GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-05-28
Rafa DIEZ- Ainhoa ETXAIDE | LABeko idazkari nagusia eta idazkari nagusiordea
«Sindikalismoak behingoz jarrera ofentsiboa hartu behar du boterea eta esparruak berreskuratzeko»
Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusiordeak uste dute euskal sindikalismoak ofentsiba orokorra behar duela patronalaren aurrean esparruak eta boterea berreskuratzeko. Hain zuzen, klase borrokan eta eguneroko jardueran LAB tresna gisa sustatzeko ekitaldi bat egingo dute datorren larunbatean Durangon, datozen hauteskundeei begira.

LABek garrantzi berezia ematen dio larunbateko jardunaldiari; bertan sindikatuaren ezau- garri nagusiak indartu nahi ditu eguneroko jardueran, baita klase borrokan eta independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan ere.

­Zer asmo dituzue ekainaren 3an Durangon antolatu duzuen ekitaldirako?

Rafa Diez: Bi gauza lortu nahi ditugu. Alde batetik, sindikatuak urtean zehar egindako lana eta jarduera kokatzea eta nabarmentzea. Aurkeztu nahi dugu LAB tresna bat dela independentziaren eta sozialismoaren bidean Euskal Herri bat eraikitzeko, eta, aldi berean, klase borrokan, eguneroko jardueran, tresna eraginkorra dela langileen eskubideen defentsan, duintasun handiz garatutako proiektu sindikala dela. Horren arabera, LAB sindikatuak dituen ezaugarri nagusiak testuinguru politiko eta sozio-ekonomiko honetan indartzea, eta hurrengo hilabeteetarako izango dugun erronka kokatzea, hauteskunde sindikalen prozesuarekin. Ekitaldi horretan LABek aldaketa politiko eta sozial baten aldeko prozesuari eman ahal dion guztia lantzeaz gain, argi barneratu nahi dugu ezker abertzaleak oro har hauteskunde sindikaletan izango duen erronka eta aukera. Lan munduan LAB ezker abertzaleko tresna sindikal eta soziala agertu eta indartu behar delako. Horrekin batera, gogoraraziko dugu egun berean Jon Idigoras hil zeneko urteurrena izango dela, eta lekutxo bat egingo diogu, LABeko sortzaileetariko bat izan zelako eta ezker abertzaleko erreferente inportante bat izan delako.

­Zer espero du LABek hauteskunde sindikal horietatik?

RD: Azken 30 urte hauetan izugarrizko eragina izan du LABek Euskal Herriko sindikalismoan. Aldaketa asko lortu dugu eskema politikoan eta sindikalean, eta ziur gaude aurrera begira ere LABen eragina eta gure proiektua zabaltzeko aukerak handiak direla. Itxaropen handia dugu hauteskunde sindikaletan beste jauzi bat emateko. Horretaz konbentzituta gaude.

­Beste erronka bat duzue gazteengan iristen. Nola ari zarete lantzen?

Ainhoa Etxaide: Gazteak LABekin bat egiten dute, afiliazioan gazteen kopuruak gora egiten duelako eta sindikatuaren erronketan inplikazioa dagoelako. Eta logika horretan gure ordezkaritzan ere islatu behar da. Gure erronka bat da delegatu gazteak ateratzea. Ezinbestekoa da borroka honen etorkizuna belaunaldiz belaunaldi pasatzea, eta lortzen ari gara. Argi dago gazteriak bizi duen prekarietatea baldintzatzen duela lan sindikalak, eta horren adibide argia da prekarietatean dauden gazte askok ez dutela eskubiderik izango praktikan ordezkari sindikalak izateko. Horrek oztopatzen du gazteriaren inplikazioa. Baina, prekarietateari aurre egiten diogun heinean, gazteek LABekin bat egingo dute hauteskundeetan. Afiliazioak gora egiten duen heinean, ordezkari sindikal izatera jauzia emateko aukera dago. Baikorrak gara.

RD: LABgazte independentisten eta borrokalarien tresna da. Borroka estrategikoan tresna gisa ere eskaini nahi diegu aukera. Erreferente izan gara autonomismoaren aurka, beste egoera politikoa sustatzeko, ziklo honetan edo aurreko zikloan; borroka behar den lekuan egiten eta duten indarra gurean lantzen; sinbiosi hori lortu behar da, eta dinamika hori aurrera doa.

­LABek garatzen duen eredu sindikalean parte hartzeko oztopo handiagoa da prekarietatea?

R.D.: Enpresaburuek prekarietatea erabiltzen dute irabaziak lortzeko, baina baita menpekotasunerako tresna gisa ere. Gazteak lan munduan sartzen direnean, ezin dute askatasun osoz beren borroka sindikala landu, zama hori daukatelako. Hor dago sindikatua. Egia da prekarietatea klase borrokan enpresaburuek eta administrazioek daukaten tresna estrukturala dela. Guk prekarietatearen aurkako borroka ez dugu ikusten soilik kontratazio mota bati aurre egiteko, klase borrokan sindikatuok eta langileok botere maila bat lortzeko baizik.

A.E.: Baina, era berean, prekarietatearen aurkako borroka ere izango da gazteak sindikalismoarekin bat egiteko gakoa. Egia da baldintza kaskarrek borroka oztopatu egiten dutela, baina ziur nago gazteek prekarietateari aurre egiten dion sindikalismoa baloratzen dutela, eta prekarietatearen kontrako borrokalariek eskaintzen duten sindikatuaren balioa ikusita, inplikazio hori etorriko dela.

­Prekarietatea enpresa txikietan ez ezik Mercedes eta Volkswagen multinazionaletan ere, besteak beste, zabaltzen ari da.

A.E.: Deslokalizazioaren mehatxua prekarietatea hedatzeko nahiarekin lotzen da. Europar Batasunean enpleguaren %8 galdu da deslokalizazioaren ondorioz, eta egia da multinazionalak estrategia korporatiboetan erabiltzen ari direla soldata konparaketen ondorioz euren kokalekua erabakitzeko. Baina, askotan aukera erreala baino multinazionalaren nahia da, ez direlako soilik soldata kostuak kontuan hartzen enpresa bat non kokatuko den erabakitzekorakoan. Euskal Herrian badaude enpresa zehatzak, Volkswagen, kasu, deslokalizazio mehatxu erreala bizi dutenak. Baina, azkenean, arazoa ez da deslokalizazio mehatxua, baizik eta industria politika integral eta eraginkorra ez daukagula, eta ez dagoela hori behar den lekuan eta garrantziaz eztabaidatzen.

R.D.: Mehatxuarekin batera, lehiakortasun kontzeptu hori azken muturreraino eramateko lan baldintzak jartzen ditu mahai gainean: malgutasuna, hainbat lan ateratzea kostuak merkatzeko... Toki bakoitzean kapi- talak metodo batzuk erabiltzen ditu, beti helburu berberarekin; ahalik eta etekin handienak ateratzea, eta beti lan baldintzak baldintzatzeko. Klase borroka etengabe agertzen zaigu enpresetan. Volkswagen oso adibide argia da. Izugarrizko irabaziak dituzte, baina lan baldintzak aldatu nahi dituzte irabazi handiagoak izateko. Multinazionalaren joko horren aurrean borrokak irekita daude langileen eskubideen eta duintasunaren defentsan. Horregatik, txalotzekoa da une honetan Volkswagenen egindako borroka, mehatxu guztien gainetik, erreibindikazio horiei argi eustea eta duintasunez azken muturreraino eramatea, enpresak marjina daukalako betetzeko.

­Askotan ez da soilik patronalaren jarrera. Metalgintza arloan kasu, sindikatuen zatiketa ere arazoa da.

R.D.: Sindikatuen zatiketak ahultasuna ekartzen du. Enpresaburuek uniformetasun handiz eramaten dute beren ildoa, eta langile mugimenduan ez dugu jarrera erasotzaile bat. Euskal Herrian sindikalismoa behingoz ofentsiba orokor batean sartu behar da, prekarietatearen aurka, ordutegiak murrizketaren alde, soldata igotzearen alde, diskriminazioaren aurka... Sindikalismoa ofentsiba horretan kokatzen ez bada, patronala eroso mugitzen da. Hurrengo urteetarako gakoa hori izango da: Euskal Herrian sindikalismoa aktiboa izatea borroka sindikalean eta klase borrokan, patronalak lortu dituen esparruak eta botereak berreskuratzeko. LAB beti irekita izango da ofentsiba orokor hori antolatzeko.

­Ofentsiba behar handiagoa izango da, lan eta pentsioen erreformak gainean daude-eta.

A.E.: Etorriko diren inposaketei aurre egiteko terapiarik onena erabaki horiek hemen hartzeko ahalmena eskuratzea da. Hor daude lan harremanetarako euskal esparrua eta euskal esparru sozio-ekonomikoa. Aldarrikapen horien defentsa eraginkorrena gehien bat horren alde artikulatu dugunean egin da. Langileen gehiengoak aldarrikapen horiekin bat egiten du, eskubide bat delako, baina baita berma daitekeelako hemen negoziatzea ere, indar korrelazioa bestelakoa izan daitekeelako. Aldarrikapen estruktural horien inguruan bat egitea izango da bide eraginkorrena. Erreformak inposaketak izateaz gain iruzurrak dira, ez dutelako benetan arazorik konpontzen. Eta zatiketa sindikalak ez du batere laguntzen.

R.D.: Erreformak bata bestearen atzetik etortzen dira. Inposaketak dira eta prekarietatea gero eta handiagoa da. Garbi dugu hemen ezinezkoa dela aldaketa politikoa planteatzea aldaketa sozialarekin lotu gabe, eta ezinbestekoa izango da Euskal Herriko instituzioek eta eragile ekonomiko eta sozialek aukera izatea arlo sozio-laboralean erabakiak hartzeko, ekonomia eta industrian behar diren erabakiak eta garapenak izateko. Euskal Herri berri baterako bi elementu horiek erabat uztarturik izan behar dira. Lan eta pentsioen erreformak inposaketak dira, baina, gainera, gure eredu soziala baldintzatzen dute, eta guk parte hartu gabe. Hortik sortu behar den eztabaida politikoa ez dagokie sindikatuei soilik. Behin eta berriro entzuten dugu gure herriak erabakitzeko eskubidea izan behar duela. Eskubidea izan behar du egitura politikoa erabakitzeko, baita gure sistema soziala ere. Burujabetasunaren eta independentziaren aldeko estrategia erabat lotuta izan behar da proiektu sozial batekin. Hortik etor daiteke sindikalismoak egin beharreko ekarpen nagusia; lan harremanetarako euskal esparrua eta euskal esparru sozio-ekonomikoaren aldeko borroka aktibatzea. Ezinbestekoa izango da praxi autodeterminista sortzea arlo sozio-ekonomiko eta sozio-laboralean.

­Zeren falta sentitzen duzue?

A.E.: Aldarrikapen horiek defendatzen ditugunok ez dugula estrategia definituta urrats erabakigarriak egiteko. Estrategia horren falta sentitzen dugu lan harremanetarako euskal esparruaren aldeko adierazpen politikoak egiten dituzten instituzioen aldetik. Aukera badute horren inguruan estrategia instituzional bat proposatu eta sindikatuekin adosteko. Inkoherentzia hortik dator, batez ere ihesbide bat bada, egungo botere banaketaren arabera, ez dutelako erantzunik eman behar. Abiadura Handiko Trena, Zerga Politika eta Sozietate Zerga asko defendatu dute, baina langileei dagozkien erabakiak direnean ez dugu ikusten Madrilen asko defendatzen dutenik.

R.D.: LABek oso argi dauka egoera politikoarekin lotuta nola jartzen dugun mahai gainean estrategia eraginkor bat lan harremanetarako euskal esparruaren alde, nola eramaten dugun hori lantegietara, nola lortzen dugun langileen babesa, zer ekimen egin daitezkeen babes hori adierazteko. Sindikalismoa eragile sozial moduan agertu behar da aldaketa politiko eta soziala sustatzeko. Ezinbestekoa da beste subiranotasun praxi batean sartzea eta hori langileekin egitea. Ezin dugu ikuspegi mediatiko batetik soilik planteatu. Langileak izan behar dira horretarako protagonista nagusiak. Hori landu nahi dugu hurrengo ziklorako, eta gainontzeko sindikatuekin horretaz hitz egin nahi dugu. Batik bat ELArekin.

­Zer edo zer aurreratu duzue ELArekin?

R.D.: Hitz egiten hasi gara, baina ez dugu ikusten epe motz batean hori gauza daitekeenik. Ondo oinarritu nahi ditugu hurrengo ziklo baterako elkarlan kontzeptu batek izan ditzakeen edukiak, perspektibak, lan moldeak eta egin beharreko ibilbide orria. Bukatu da elkarlan eta batasun sindikal aktibista, kurtso baterako, negoziazio kolektiborako edo gai koiuntural bati erantzuna emateko soilik izatea. Gauza horiek hor egon daitezke, baina beste fasean sartzen ari gara, eta hitz egin behar da modelo politikoaz, modelo instituzionalaz, modelo sindikalaz, eta sindikalismo abertzaleak argi egin behar du autodeterminazioaren bidetik independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan. Sozialismo hitza ere beldurrik gabe erabili behar dugulako. Dekantazio estrategiko hori emanda, prest gaude indarrak batzeko.

­Sindikatu barruan belaunaldia berritzen ari zarete.

R.D.: Aspalditik belaunaldi berriei tokia uzten diegu egituretan, arduretan, era integralean egiten ari gara. Plano berean lantzen ari gara emakumeen parte hartzea egitura guztietan. Esan dezakegu sindikatuaren egituretan gazteek daukaten haize berria eta indarra ziurtatuta daudela, betiere esperientzia daukaten kideekin batera. Denoi etortzen zaigu belaunaldi berriei uzteko aukera hori, eta, kasu honetan ere, niri idazkari nagusi bezala. -



«En lugar de avanzar en el proceso hay quien echa el freno de mano»
Rafa Díez y Ainhoa Etxaide relacionan la postura de UGT de Nafarroa sobre el documento de aportación sindical en la solución del conflicto político con otras actitudes que están «echando el freno».

­El documento sindical ha quedado en suspenso.

R.D.: Pensamos establecer unos principios democráticos entre todos los sindicatos y conseguir el apoyo de los trabajadores, pero desde el principio estaba claro que lo teníamos que hacer entre los sindicatos de los cuatro territorios. Y UGT de Nafarroa, siguiendo en su línea de sometimiento a UPN, pone trabas para participar. Tenemos claro que si no entra UGTde Nafarroa no hay documento. No vamos a sacar un escrito de tres territorios. Hay realidades distintas pero estamos en un pueblo, hay un conflicto y para solucionarlo necesitamos un planteamiento general.

A.E.: Que UGT de Nafarroa participe o no no es una cuestión técnica. Queremos un documento que realmente acerque una solución. Una aportación para impulsar el proceso basada en la actual división no tiene ninguna efectividad.

R.D: Hay que unir la postura de UGT y muchas cosas que dice el PSN. En este momento político en lugar de dar pasos, algunos ponen el freno de mano y eso parece dirigido desde arriba, en un «estado mayor conjunto donde se dice: ‘ahora toca esto’». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Java revive la pesadilla del tsunami
Euskal Herria
El Foro de Ibaeta emplaza a Zapatero y a Chirac a reconocer el estatus político de los prisioneros
Ekonomia
«Sindikalismoak behingoz jarrera ofentsiboa hartu behar du boterea eta esparruak berreskuratzeko»
Kultura
Pereak txapela ukitu zuen, Enbeitak jantzi
Euskal Herria
Gurs, un campo de concentración junto a la muga de Zuberoa
Euskal Herria
«Esto no es un 'accidente', más grave que la citación es su intencionalidad»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea