Floren Aoiz
Esker mila anitz!
Lehengoan Ana Bereziartuak Izaronewsen idatzitako artikulua irakurri nuen. Ezker abertzaleari buruzko idazkia zen, eta izenburua: “No os debemos nada, no os agradecemos nada”. EAJ eta EAko parlamentaria izan da Bereziartua, existitzen omen den Euskal Parlamentuan. Ni euskalduna naiz, eta emakume hori ez da inoiz ni ordezkatzen nauen inongo parlamentuko kide izan, euskal parlamenturik ez baitago; baina, to, emakume hori euskal parlamentaria izan da. Horrela dio, bederen. Zaila da harrokeriaren gailurrera horren lotsagabeki iristea, baina Bereziartuak lortzen du, ederki lortu ere. Haren ustetan, Euskal Herriak ez dio deus ere zor ezker abertzaleari. Trantsizioan okertu zen ezker abertzalea, eta geroztik horren ondorioak ordaintzen ari da euskal gizartea. Eraikuntza nazionala galarazi du ezker abertzaleak, eta Nafarroa urrundu du beste euskal lurraldeetatik. Kalteak, heriotza, zailtasunak, oztopoak, horiexek dira ezker abertzalearen aztarnak. Gaixo Bereziartua! Beste batzuk hilik, zauriturik, torturaturik, atzerriraturik eta orokorki jarraikiak izan diren bitartean, laket zegoen eserita existitzen ez den Euskal Parlamentuaren izena hartu duen erakundean! Gaixo Bereziartua! Hark asko sufritu baitu, politikariaren ur zikinetan igeri egiten zuelarik. Gaixo, UCD-BVEen eskuetatik PSOE-GALen eskuetara, itunez itun, salkeriaz salkeria! Beti estatuari begira, beti ezker abertzaleari erasoz. Gaixoak bera eta gure herriaren borrokari esker poltsikoak bete dituztenak! Haiek bero bero poltronetan, beste batzuk ziegetan zeuden bitartean! Aro berri baten aitzin baldin bagaude, ezker abertzaleari esker da. Euskal Herriaren etorkizunean aitortza eza, estatutillo zatitzailea eta foru hobekuntza kaxkarra baino hoberik baldin badago (eta, zorionez, badago), Jokin Gorostidi bezalako pertsonei esker da, borrokatzen aritu direnei zor diegu aukera hau, eta ez politikerian murgildurik egon direnei. Jokin Gorostidik ongi ordezkatzen du Euskal Herriaren aldeko apustu pertsonala. Politikari profesionalen eredutik urrun egon dira beti Jokin eta Itziar. Ez dira poltronazaleak izan, eta noizbait hautetsiak izan badira, borroka-esparrutzat hartu dute. Aski da Jokinen bizitzari eta beste batzuen ibilbideari erreparatzea ikusteko non dagoen duintasuna, eta non miseria. -
|