Gazteek hainbat kontzentrazio iragarri dituzte, euren «eskubide konstituzionala» den adierazpen ahalmena gauzaturik, eta hamar lagun atxilotu dituzte. Edozein ideia demokratikoki defendatu ahal den herri honetan, ertzaintzak eskubide demokratiko osoa dauka nagusiaren loa zaunka eta haginka defendatzeko, ez ditzaten gure herriko jauntxoak «independentzia» lako hitzek asaldatu.
Apartheidaren hirugarren urteurrenean, Gasteizeko plataformari azkenik «onartzen» diote herritar modura hartu ahal dutela parte plenoetan, eurak ere herritarrak omen direla eta, beraz, herriarena omen den Udalean berba egin omen dezaketela. Hurrengo eguneko plenoan, poltsikoak ondo beteta gure «onerako» lan egiten duten politikari on eta zintzoei entzun ostean, euren txanda heldutakoan, alkateak hamaika bider isilarazi eta bortxaz bota egin zituen.
Berdin gertatu zaie Bilbon etxea okupatua zuten gazteei. Hamar urte 300 metro karratuko pisua hutsik, apurka usteltzen, eta norbaitek proiekturik azaltzen duenean... are gehiago proiektu hori espekulazioa barik, auzokideentzako zerbait probetxugarri egitea baldin bada. Nik dakidala pisu horren jabearen etxera ez da txakurrik joan atxilotzeko, nahiz eta jendilaje horixe izan herritar guztion bizimodua kondenatzen duena.
Lech Walesak dio ETArena lako borrokek ez dutela zentzurik, hori pasa den mendean egiten zela, lurra, askatasuna, eskubide eta horrelakoengatik borrokatzea, alegia; orain, ordea, «intelekto» sasoian gaudela. Orain, ostera, petrolio multinazionalek herri osoak gosez eta gerraz akatu, multinazional farmazeutikoek jende errugabea pozoitu, arropa multinazionalek umeen haurtzaroa errotik apurtzen dute, dolar meta gero eta handiagoengatik. Diskoetxe multinazionalen «guiar de guol, guiar de children» kantatuko du Walesak ahapetik gauero.
Eta oraintxe irakurtzen dut Garaneten Marlaska Handiak autoa «zabaldu» egin duela, negoziaziorako komisioak presentatzea edo horrela inora ez goazela esatea espainolek ere sinistuko ez luketen ez dakit zelako mehatxu terrorista dela eta.
Bien bitartean «Batasuna avisa», «Batasuna amenaza», «Batasuna advierte», «Batasuna presiona»... eta abar prentsako titularretan. Audientzia Nazionalera joan behar den Batasuna berbera ote den galdetzen diot neure buruari.
Ez baduzu ezer ulertzen, txikitan ikastolan zerbait pinturaz zikintzen bazenuen, hori kondenatu beharreko biolentzia ekintza terrorista eta higuingarria zela inork azaldu ez zizulako izango da seguruenik. -