-Top 14
Biarritzek berriro ere Ligari ekin beharko dio
BAIONA
Aste gogorra izan da Biarritzentzat, pasa den larunbatean Europako kopa galtzeak min egin baitie jokalari lapurtarrei. Ez da erraza onartzea, baina hori amaitu da, eta berriro ere burua Ligan jarri beharra daukate.
Lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko dute zuri-gorriek Narbonnen, baina ez daukate ezer jokoan. Akaso lehen postuari eustea, baina finalerdietarako txartela lortuta dute, eta sailkatuta dauden beste taldeek ere Liga irabazteko taldea egin dutenez gero, berdintsu da finalerdietan zeinen aurka jokatu. Gainera, finalaren atarikoa partida batean erabakitzen da, eta aurrez aurre diren bi taldeetako inorena ez den zelai batean jokatu beharko da. Hala ere, Biarritzek garbi utzi du lehen fasea lehen postuan amaitzea gauza polita dela, eta horretara zelairatuko direla. Dena dela, ikusten da euskaldunak jadanik ari direla finalerdiei begira, eta ez dutela arriskurik hartu nahi, ohikoak diren jokalari bat baino gehiago aulkian edo deialditik kanpo geratuko baita. Horietako bat Dimitri Yachvili izango da. Lapurtarren jaurtitzailea ez da gaur arituko. Narbonnek ere ez dauka ezer jokoan. Heldu den urtean Top 14 Mailan jarraitzeko txartela lortuta dauka, eta lasaitasun horrekin jokatuko du. Helburua Europako talderik onenetakoa menderatzea izango dute, denboraldia ahalik eta ongiena amaitzeko.
Jokalariei dagokienez, aldaketa asko egingo ditu Biarritzek, baina guztietan deigarriena eta pozgarriena Lealamanuaren itzulera izango da. Bi hilabete pasatu ditu min hartuta, eta gaur berriro itzuliko da zelaietara.
|