-suizidaren ostean aukera bakarra erasotzea zela justifikatzeko orduan. «Zerbait egin behar genuen (...) tigreek egin digutena inolaz ere ezin dugula onartu argi gera zedin», esan du Vipul Boteju erretiroan den jeneralak. Hala ere, eta gerrillaren mendekuaren esperoan, argi du Botejuk «ondoren, bi aldeak prest agertuko direla Genevan hitz egiteko». Norvegiako Gobernuaren bitartekotzarekin, Gobernuak eta gerrillak hitzordua zuten Europako hiri horretan hil honetan bertan, baina bi alditan atzeratu dute hitzordua. Sri Lankako Hegazkintzako zuzendari ohi Harry Gunatillakek bat egiten du iritzi horrekin, eta bere ustez, elkarrizketari begira indarra erakustea izan da tigreek atentatu-suizidarekin egin nahi izan dutena. Arestian taktika bera erabili izan dutela gaineratu du.
Armadak tamilak erasotzeari ekiten dion artean, Sri Lankako Gobernuak «bake prozesuarekin konpromisoa berretsi du». Gauza bera esan du gerrillak. Hitzek eta ekintzek kontrako bideak hartu dituzte, ostera.