Begiak eta belarriak erne daramatzan bidaiariak, herri berrien ezagutza fisikoaz gain, bertakoen izateko eta pentsatzeko moduaz jabetzeko aukerak izaten ditu. Katalunian esfortzu hori egin duen edonork badaki Euskal Herria eta euskal herritarrak altxor txiki bat garela beraientzat, zaindu beharreko eredua eta lagundu beharreko herria. Izatez, behin baino gehiagotan beren buruaz baino gutaz ez ote diren gehiago larritzen pentsatu izan dut. Ispilutzat hartzen gaituzte, beren eskubideen lorpenak gure borrokarekin lokarri ikusezina baino errealago bat izango balu bezala. Elkarbanaturiko patua bailitzan. Zoritxarrez, estatutu berriaren diskusio antzu honekin hautsi da patu eta ibilbide komuna. Herenegun arte.
Esquerra Republicana de Catalunya alderdiak ezezkoa erabaki du. Ondo diot. Alderdiak erabaki du. Behetik gorako prozesu eredugarrian. Halere, erabaki horrek eragiten didan poza ez datza alderdien barne demokrazia indartzean, prozesu honen guztian hasieran egindako akats barkaezin bat zuzentzean baizik.
Kataluniako mapa politikoa aztertuta, Esquerra da ordezkaritza instituzionala eta planteamendu independentistak jorratzen dituen alderdi bakarra. Bestela esanda, Kataluniak, Euskal Herriak bezala, Espainia eta Frantziarekin bizi duen gatazka politikoaren irtenbidearen aldeko presio tresna konstantea izan behar du Esquerrak. Eskuduntzen eztabaidaz gain, lehenik konpondu beharreko gatazka politikoa jarri behar du beti Esquerrak mahaiaren gainean. Berak egin ezean ez baitu beste inork egiten.
Hauxe da, hain zuzen, hainbeste kataluniar abertzalek Euskal Herria eredugarritzat hartzeko arrazoia. Hemengo alderdi abertzaleak, modu eta intentsitate desberdinetan, arazo politikoa konpontzeko esfortzu eta negoziaketetan ari dira. Arazoa osotasunean: erabakitzeko eskubidea barne. Kataluniako alderdiek ez dute marko berriaren eztabaida termino horietan planteatu. Lasaitu ederra hartu du Zapaterok kataluniarren estatutua autogobernurako tresnatzat planteatu diotenean.
Esquerraren ardura ukaezina da. Gobernuko alderdia izanik, bere ardurapean zegoen prozesu honetan konpondu beharreko arazoak aurkeztea. Horretarako eman zioten boza milaka eta milaka kataluniarrek. Azken egunetan erabakitako ezezkoaren bidez, estatutu honetatik kanpo geratuko da, eta ezarriko den marko berri horren aurka ariko den aukera politikoa izango da. Hori behar du izan Esquerraren funtzioak. Markoa kritikatu, aldatu eta Kataluniak dituen ukazio eta zapalkuntza politikoen amaiera lortzeko tresnatzat eskaini bere burua Kataluniako herriari. Ezezkoak berriro aukera hori ematen dio. Profitatu dezala. -