Elbira Zipitria omenduko dute jaio eta 100 urtera
DONOSTIA
Atzo aurkeztu zituzten Donostian, Elbira Zipitria jaio zenetik ehungarren urteurrena ospatzeko prestaturiko ekital- diak. Elbira Zipitria 1906. urteko maiatzaren 28an jaio zen Zumaian, eta bizitza osoan zehar aritu zen euskararen alde lanean. Baina, ospea ikastolen sorreran izan zuen garrantziagatik datorkio. 1936ko gerra zela-eta, Sarara joan zen, eta itzuleran, 1947tik 1970era bitartean, Donostian aurrena, eta Gipuzkoa osoan ondoren, «ikastolen hazia erein zuen», atzoko agerraldian parte hartu zutenen esanetan. Klase partikular modura, erdi ezkutuan hasi zen bederatzi urtera arteko haurrak etxean bildu eta euskarazko eskolak ematen. Etxe hartan bertan Donostiako alde zaharreko Fermin Calbeton kaleko 26an egin zuten Elbira Zipitriaren omenezko ekitaldien aurkezpena, baita hark bizi eta egindako lan mardula agerian jartzen duen “Elbira Zipitria gogoan. Piageten argitan” liburuarena ere.
Oroitarriaren agerpena
Horrez gain, 1982an zendu zen emakume honen omenezko oroitarria ere agertu zuten. Gipuzkoako ahaldun nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Lakuako Kultura sailburu Miren Azkarate eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Tontxu Camposek parte hartu zuten ekitaldian.Omenezko ekitaldiak atzo hasi ziren aurkezpenarekin eta jarraipena izango dute gaur Zumaian, Donostiako orfeoiaren emanaldiarekin eta astelehen, astearte eta asteazkenean Koldo Mitxelenan egingo diren hitzaldiekin.
|