Naiara GUTIERREZ
Fresko-freskoa edo kontserba-potoetan
Bermeoko XII. Arrain Azokaren lehenengo eguna egin zuten atzo. Asteburuan ferialekura joateko aukera egongo da, bertan eskaintzen dituzten itsasoko produktuak dastatu eta egun-pasa ezin hobea egiteko.
|
Urtero bezala, Bermeoko XII. Arrain Azoka hasi zen atzo goizean. Aurten, 31 enpresa erakusle daude, eta eskaintzen dituzten produktuen artean, hegaluzea, bakailaoa eta antxoak daude. Bihar arte egongo da feriara joateko aukera, eta, gainera, goiz eta arratsaldez egongo da irekita. Bertan, arrantzari lotutako hainbat ekintza ikusteko aukera dago, eta horrez gain, kontserba-potoetan itsasoko janari gozoak topa daitezke. Hala ere, marisko freskoa erosteko aukera ere badago, hala nola, nekorak edota zigalak.Azoka atzo goizean hasi zen ofizialki, eta ohorezko aurreskua eta guzti izan zen. Fanfarreak ohiko abestiekin alaitu zituen kostaldeko herriko kaleak, eta herritarrak laster sartu ziren festa giroan. Postuak Lamera parkean daude; Bermeoko portu historikoaren aldamenean, hain zuzen ere. Eguerdi aldean, azokagunea jendez gainezka zegoen. Lan-eguna izanda, gehienak bermeotarrak edo inguruko herrietakoak ziren baina, hala eta guztiz ere, adin guztietako jendea topa zitekeen. Izan ere, azokagunean haurrei jolasteko aukera ematen dien txoko bat topa daiteke, eta bertako begiraleek, pirata jantzita, txikiak hartzen dituzte. Gainera, Eleizalde ikastolak haur eta gateentzako beste gune bat prestatu du; bertan, arrantza edo itsas kirolak gaitzat dituzten bideo-jokoekin jolas daiteke. Azokako postuak begiratzen ari zen bikote batek GARAri honakoa aitortu zion: «Ferialekuko gauzarik onena eskaintzen dituzten pintxoak dira». Bakailaoa pil-pil eran, kabratxo budina edota karramarro entsalada izan ziren, besteren artean, atzo dastatu ahal izan zirenetariko batzuk.
Geurien be bai
Bermeoko 47 enpresak eta elkartek euskararen erabilera areagotzeko neurriak hartzeko hitzarmenak sinatu zituzten atzo, Nestor Basterretxea kultur aretoan. Planaren bigarren urte honetan, enpresa eta elkarte bakoitzaren euskararen egoeraren diagnosia egin ostean, hainbat ekintza aurrera eramango dituzte ekainetik aurrera. Bakoitzari egokitutako neurriek «bai irudian eta komunikazioan, bai idatzizko eta ahozko harremanetan» eragingo diete. Aurten, beste 16 erakundek Geurien Be Bai akordioa lehenengoz sinatu dute.
|