PRAGA
Taldeak bere maila eman ezin izan zuen arren, jokalari bikainez gain, jarraitzaileak ere primerakoak ditu Baskoniak eta eurak izan ziren atzo lekzioa eman zutenak. Kantxan sekulako astindua jaso eta zenbakiz askoz gutxiago izan arren, taldeari sustengua emateko indarrak atera zituzten eta Maccabiko zaleek ere txaloz agurtu zituzten, partida amaituta ere taldea animatu zutelako.
Goizean goizetik, Pragako kale turistikoenak, giden aterkiez eta saskibaloi zaleen bufandez bete ziren. Lehian lau talde ziren arren, hiru kolore ziren nagusi;alde zaharra horiz bete zuten 9.000 Maccabi zaleena eta Baskonia, CSKA eta Barcelonaren urdin-gorriak. Azken hauen artean, ezbairik gabe, zaratasuenak euskaldunak izan ziren, Txekiar Errepublikako garagardo on eta merkeak lagunduta, judutarrei aurre egitera ausartu zirenak.
Gainera, atzokoa kalendarioz ere egun handia zen San Prudentzio, eta santuaren esaerari jarraiki, euriak ere ez zuen hutsik egin. Barraskilo eta perretxikoak azkenean uste baino urriagoak izan ziren baina danborradako jantziak soinean zituztela hainbat lagun inguratu zen euren taldea animatzera. Berandu, baina fanfarre eta erraldoiak ere heldu ziren San Wenceslao plazara.
Palestinako bandera batek ikamikaren bat bat ekarri bazuen ere, giro ona izan zen ordulari astronomiko ezagunaren inguruko kaleetan. Kantxara sartzerakoan segurtasun neurriakuste baino txikiagoak izan ziren eta ez zen Gasteizen orain urte batzuk egon zen zentsuraren arrastorik izan.