«Hiri gorazarre», poeta berri baina heldu baten bilduma
Lizardik izadiari egin zion gorazarre «Bihotz begietan» olerki bildumako «Izotz-ondoko iguzki» ezagunean. Juan Ramon Makusok hiriari egin dio gorazarre berean, atzo aurkeztu zuen «Hiri gorazarre» poema bilduman. Poeta berri, baina ez gazte gisa aurkeztu zuen Arkaitz Gorrotxategik, eta Igor Estankonak lirika eta pentsamendua elkartzen dituela idatzi du.
DONOSTIA
Igor Estankona poetaren eta Aritz Gorrotxategi kritikariaren iritziak baliatu zituen atzo Iñaki Mendizabalek, Elea argitaletxeko arduradunak, Juan Ramon Makusoren lanari abegi egiteko. «Zalantzarik gabe, zer esana emango duen poeta baten aurrean gaude. Poeta berria, baina ez gaztea, gurean ezohikoa dena. Bere poesiak argi erakusten du hori. Makusoren eskarmentua eta ondorea zabala da, askotarikoa, aberatsa, sakonera handikoa, polisa eta ziutatea maisuki uztartzeko gai dena», adierazi zuen Gorrotxategik. Makusok esan zuenez, bertan egotekoa zen Gorrotxategi, baina hori beste mota bateko sortze baten lekuko zen, antza, une horretan, emazteak bikiak izan behar zituelako. Egileak berak hartu zuen hitza, eta berarentzat poesia zer den agertuko zuela agindu zuen. «Ibilbide laburra dut poesian. Baina, hala ere, neure buruan egon da poesia edo neure barruan beharbada, neure barrutik ateratako zerbait baita niretzat poesia. Poesia sorkuntza da. Nik horrela pentsatzen dut, nahiz eta ez dakidan sorkuntzaz pentsatzea posible den. Baina hitzetan gurutziltzatuak bizi gara gizakiok, eta horrela azaldu beharrean nago», hasi zen Makuso. Lizardiri keinu bat egin diola esan zuen ondoren. «Xabier Letek abesten zuen ‘Izotz-ondoko iguzki/neguaren parre:/ olerkariak noizpait/ iri goratzarre’ Lizardiren poema hasieratik hitz-joko hartu eta hiriari gorazarrea egin nahi izan diot», esan zuen. Juan Ramon Makuso Errenterian jaio zen 1961ean. Zorroagan egin zituen Filosofia ikasketak. Durangon lan egiten du irakasle, eta hainbat komunikabidetan kolaboratzen du. 1998an, beste egile batzuekin batera, “Pentsamenduaren erresistentzia” liburua argitaratu zuen. «Errenteria niretzat bazen zerbait txikitan. Baina Bilbora joan nintzen batean jakin nuen hiri bat zer zen. Gauza magikoa eta iluna iruditu zitzaidan. Gerora, Bartzelona izan dut hiri maitatua. Hau guztia bildu eta orain sortu zait hiriaren inguruko gogoeta poetikoa», esan zuen. Imanol Aginaga durangarrak egin dizkio azala eta barruko irudiak, Sarrioandiaren “Narrazioak” liburuko azala egin zuenak.
Samos, ikuspegi ezberdinen trukaleku
J. A. DONOSTIA«Samos greziar uhartean hiri ezberdinetako eta kultura ezberdinetako gizon eta emakumeak biltzen ziren. Merkataritza egiteko biltzen ziren, baina azken batean, ikuspegi desberdinak trukatzen zituzten», esan zuen Makusok. Lehen herrietan sinisten zuela, baina denborarekin herriek ez diotela ezer eskaintzen gaineratu zuen. «Hiriak dira gizakiaren bilgune. Hiriak biltzen du gizakiaren benetakotasuna. Herria txiki geratu zaio gizakiari. Bizkarra eman behar genioke txikitasunari. Samos uharte bat zen, baina itsasoa zuen eta itsasoak erakusten digu bizitzak eduki dezakeen zabaltasuna», jarraitu zuen, eta «topos itxiak» sortzearen arriskuaz mintzatu zen. «Topos itxi horiek lirateke herriak, eta horiek lirateke baita estatuak ere, ustezko handitasunean. Polisak, aldiz, bere agoran, bere plazan denentzako lekua du», esan zuen. Igor Estankonak, aurkezpenerako prestatutako idazkian, Makusok lirika eta pentsamendua elkartzen dituela esan zuen, eta «poesiaz jantzitako hausnarketa opatzen» digula. «Zuzenean bihotzera doan poesia ez da poesia egiazko bakarra», esan zuen.
|