Hirurogeiko hamarkadan ezagutu nituen nik. Burgosko prozesuan elkarrekin egon ginen. Hogeita gutxi urteko gazteak ziren, baina Euskal Herriaren aldeko borrokan helduak («Gu gara Euskadiko gaztedi berria»).
Espainiako Estatuak, itxuraz behintzat, guztiz espainiarturik zeukan herriko seme-alabak ziren («Aita zer egin duzu? Erdaran hazi duzu zure semea!»). Egia esan, sasoi hobeak etortzeko itxaropena oraindik galdu barik zegoen, baina herritar gehienak amore emanda zeuden garaiak ziren («Aita kartzelan duzu, ama ezkutuan duzu. Egun batean etorri da gu biokin bizitzeko»).
Baina, zorionez, munduko herri zapalduetan sortu zen haize iraultzaile eta berrizalea gure herrira ere heldu zen. Eta gazte talde handi batek hartu zuen herriko gidaritza («Gazte gara, gazte, eta ez gaude konforme, mundu garbiago bat bizi nahi genuke»). Promozio pertsonalak, lanpostu entzutetsuak, poltsiko beroak bertan behera utzi («Gurasoen mundu aldebres hau ez dugu onartzen») eta euskal kultura, euskarazko hezkuntza, euskararen irakaskuntza, eta abar, Euskal Herriaren eraikuntza, beraz, burutzen jarri ziren («Hemen dela Espainia, han dela Frantzia, mugaren bi aldetan da Euskal Herria»).
Lan eskerga horretan mila oztopo aurkitu zuten, borroka irabazteko derrigorrez gainditu beharreko oztopoak, bestalde. Indar armatuek («obreros del orden») basatiki jazarri zituzten. Baina hori gauza normaltzat jotzen zuten, bos- tehun urtean zehar bederen antzera jokatu baitute. Horrez gain, «ardi larruz jantzitako otsoei» artaldean (herrian) nahi zutena egitea eragozteko, «otso larruz jantzitako ardiak» ahal zutena egiten saiatu ziren. Baina ardi larruz jantzitako otsoen aldekoek eskuartean zituzten baliabide guztiak erabili zituzten mundu guztiari jakinarazteko ardi larruz jantzitakoak otsoak barik ardiak zirela eta otso larruz jantzitakoak, berriz, ardiak barik otsoak zirela.
Baina ez zen hori bakarrik. Gerraren bidez eta milioika jende hilda herriak menderatu, desagerrarazi eta nagusitza lortu zuten otso haiek eta beren morroiek aldarrikatzen zuten gauzak konpontzeko bidea ekintza armatuaren bidea barik elkarrizketa zela. Otsoz jantzitako ardi haiek ondo zekitenez gauzak konpontzeko bidea elkarrizketa zela, elkarrizketarako egoera sortzen saiatu ziren, eta elkarrizketa maila berekoen artean baino izan ezin denez, herriaren hondatzaileen pareko indarra erakutsi behar zuten, seme-alabak gurasoekin (lauzpabost urteko seme edo alaba baten eta gurasoen artean inoiz ez baita egon benetako elkarrizketarik) eta langileek ugazabarekin (lanuzteak, grebak) egiten duten an- tzera. Beraz, gazte haiek argi zeukatenez indarrik ez bazeukaten ez zutela inoiz elkarrizketa izaterik lortuko, otso etsaiak elkarrizketara erakartzeko beste indar zeukatela erakutsi behar zuten eta elkarrizketarik ezak euren interesei mesede baino kalte gehiago egiten ziela konturarazi.
Gainera, euren buruak ezkerrekotzat zituztenek ere, herri eskubideen alde bizitza osoa ematen ari zirenei esaten zieten arazo horien alde lan egin eta borrokatzea «burges txikien» zeregina zela. Aurrelari izateko, burges txikien ideiak alde batera utzi eta abertzale barik, internazionalista izan behar zela. Eta ezkertiar sasi-aurrelari horien aurrean ere frogatu beharra izan zuten eskubideen (herri eskubideen) aldeko borrokan ari zirela eta eskubideen alde borrokatzea ez dela burges txikien arazoa, demokratena baino. Eta frogatu behar izan zuten munduan animalia edo landare espezie bat galtzen denean bizia pobretu egiten den moduan, herri bat edota hizkuntza bat desagertzen edo desagerrarazten denean kalte bera edo handiagoa egiten zaiola biziari, eta internazionalismoa pobretu egiten dela. Beraz, Itziar eta Jokin eta borroka berean zebiltzan gainerakoak, galtzeko arriskuan dauden espezieen alde egiten denean gertatzen den antzera, internazionalismoa aberasten ari zirela.
Itziar eta Jokin herri eskubideen aldeko borrokan gogor eta luzaroan aritzeaz gain, gaurko gure gizartean bizi-bizirik dagoen beste eskubide bat, emakumeek berdintasunerako duten eskubidea hain zuzen, bultzatzeko eginkizunean ere aitzindari izan dira, Itziarrek jendaurrean protagonismoa izatea onartu ez ezik Jokinek laguntza eman eta bultzatu duelako.
Hainbat arrazoi zegoen borroka eta lan mota hori (aberriaren aldeko lana), lan arriskutsua, sosik ematen ez zuena eta boteretsuek eta euren morroiek gaizki ikusia, bertan behera utzi eta ganorazko lan bati eusteko; baina Jokinek eta Itziarrek benetan sinesten zuten «ez da bakerik hemen izango Euskal Herria bere buruaren jabe izaten ez den bitartean» eta benetako bakearen aldeko borrokari eutsi zioten.
Berrogei urte mantendu dira borroka berean; bai- na, zoritxarrez, gaztetako amets hura errealitate bi-hurtzear dagoenean, Euskal Herriaren burujabetza esku artean kasik daukagunean, Jokinek ihes egin digu.
Orain guk, hemen geratzen garenok, gure esku dagoen guztia egin behar dugu Jokinek, Itziarrek eta gazte talde hark berrogei urtean zehar, guztia emanik, ia-ia errealitate bihurturik utzi diguten amets eder hura eskuartetik ihes egiten utzi barik errealitate bihurtzeko, orain geure esku baitago neurri handi batean haien ametsa azkenez gauzaturik ikustea.
Agur, Jokin, eta ohore eta mila esker, Itziar eta Jokin! -