Floren Aoiz
Eskerrik asko, Epaltza!
Kostatu zait, aitortzen dut, baina hondarrean ulertu dut monumentu handia egin behar zaiola Nafarroako “Diario de Noticias”en askotan idazten duen Epaltzari, ezker abertzalea prestijiatzeko egiten duen lanagatik. Epaltzaren artikulu batzuk irakurrita uste nuen ezker abertzalea gorrotatzen zuela gogotik, eta horrela hartzen zituen jende askok, baina beste era batean ikusten ditut gauzak orain. «Lastre» titulua zuen idazkia (benetan gomendagarria!) aztertu ondoren, eta Nafarroa Baizale ugariren artean izan dituen ondorioak jakinda, uste dut txalogarria dela Epaltzaren lana. Bagenekien Nafarroa Bai sortua zela ezker abertzalearen aurka, baina orain Nafarroa Bairen defendatzaile sutsu batek gardenki onartu du, besteek ezkutatu nahi dutena agerian utziz. Nafarroa Baik ez du Batasunarekin batera joan nahi, Batasunari kalte egiteko egina delako. Nekez esan daiteke argiago. Nafarroa Bairen barruan aurretik arazo batzuk bazeuden, eta orain, Epaltzari esker, tentsioa igo da. Panorama politikoaren argipenerako urrats ederra egin du Epaltzak, eta gainera, PNVren zuzendaritzaren itzala noraino iristen den hautemateko hagitz lagungarria bilakatu da bere izkribua. Begi-bistan gelditu da Epaltza eta Nafarroako PNVren buruaren arteko sintonia, hitz zehatzetan gauzatzen zena, Lastre artikuluan agertzen zirenak, hots. Ezker abertzaleak salatu duen PNVren inbertsio eta erosketa jarduera agerian uzten lagundu du Epaltzak, aipatu alderdiak dagoeneko lortu dituen aurrerapenak adieraziz. Bestalde, ez dirudi kasualitatea denik Epaltzak Maiorga Ramirezen aurka idaztea. Ematen du egunkari hartan interes handia dagoela EAren ibilbidea baldintzatzeko, eta Epaltzaren tonoa oso esanguratsua zen. Nafarroa Bairen kontrola izateko dagoen lehian kokatuko nuke nik Epaltzaren joera, eta benetan, koalizio hori hautsi nahiko lukeen infiltratu probokatzaile batek ez zuen horren lan ona eginen. Nik eskatuko nioke Epaltzari gehiago idaztea, egunero beharbada, eta ez galtzeko ezta aukera bat ere gai honetaz hitz egiteko. Bide horretatik jarraitzen badu, PNVren plan sekretu guziak ezagutuko ditugu, eta gero eta nabarmenagoa izanen da batzuek Nafarroa Bairen inguruan piztu ziren ilusioak erabili nahi dituztela nafarroi beste iruzur bat egiteko. Segi horrela, Epaltza, mesedez! -
|