Biarritzek eta Avironek, puntuak eta ohorea jokoan
·Zuri-urdinek etxekoek baino askoz ere premiazkoago dute gaurko garaipena
BAIONA
Biarritzek eta Avironek garrantzi handiko derbia jokatuko dute gaur Agilera estadioan. Hiriburukoek, ordea, etxekoek baino askoz ere puntu premia handiagoa dute, sailkapenean amildegiaren atarian baitaude zuri-urdinak.Bi taldeentzat da hau denboraldiko partidarik garrantzitsuetenetakoa. Ez jokoan dituzten puntuengatik bakarrik, baita ohorearengatik ere. Iazko denboraldiaren amaieran, esaterako, biarriztar askok esaten zuten, aurten Liga, Europako Kopa eta derbia irabazi behar zituztela. Bi taldeen arteko lehia handia da, eta partida hauek oso bereziak dira. Joaneko neurketa Avironek irabazi zuen, eta gaur Biarritzek ez du barkatu nahiko. Zuri-gorriek matematikoki finalerdietarako txartela eskurauta ez badute ere, oso gertu dute. Avironek aldiz, bazirudien mailari eusteko bidea ongi zeramala, baina azkeneko hilabete honetan izan duen beheraldiak, eta gainerakoen erreakzioak, maila galtzeko postutik hiru puntutara jarri dute. Hemendik aitzinera geratzen zaien egutegia, gainera, ez da lasai egoteko modukoa. Egia da Biarritzen aste honetan Europako Kopako finalaz derbiaz baino gehiago hitz egin dela, baina inork ez dezala pentsa gaur zuri-gorriak lasai zelairatuko direnik, Baionan galtzeak min egin zien, eta ordukoa zaleen aurrean konpondu nahiko dute. Iaz, gainera, Agileran zuri-urdinek irabazi egin zuten, eta aurten berriro gauza bera gertatuko balitz, hiriburukoen aurkako Liga berezi hori galdu egingo lukete, eta hori ez dute nahi.
Aviron, baja askorekin
Gaurko partidarako, Avironek baja asko izango ditu, eta hori da zuri-urdinen kezka nagusia. Entrenatzaileetako bat ere aldatu dute, eta garbi geratzen da gauzak okertu egin direla Lapurdiko hiriburuan.Iñigo, Siro, Fromont, Lhande, Mclaren, Cleda, Combes eta Van Schalakwyk ez dira gaur jokatzeko moduan izango, eta horrek hamabostekoan aldaketak eragingo ditu. Gehienak ohikoak dira hamabostekoan, baina euren ordez zelairatuko diren jokalariek ere euren maila erakusteko aukera paregabea dute. Biarritzen, berriz, berriak alderantzizkoak dira, jokalari batzuk osatu egin baitira. Lievremont kapitaina berriro ere hamabostekora itzuliko da. Ia hilabete eman du geldirik, Anoetan hartu baitzuen min Saleren aurka. Hasieran egun gutxi batzuetako kontua zirudien, baina azkenean asko luzatu da. Zorionez, berriro ere hamabostekoan izango da. Augusten parte hartzea ere zalantzan dago. Pasa den larunbatean kolpe handi samarra hartu zuen, eta ezin izan du gainerako taldekideen erritmoan entrenatu astean zehar. Baina dirudienez, azken orduko ezusterik ez bada behintzat, hamabostekoan izango da. Hori bai, derbi guztiak jokatzen diren egunetan bezalaxe, gaurkoan ere festa giroa izango da nagusi. Goizean goizetik hasiko dira festan, eta gaueko ordu txikiak arte jarraituko dute. Festak hasiera Biarritzen izango du, eta unerik beroenetakoa partida hasi aurretik izango da. Baina amaiera non izango duen, neurketaren ostean jakingo da, zeinek irabazten duen, herri hartan jarraituko duelako jai giroak.
Agilera estadioko harmailak txikiegi geratuko dira
BAIONA Partida azkenean Agileran jokatuko da. Biarritzen estadioa berritzen ari dira, eta une honetan 7.000 ikusle bakarrik sartzen dira, baina azkenean han jokatzea erabaki du Biarritzek. Garbi dago gaurko derbia Anoetara ekarri izan balute erabat beteko litzatekeela, baina Frantziako Federazioak ez du horretarako baimenik ematen. Beste aukera Akize zen, orain dela bi aste Tolosaren aurka egin zen bezalaxe, baina Biarritzek ez du Euskal Herritik kanpora eraman nahi izan euskal derbia, eta azkenean Biarritzen bertan jokatuko da. Zuri-gorriek, gainera, babes osoa izango dute harmailetan, 600 sarrera besterik ez baitizkiete eman baionarrei. Gaurkoan jarraitzaile zuri-urdinak gutxiengoa izango dira. Partida, ordea, Frantziako Canal + telebista kateak eskainiko du, eta neurketa zelaitik ikusi ezin dutenek, telebistatik zuzenean jarraitu ahal izango dute.
|