GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-28
Pereak txapela ukitu zuen, Enbeitak jantzi
Oihane Pereak pikardia, ideiak eta freskotasuna erakutsi zituen atzo arabako finalean eta txapela janzteko zorian ibili zen, baina kartzelakoan galdu zuela esan daiteke. Zigor enbeitak ofizioa erakutsi zuen eta berak jantzi zuen. asier otamendi hirugarren geratu zen.

Buruz burukora Oihane Perea eta Zigor Enbeita pasatu ziren eta seiko motzean elkarrekin egin zuten saioan Perearenak izan ziren distirak. Behingoz bere patua ezabatzeko zorian zela ematen zuen, baina alferrik izan zen, berriro bigarren postuan geratu baitzen. Kartzelakoan bera izan zen lehena eta Zigorrek bere hirurak kantatu eta eserlekura zetorrenean eskua luzatu zion agurtzeko Oihanek eta agur horretan aitorpena ere suma zitekeen, Izarrako bertsolariarenak biribilagoak izan baitziren.

Atzoko finalean bat etorri ziren epaimahaia eta Jesus Guridi kontserbatorioko aretoa politean bildu ziren arabar bertsozaleak. Buruz burukora iritsi ginelarik, Perea eta Enbeita jotzen genituen faborito nagusitzat. Asier Otamendi ondo ibili zen, baina gatz gutxirekin ikusi genuen, ideiak faltan balitu bezala.

Oihane eta Zigor buruz buru jarri orduko Naroa Sasieta gai-jartzaileak honako gai hau jarri zien 10eko motzean egiteko:«Adineko ezkongabeak zarete eta bikotea aurkitzeko eratzen diren dantzaldi batean ezagutu duzue elkar. Begira zeinen ederki hasi Oihane:«Pastilla eta mediku/ eta apaizen prediku/guzti hoietaz jadanik gara gu zaharrok gogaitu/baduzu nahiko meritu/ zirrikituz zirrikitu/gaurko honetan emakumeak aterako zaitu (bis)»

«Haundi aurre ta atzea/badauka mala letxea/eta gainera tokatu berak ni ateratzea/ baina beheko trantzea/kostako da altxatzea/ pena lehenago holako neska ez ezagutzea (bis)», erantzun zion Zigorrek .

«Maite dut zure jokua/nahiz ta egon lehortua/ emakume honek ureztatuko du zure ortua/nahiz izan edadetua/ta ez izan perfektua/ zuk aukeratu ezazu aitite heltzeko lekua (bis)», jarraitu zuen Oihanek pikardia handiarekin.

«Betik hola izango da/egin dezagun aproba/ eta goazen dantzalekuko eszenariora/nahiz nere ortuko lora/ez den altxatuko gora/gutxienean dantza egingo dugu gustora (bis)», erantzun zion Zigorrek.

«Ai! zure hitz leunean/ipintzen naiz urrunean/ zure aitite ahots lakarra entzun dugunean/emakumeak emean/ ipini gara ernean/ bueno, dantzatu dezagun biok, baina komunean (bis)», proposatu zion Oihanek.

Bukaera zoriontsua

«Nigana hurbildu zara/ eta dantzan hasi gara/txikia zara niretzat baina hau da hau gozada/ta derrepentean hara!/ paketean badut traba/igo egin da eta goazen danbilenetara (bis)», bukatu zuen Zigor Enbeitak.

Kartzelako gaia oso zabala zen: «Urteetan begiratzera ausartu ez zaren argazki hori atera duzu kutxatik».

Istorio nahasi samarra kontatu zigun Pereak herenamonaren argazkia bere semeari erakutsi aurretik. Hona bere hirugarrena:«Haurdun nengoen ematen zuen zeundela horren ederto/burua galdu baina gorputza ehun urte betetzeko/ ezinezkoa izango dela badakit dagoeneko/ presa zenuen hiltzeko/ eta atseden hartzeko (bis)/ ta ni prest nago hori atera eta hauts guztia kentzeko/tataramona hor dagolako Unairi erakusteko».

Zigorrek egin zuen lanaren adibide modura har dezagun bere lehengoa:«Bi mila ta sei urte polita, ederra izan da dana/ azkenean be heldu egin da nere alaba laztana/ kajoian sartu eskua eta hor dagoen panorama/ pena bat daukat, zure argazkia hain gordeta nik izana/egia da bai zure loba da zure igual-iguala, ama».

Epaimahaiak honela utzi zuen sailkapena. Zigor Enbeitak 468 puntu atera zituen, Oihane Pereak 461,5 puntu, Asier Otamendik 301,5 puntu, 299 puntu Iñaki Viñasprek, 291,5 Manex Agirrek eta 290,5 puntu Juan Mari Juaristik. Inon talde giroa begi-bistakoa bada, Araban da. Bai Pereak bere bigarren postua bai Asier Otamendik hirugarrena kiroltasun handiz hartu zuten, jendetasunez eta gizatasunez ez esatearren. Asier Otamendi beharbada nekatu samarrik ere egongo zen urtea joan eta urtea etorri beti txapelarekin ibiltzen eta honela kantatu zuen bere azken agurrean: «Aurten txapelik ez daukat baina, hala ere nago alai/ biseratxo bat ipiniko dut eta ibiliko naiz lasai/ bertsolaritzak gure Araban badulako hainbat dohai/ mila zorion zuretzat Zigor, zuri entzule ere bai».

Txapeldun birtuala

Eguraldiak ez zuen lagundu atzo eta jendeari kostatu egin zitzaion apur bat Jesus Gurudi kontserbatorioko aretora sartzea, baina bete samarturik zela hasi zen saioa sei finalisten agurrekin. Dopina eta odol transfusioen gaia erabili zuten hitzetik hortzera bizpahiruk. Iñaki Viñasprek ez, berak Gasteizko alkatearen kontra jo baitzuen zuzenean. Jarraitzaile multzoa ekarri zuen mutilak eta talde horrek animatu zuen arratsaldea. Viñaspre bera poliki moldatu zen, bertsolaria da, hazi egiten da mikrofonoaren aurrean eta gorpuzkera dotorea du kantuan. Laugarren geratu bazen ere, bera izan zen atzoko txapeldun birtuala.

Zortziko nagusian Perea eta Enbeita izan ziren zalantzarik gabe onenak. Finaleko bertsorik onenetako bat Oihane Pereak bota zuen Asier Otamendirekin neurri horretan ari zela. Aita-alabak ziren. Oihane alaba. Esan beharra dago suerte pixka bat izan zuela Oihanek gaiekin behin eta berriz emakumearena egitea egokitu baitzitzaion. Jubilatu zenean egindako inbertsio guztiak galdu eta diru eske alabarengana doa Asier 100.000 euro eske eta honela kantatu zion Oihanek: «Ehun mila euro hiru urteko soldata da kasi-kasi/eskean zatoz alabagana egiten nahiko grazi/ markapasosa jarri dizute eta kartera nahasi/hirurogeita hamar urtetan ez duzu ezer ikasi».

«Egia da bai, ez dut ikasi, nahiz izan dudan aukera/ ta bihotzetik gaixo nabil ni ta hortik nahi dut atera/diru horixe utzi ezkero ez da izango kaltera/Kubara joan behar dut ene bihotz hau sendatzera», esan zion Asierrek eta ederki erantzun zion Oihanek:«Kubara joan behar omen duzu barrukoak sendatzera/uharte hortan zu goxatzeko beltzaranik ba ote da?/baretu behar zinela baina, aita, bai zera, bai zera!/bihotza ohostu behar dizute karterarekin batera».

Dotore aritu zen Zigor Enbeita ere neurri horretan, Juan Mari Juaristirekin batean, biak nerabe eta biak umezurtz, Zigor umezurztegian lehendik dagoena etaJuan Mari etorri berri. «Ume garela hara bizitzak guri ein digu eraso/lau horma txarri hauen artean ez dau bizitzerik gozo/egunak luze egiten dira, tristeak benetan oso/orain artean umezurtz zinen, orain umezurtz ta preso», hasi zen bikain asko Enbeita.

Zortziko txikian elkarrekin suertatu ziren Oihane eta Zigor eta polito aritu ziren bi lapurren paperean. Hala ere, neurri horretako bertsorik politenetakoak Viñasprek bota zituen psikiatriko bateko gaixoaren eta medikuaren arteko elkarrizketan gaixoaren paperean.

Puntuari erantzunez ez ziren gehiegi nabarmendu eta 10eko txikian Asier Otamendi eta Zigor Enbeita ondo aritu ziren depilatu nahi duen mutilaren eta depilatzen aspertu den neskaren paperetan. Neurri horretan beste pare bat bertso on utzi zituen Pereak eta bakarkakoan denak ibili ziren motel antzean. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Java revive la pesadilla del tsunami
Euskal Herria
El Foro de Ibaeta emplaza a Zapatero y a Chirac a reconocer el estatus político de los prisioneros
Ekonomia
«Sindikalismoak behingoz jarrera ofentsiboa hartu behar du boterea eta esparruak berreskuratzeko»
Kultura
Pereak txapela ukitu zuen, Enbeitak jantzi
Euskal Herria
Gurs, un campo de concentración junto a la muga de Zuberoa
Euskal Herria
«Esto no es un 'accidente', más grave que la citación es su intencionalidad»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea