- Pala - Zortzi eta Erdiko Txapelketaren finala
Lujan eta Fusto nor baino nor Totorikaren agurrean
·Egungo txapeldunak ligaxkako arantza atera nahi du Deportivon
BILBO
Bilboko Deportivok bere itxura onena hartuko du gaur Aitor Totorika eta Eusko Basque enpresari azken agurra emateko balioko duen Zortzi eta Erdiko final handiarekin. Jaialdia 16.45ean hasiko da eta ETBk zuzenean eskainiko du, nahiz eta bertaratu nahi duen orok sarrera doan izango duen.Lujanek eta Fustok amerikarren arteko final erakargarria jokatuko dute. Hasiera batean, Vladimir aterako da faborito, hura baita gaur egungo txapelduna, eta Gaubekaren aurkako finalerdian joko ezin hobea erakutsi zuen. Bere sakea eta ezker besoko indarra ditu garaipena lortzeko baliabide nagusiak. Hala ere, aurrean Fusto izango du. Argentinarrak sailkapen ligaxkan Lujan menderatzea lortu zuen, karibearrak min hartu eta bukatzerik izan ez zuen lehia batean. Hori bai, partida bertan behera geratu zen unean, kubatarra galtzen ari zen 20 eta 25. Fustok sakea hobetu du azkenaldian eta kantxan aurkaria baino askoz gehiago mugitzen da, defentsa hobea duela esan daiteke. Beraz, norgehiagokak osagai guztiak ditu ikuslea pozik uzteko.
Eliteko finala ere bai
Euskadiko Elite Txapelketako finala ere gaur jokatuko dute Marin-Beldarrain eta Sebas-Imanolek. Berez, apirilaren 1ean jokatu behar zuten partida, baina lehia atzeratu egin zen Beldarrainen lesio bat zela-eta. Neurketak orekatua beharko luke oso, bi atzelariek aurreko ostegunean sasoian daudela frogatu baitzuten, eta bi aurrelariek denbora asko daramate joko-maila politarekin.Jaialdia bukatzeko, eta sari banaketa egin ondoren, Aitor Totorikak hitz batzuk egingo ditu, eta, hala, agurra borobildu. Ekainaren 1etik aurrera, pala profesionala Emanbilbo enpresak kudeatuko du; Fernando Gutierrez pilotari ohi bilbotarra buru izango da.
|