GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-27
«Diccionario Labayru. Vizcaino y batua conjuntados» aurkeztu zuten atzo Bilbon
Bizkaian euskara batua erabiltzen duenak bertako kolorea erantsi nahi badio, ezinbesteko tresna du dagoeneko eskura: Labayru Hiztegia. Hiztegiaren euskara-gaztelania bertsioa eman zuten argitara 2003an, eta gaztelania-euskara aurkeztu zuten atzo. «Ez dugu nahi euskara batua leku guztietan bat bera izatea. Antzeman behar zaio erabiltzailari nongoa den. Hori da egin dugun lanaren helburua», esan zuen Adolfo Arejitak, ia mila orrialdeko lana egin duen taldearen arduradunak.

BILBO

Orain hiru urte aurkeztu zituen Labayru Ikastegiak “Labayru hiztegia”ren euskara-gaztelania bertsioaren bi liburukiak. Hiztegi beraren gaztelania-euskara bertsioa aurkeztu zuten atzo, baina Adolfo Arejita egitasmoaren koordinatzaileak esan zuenez, ez da itzulpen soila izan. «Ez da aurrekoaren itzulpena soilik. Une honetan gaztelaniaz dauden hiztegi onenak hartu ditugu eredutzat, Secorena, Real Academiarena edo Redes izeneko hiztegia, eta horiek erreferente moduan erabiliz, aurrekoa osatu eta bete egin dugu informazioaren aldetik. Sarrera gehitu baino areago, azpi-sarrerak ugaldu ditugu eta lokuzio nahiz modismoak erantsi», esan zuen Adolfo Arejitak.

Batua eta bizkaiera ematen dira hiztegian, baina beste euskalkietako formak markatu gabe datozen bezala, bizkaierakoak markatu egiten dira. «Sartaldeko euskararen errepertorioari lekua eman nahi izan diogu, baina betiere Euskaltzaindiak finkatutako bideetatik irten barik», jarraitu zuen Arejitak.

Horretarako, hiztegiez eta tradizio literarioaz gainera hizkuntza bizia baliatu dute. «Orotariko Euskal Hiztegia, zer esanik ez, erabili dugu eta tradizio idatzia ere bai, baina oso garrantzitsua da horrelako lanetan hiztunak edo lekuko zuzenak ere kontuan izatea. Tokian tokiko ikerketa dialeketologiko asko egin dituzte, eta horien husteak ere egin dira. Pilatzea erraza da; hiztegi bat egiteko orduan arazoa hautatzea da. Forma ugari ematen ahalegindu gara, eta ordena egoki batean, maitasun handiko formak lehenik jartzen», adierazi zuen Adolfo Arejitak.

Gerora, euskara-gaztelania berritu eta liburuki bakarrean emateko asmoa dute, baina oraingoz bi liburukitan bildu dituzte bai euskara-gaztelania bertsioa eta bai orain aurkeztu duten gaztelania-euskararena. Bi liburuki horiekin batean, “Libro de Estilo del Euskara Vizcaino” ere aurkeztu zuten atzo, Bilbon. «Hiztegian euskara osoa izan da kontuan, batua eta bizkaiera, baina jarraibide liburuan bizkaiera maila landuan erabiltzeko irizpideak ematen dira eta gramatika kutsu gehiago duela esango nuke. Bizkaieraren erabilerari begira egindako lana da eta erabilera tradiziozkoak eta erabilera okerrak bereizten ditu», esan zuen.

Adolfo Arejitaren ustean, bizkaieraren erabilera ari da poliki-poliki tokatzen zaion lekua aurkitzen, baina oraindik bide luzea egin behar du. «Prentsa digitalean presentzia badu, baina gure indarrak ahulak dira oraindik, ez dago plan bat. ‘Egunkaria’k ateratzen zuen ‘Bizkaia’ eranskina desagertu egin zen. Hutsuneak daude, baina bidea egingo da», esan zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La cuerda está cada día más tensa
Jendartea
Fresko-freskoa edo kontserba-potoetan
Euskal Herria
Etxerat anima a intensificar la presión social
Ekonomia
Azti alerta sobre el «grave riesgo de colapso» de la pesquería de la anchoa
Ekonomia
Fallece en Albacete un trabajador de Grúas Aldaiturriaga de Trapagaran
Mundua
Israelek Gaza bonbardatu du, Hamasek bere milizia kaletik atera eta giroa lasaitu ostean
Kirolak
Garate ve recompensado su esfuerzo y tesón
Euskal Herria
ANC y Sinn Féin animan a iniciar un diálogo en igualdad y sin exclusión
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea