Gaztetxe Martxa duintasun handiz igaro dela esan dute
IRUÑEA
Iragan igandean Burlatan amaitu zen, hamasei egunen ondotik, Euskal Herria alderik alde zeharkatu duen Gaztetxe Martxa, eta Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen koordinadorak proiektu berri horri buruz egin duen azterketa jakinarazi du ohar baten bidez. Bertan adierazten duenez, Gaztetxe Martxa «apustu handia» izan zen arlo guztietan, halako bat antolatzen den lehen aldia izaki, eta koordinadora sortu zutenetik urte eta erdi eskas igaro dela kontuan hartuta, «koordinazio eta esperientzia falta» gainditu behar izan baitituzte. Hala ere, azken sei hilabete hauetan batez ere, elkarlan handia egon dela baieztatu dute, eta «mugimendu askotariko eta zabala» sortu dela «gaztetxeen izaera eta beharra lau haizeetara oihukatzeko». Hori dela-eta, «erronka handi» horri «duintasun handiz» aurre egin diotela deritzote Koordinadorako kideek. Helburu nagusietakoa «gaztetxeen izaera, proiektuak eta beharra ikusaraztea» izan da, eta, alde horretatik, lanketa «oso aberasgarria» izan dela baieztatu dute. Bidean «akats eta oztopoak» izan dituztela onartu arren Guardia Zibilaren eta UPNren jokaerak aipatu zituen, «ilusioak» horiek garaitu dituela esan dute. «Gure baliabide eta esperientzia eskasa amets asko eta gogo handiarekin orekatu dugu», nabarmendu zuten. Jasotako babes guztia eskertu eta Gaztetxekide proiektuak aurrera jarraitzen duela gogorarazi ostean, aurrera begira beren ametsak Euskal Herri osotik hedatzen jarraituko dutela irmoki adierazi zuten.
|