Euskalerria irratiarekin
Euskara ikasle garenez, jakinarazi nahi dugu gure desadostasuna Euskalerria Irratiari egin zaion injustiziarekin. Lotsagarria iruditzen zaigu Nafarroako Gobernuaren joera. Hamabost urte lanean aritu arren, inolako laguntzarik ez duelako jaso, ezta lanean aritzeko baimenik ere. Eta irrati honi baimena eman ordez, desagertu den beste bati ematea iraingarria da. Gobernu honek erabaki du berak behar duen etsaia euskara dela, eta hori ez da ona inorentzat.
Javier Dronda, Ainara Sagardoy, Manuel Arana, Raquel Soria eta Mª Jesús Etxegia - Iruñeko Hizkuntza Eskolako 4. mailako euskara ikasleak eta irakaslea
Euskaraz ikasteko eskubidea
Euskal Herri mailan egindako azterketaren arabera, hiru ikasletik bi ez dira euskaldunduko indarrean dauden politiken ondorioz. Horregatik hizkuntza politika berri baten beharra kaleratu nahi du «Bai eskola euskalduntzeari» kanpainak.
Trebiñu Euskal Herriko zati bat dela kontuan izanik, guk ere gure adostasuna azaldu nahi dugu egiten ari den kanpainarekin. Trebiñoko konderrian bizi dugun egoera zehatza oso larria dela azpimarratu nahi dugu, gainera. Hemen dagoen eskola publiko bakarra Castilla eta Leongo politikaren barruan kokatzen da eta gezurra badirudi ere, Trebiñuko eskola publikoan ingelesa ikasteko aukera dugun arren, euskara ikasgai bezala ere ez da agertzen. Beraz, hemen euskara ez da existitzen eta euskara ikasi nahi badute, klasetik kanpo egin behar dute.
Trebiñun, euskaraz ikasteko «eskubidea» izateko, gure haurrak herritik kanpora joan behar dira, bere ingurunetik atera eta errepideetan denbora luzea emanaz. Orain dela bost urte hemengo «eskaera soziolinguistikoa»ri buruz egindako ikerketaren datuen arabera, hemengo jendeak argi azaltzen zuen bere nahia: eskola publikoa nahi dute bere ingurumenetik hurbil eta eredu euskaldunarekin. Beraz, ez da zaila gaur egungo egoeran gertatzen dena ulertzea, hau da, ikasten ari diren Trebiñuko umeen %70 Gasteizera joaten direla.
Azken hiru urte hauetan egoera pixka bat aldatu da. Eta azpimarratu behar da hori hemengo jendeak hartu duen konpromisoari esker izan dela. Argantzunen pribatua den ikastola bat ireki dute. Arrakasta handia izan du eta dagoeneko hogeita hamar umek "D" ereduan ikasteko aukera du. Trebiñun, berriz, euskara irakasten duen haur eskola munizipal bat dago, baina tamalez hiru urteak arte bakarrik. Aipatutako adibideak partxe bat besterik ez direla badakigu, baina gaur daukagun egoera politiko-administratiboagatik irtenbide bakarra da.
Hau guztia salatzeko eta «bai eskolak euskalduntzeari» kanpainarekin batera Trebiñun ere eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzeko hainbat ekimen antolatu ditugu azken hilabeteetan. Nagusia, apirilaren 29an egindako ekitaldia izan zen, antzerki emanaldia ere izan zuena, baina ez da bakarra izan eta modu ezberdinean aritu izan gara lanean, aldarrikapena zabaltzen eta sinadurak biltzen.
Trebiñutik ere, bai eskolak euskalduntzeari!
Pilar Ansotegi Abezia - Gutxisolo elkartearen izenean (Trebiñu)
|