Txantreako jaiak
Herriko plazak gainezka egin zuen jaien hasieran
·Auzoko bi iheslari ohik jaurti zuten suziria herriko gazteen baimenarekin
Iruñeko Txantrea auzoko jaien suziria ezustekoz betea izan zen, bai jaurtitzaileen izenak azken-azken unera arte ez zituztelako jakinarazi, baita espero gabeko pertsona oso ezagun batek ekarpen estimagarria egin zuelako ere. Hotzari aurre egin, eta Txantrea plazak gainezka egin zuen, hala ere.
IRUÑEA
Sanduzelaiko jaiek udako festa denboraldiari hasiera eman ostean, Nafarroako hiriburuko Txantrea auzoak hartu dio lekukoa, atzo arratsaldean bota baitzuten jaien hasiera iragartzen zuen suziria. Hitzordua zortzietarako jarria bazegoen ere, ezinegona nabaria izan zen batez ere auzoko gazteengan, zazpietarako lasterraldi, irri eta algarez gainezka baitzegoen Txantrea plaza. Apurka-apurka bada ere, giroa berotzen joan zen buruhandi eta erraldoiak, alde batetik, eta dantzariak, bestetik, agertzen hasi ahala. Festetako literatur eta marrazki lehiaketen irabazleen izenak jakinarazi ondotik, maizterren txanda izan zen. Horiek hiruzpalau dantza eder eta alai egin zizkieten bai plazan bildutako guztiei, baita, lekua hartu ezinik, bertatik kanpo geratu behar izan zutenei ere. Aurten, jai batzordeak auzoko gazteengan utzi zuen suziria jaurtitzeko ohorea; haien proiektu autogestionatuarekin «auzoaren eta auzokideen alde egiten ari diren lanarengatik», jaien aurkezle lanetan ari zenak nabarmendu zuenez.
Txupinero bereziak
Inork ere espero ez zuena, baina, horiek txupinari su ematearen betebeharra beste norbaiten esku uztea zen. Bi ordez- karik gazteei egiten dieten «zapalketa» salatu zuten, eta aurten gaztetxerik ez egoteak «aurrerago ez dela egongo» ez duela esan nahi gogorarazi zuten, auzokideei «askatasunez beteriko jaiak ospatzeko esan eta txanda Federi eta Loli Garciari eman aurretik. Bi horiek ia hogeita bost urtez egon dira erbestean errefuxiatuta, eta duela hiru hilabete itzuli dira auzora. Alabaina, ezustekoak ez ziren horretan geratu, eta plazan bertan zegoela aprobetxatuz, Andoni Egaña bertsolaria igoarazi zuten suziria bota behar zuten balkoira. Handik, auzoko zapia lepoan zuela, hiru bertso bota zituen, eta gero, suziri bat pizteko aukera eman zioten. Azkenik, ohitura duten moduan, auzotarrek euskal preso politikoen aldeko kalejira egin zuten Ezkaba plazaraino, eta bertan, egoera horretan dauden auzoko 15 bizilagunak gogoratu eta topa egin zuten.
«Jaiak. La fiesta en la calle»
Auzoko jaien hasiera aprobetxatuz, asteazkenean Josu Santesteban Txantreako bizilagunaren “Jaiak. La fiesta en la calle” liburua aurkeztu zuten. Auzoko festen inguruko argazki bilduma bat osatu du, baina adierazi zuenez, ez da festa nagusietako bilduma soilik, baizik eta «urtean ospatzen diren festa nagusietakoa: inauteriak, Eguberriak, Santa Ageda edo Agate deuna eta Txantreako jaietakoak», besteren artean. Argazki horietan batez ere giroa bildu nahi izan duela adierazi zigun egileak, «herri honetan beti nabarmena izan baita herritarren parte-hartzea». «Ospatzen den edozein ekitalditan jendearen harrera beti oso ona izan da», gehitu zuen. Zazpi edo zortzi urtez egindako argazkiez osaturiko liburuak batez ere Txantreako kultura islatu nahi izan du. Hasieran, auzoko baratzeen inguruko bilduma egitea izan zen Santestebanen asmoa, baina festen gaineko lana egiteko aukera ikusirik, horretan hasi zen buru-belarri: «Une batean, kristoren artxiboa nuela ikusi eta kaleratu nahi nuela ohartu nintzen, etxean gelditu gabe jendeak ikus dezan». Liburuak ehundik gora argazki biltzen ditu, baina, hala ere, «lan gogorra» izan dela adierazi zuen egileak, gaietako bakoitzean aukera egin behar baita. Berezitasun batengatik galdetuta, ez zuen batere zalantzarik izan, eta «herri giroa» nabarmendu zuen: «Txantrean landa kutsua nabari da, Iruñeko gainerako auzoetan sortzen ez den beste giro bat, eta argazkiek ere hori jasotzen dute».
|