Julen Murgoitio
Galdu
Galdu. Burua galdu du Europako Batasunean defentsa kontuetan ardura duen sozialista espainiarrak; sozialista edo. Montenegrokoa eta Euskal Herrikoa parekatzen dutenen gainean ari zela egoera biak parekatzea delirium tremensa dela bota zuen lasai batean lehengoan. Han bai, hemen ez, betiko kontua; ezer berririk ez Europako zeru azpian nahiz eta horren zapian hamaika izar agertu. Burua galdu du sozialista horrek! Zelako kolpea topatzen duenarentzat! Tira, Serbiak ere galdu du, Montenegro orain eta Kosovo bihar, Belgradeko buruek Montenegro eta Kosovo parekatzeari delirium tremensa baderitzote ere. Baina galdu. Montenegrokoa igarota, akabo gaurko ikasliburuen mapa politikoen baliotasuna! Gaurko atlas guztiak zakarrontzira!, paper eta kartoiaren ontzira, jakina, zentzuzkoagoak diren mapa berriak egiteko berrerabili ditzaten. Ba bai, gaurko atlasetan ageri diren muga politikoek basamortuetako yogurrek baino iraungitze data motzagoa dute. Gaur gaurkoz seiluetan inbertitzeak ganorarik ez badu, are ganora gutxiago atlasetan inbertitzeak. Nire ustetan, atlasgintzakoa ez banaiz ere, hobe lukete horiek geografia politikoaren mapak fitxa soltetan kaleratzea, era horretan, aldian aldiko, erraza izango litzateke zaharkituta geratu diren fitxak ordezkatzea, Balkanetakoak izan edo Pirinioetakoak izan. Aldatu eta puntu, beste guztia galdu gabe. Gainera, fitxa zaharrak saldu egin litezke igande goizetan euskal hiriburuetako alde zaharreko azokan, beti izango baita muga zaharren zale nostalgikorik fitxok erosteko irrikan! Pirinioetakoak, batez ere.
Ai, ama! zenbat gauza ez ote diren galtzen gaur egunean! Edo galduko laster! Horra zinegotzi batzuen aulkia. Zinegotziek, legez, maileguan hartzen dute udaletxeko aulkia, baina horietariko batzuek, legez ere, beren ipurdiari ez dago- kien aulkia dute aspaldian hartuta; eta hori dute laster galtzeko. Argi ez dago baina, ea aulkia bakarrik galduko duten ala aulkia eta ipurdia biak bat eginda. Hain dute ipurdia aulkiari lotuta! Bai, errazagoa izaten da Swazilandiako basamortu aldeko herrixka txiki batean ahizpa siamdarrak elkarrengandik askatzea Euskal Herriko udal batzuetan hainbat zinegotziren ipurdia eta aulkia elkarretik bereiztea baino. Ai, ama! zenbat gauza ez ote diren galtzen gaur egunean! Horra 18/98koa, dokumentazioa galdu dute! zeinek eta justizia aurkitu behar duenak paperak galdu! beste behin ere! deliriumgarria! Hamaika galtzeko dira gero! Euskalerria Irratirako lizentzia ere galdu zuen Nafarroako Gobernuko bururen batek, itxuraz uhinetako bazterren batean galdu ere; eta oraindik ez dute 112ra deitu. Thailandian, ostera, urek dute galdu, ibaia galdu, eta lurralde zabalean dabiltza ibaiaren bila, beherantza ibili beti ere. Galduta ibili arren zeozer irabazi dutenak lehen Galeusca eta orain Galeuscat osatzen duen hirukokoak dira; t bat irabazi dute. Orain autonomia bakoitzak hiruna letra ditu izenean. Urteetako harmonia hasia da fruitutan. Dena dela, gauza bat argitu behar dut: zergatik jelkideek beti dute hiruko baten alde egiten? Aita Santuak ez al die ezer esango? Hori bai, atlas zaharraren alde beti. -
|