Avironek bere esku dauka mailan jarraitzeko txartela
·Zuri-urdinek Clermont hartuko dute Ligako azkeneko jardunaldian
BAIONA
Avironek mailari eusteko azkeneko aukera izango du gaur, Liga amaitu egingo baita. Gainerako partida guztiak bezalaxe, Jean Dauguer zelaian jokatuko dutena ere 15.15ean hasiko da, eta zuri-urdinek Clermont taldea hartuko dute.
Lapurdiko hiriburuko taldeak dena dauka bere esku, eta maila galtzen badu gaur, gauza guztiak oker joan direla esan nahiko du. Irabazten badu, edo berdintzen badu, puntu gehigarria lortuta, ez dauka beste inora begira egon beharrik, mailari eutsiko baitio.
Galduta ere, badu aukera bat. Horretarako puntu gehigarria lortu beharko luke, eta Pauek galdu. Izan ere, Biarnoko hiriburura egongo dira begira jarraitzaile euskaldunak, Paue baita jaitsierako borrokan ari den beste taldea, nahiz eta haiek euskaldunek baino askoz ere zailagoa duten helburua lortzea. Avironek izan dezakeen arazorik handiena Clermont taldea da. Horrek datorren urtean Europako lehiaketetan parte hartzeko txartela nahi du, eta zazpi sailkatzen direnez gero, horren atzetik ibiliko da. Zortzigarren dago eta zaila izango du Castres, zazpigarren dagoena, harrapatzea.
Izan ere, Castresek Pauen jokatzen du, eta, alde horretatik, bai euskaldunak baita biarnesak ere, parean egongo dira, aurrez aurre dituzten taldeak datorren urtean Europan aritu ahal izateko txartelaren bila arituko baitira.
Jokalariei dagokienez, Avironen Fifita ez da izango, berriro ere zigortu egin baitute. Min hartuta daude Coetzee, Siro eta Sudre, eta haiek ere ez dira arituko gaurko norgehiagokan. Nuñez Piossek argentinarra, berriz, zalantzan dago, eta gaur eguerdian egingo duen saiotxoan erabakiko du jokatu edo ez. Clermontek, berriz, jokalari guztiak prest ditu.
|