Gaztetxe martxa
Husteko arriskua hizpide Andoain eta Zarautz bidean
·Guardia Zibilarekin topatu ziren bigarrenez eta hainbat lagun identifikatu zituzten
Andoaindik abiatu zen atzo Gaztetxe Martxa. Euren aurkako erasoak eta husteko arriskua ahotan hartuta ibili ziren. Martxa atseden hartzera zihoala, Guardia Zibilarekin egin zuen topo Orion, eta zeharbidea hartu zuen. Hala ere, Zarautzen zain zeuden hainbat gazte identifikatu zituzten. Gaur Arrasate bidean jarriko da.
DONOSTIA
Tipi-tapa aurrera doa Gaztetxe Martxa. Aurreko egunean Tolosaldean barrena ibili ostean, atzo, besteren artean, Hernaniri, Astigarrari eta Donostiari egokitu zitzaien autogestioaren aldeko oihuri harrera egitea. Gipuzkoako hiriburura iristean, Loiolako gaztetxean egin zuen lehen geldialdia martxak. Argazki proiekzioa egin zuten loiolatarrek; eta urdaila betetzeko, berriz, lunch-a.Intxaurrondora bidean jarri ziren ondoren. Bi auzoak bereizten dituen tartean Ametsenea gaztetxea zegoen eremuaren paretik igaro zen Gaztetxe Martxa. Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, oro har, gaztetxe ugarik bizi duen egoeraz mintzatu ziren. Hain justu, euren gaztetxea ere husteko arriskuan dagoela jakinarazi zuten bertako kideek, jakin bai baitakite, bertan eraikuntza proiektu bat dagoela. Bizikletan abiatu ziren ondoren erdigunera, baina bidean, Grosen, lokal bat okupatu zuten. Bulebarrean egin zuen hurrengo geldialdia Gaztetxe Martxak. Gaztetxe bat irudikatu nahi izan zuten eta kioskoa hautatu zuten horretarako. Behin irudikapena eginda, Zuloagako okupazioaz mintzatu ziren. Donostiatik Lasartera bidean, Añorgan geldialditxoa egin zuten, eta Musikherria proiektua ahotan hartu zuten. Lasartearrek parodia batekin hartu zuten martxa, eta trikiti doinuak ere ez ziren falta izan.
Guardia Zibila zain
Usurbil igarota, Orion Guardia Zibilarekin egin zuen topo martxak, eta zeharbide bat hartu behar izan zuen helmugara iristeko. Halere, Zarautzen bertan zain zeuden hainbat gazte identifikatu zituzten guardia zibilek. Kalejira egin eta afalostean eman zioten amaiera egunari.Gaur goizean goiz jaikita Zarauztik bertatik abiatuko da Arrasate bidean aurretik Zumaian, Zestoan, Azpeitian, Zumarragan, Urretxun, Legazpin eta Oñatin geldialdiak egingo baditu ere.
|