Anguloren heriotzan ez zela irregulartasunik izan esan dute
Espetxe Inspekzioak osatutako txosten bati erreferentzia eginez, Gobernu espainolak adierazi du Igor Angulo preso politikoaren heriotzan ez zela Cuencako kartzelako arduradunen «inolako irregulartasunik» gertatu. Txosten hori izapide administratibo baten ondorio da; izan ere, zigor-ikerketak aurrera jarraitzen baitu sendiaren eskariz.
DONOSTIA
Igor Angulo santurtziarra joan den otsailaren 27an aurkitu zuten hilik Cuencako espetxeko ziegan, urkatuta. Agintari espainolek segituan plazaratu zuten bere buruaz beste egin zuela; alabaina, haren sendiak zalantzan jarri zuen bertsio hori, hainbat datu kontuan hartuta. Batetik, Anguloren bizitzeko ilusioa, eta, bestetik, heriotzaren ostean gertatu eta agente judizialek osatu aktan jasotako hainbat kontu: epailea ziegara iritsitakoan gorpua litera batean egotea eta ez leihotik zintzilik; eskumuturrekoak egiteko lokarriak edukitzeko baimenik ez izatea eta, halere, halako batekin urkatuta egotea; ziegaren egoeraz aipamenik ez egitea (aulkirik ba ote zegoen inguruan, leihoa zein alturatara...);ziega ez zigilatu izana;autopsia ohi baino luzeagoa izatea...Azken datu horien larritasuna nabarmendu zuten orduan bai senitartekoek baita ezker abertzaleak ere. Orain, EAk egindako galdera bati erantzunez, Cuencako kartzelako arduradunek ez zutela «inolako irregulartasunik» egin plazaratu du Gobernu espainolak, Espetxe Inspekzioak egindako txosten bati erreferentzia eginez. Horren gainean galdetuta, Angulo sendiaren abokatu Iñaki Goioagak ez duela ezer esatekorik esan zion atzo GARAri. «Izapide administratibo hutsa baino ez da hori. Guk zigor-izapide eta ikerketaren bideari eusten diogu; alegia, oraindik autopsiaren txosten osoa ez daukagu eta hori eskatzen dugu, frogak eskatzen ditugu, agerraldiak... Beste izapide hori zer den ere ez dakigu, inork ez baitigu ezer esan eta ez baikara parte», agertu zuen.
|