Urtzi Urrutikoetxea - Kazetaria
Gakoa Kosovo da
Euskal Herritik aparte aste pare bat emanda, urrundik jarraitu ditut etxeko albisteak eta etxean interesa piztu duten kanpokoak. Ulertzekoa da Montenegroren gainean sorturiko ikusmina, nahiz eta, susmatu bezala, duela aste batzuk arte mapan kokatu ere egingo ez zutenek betiko ahaide bagenitu legez ikusi. Kurdistandik etxera bidean egondako aireportuetan Frantziako eta Alemaniako egunkariak ziren nagusi; lehenentzat gaia agortuta dago, alemanek, berriz, tinta ugari darabilte oraindik Balkanetako herrialdeari buruz.
Istorio triste baten azken urratsa izan da Serbia eta Montenegroren bereizketa, elkar errespetatuz batera bizitzea posible zela erakutsi zuen proiektuaren behin betiko ehorzketa. Serbiar nazionalismoaren erantzukizuna gutxietsi barik, Alemaniak eta Vatikanok babesturiko kroaziarren basake- riek, Ante Gotovina atxilotuta ere, gertakari burutuen politikarekin egiten dute topo: 2006an oso gutxi dira Kroaziako Krajinetara itzuli diren serbiarrak.
Esanguratsua da Montenegrok hamabost urtean egindako aldaketa: Serbiaren anaia txikia, nazionalismo ortodoxoan zutabe ezinbesteko izana, badoa han- diaren aldamenetik. 1992an %90ek batasunaren alde egin zuten, orain erdira jaitsi da kopuru hori. Eta aipagarria da hamabost urteotako gertakarien ostean oraindik ere biztanleriaren ia erdiak Serbiarekiko leialtasun hori agertzea, hiru gerraren ostean estatu paria bihurtu arren. Balkanetako ohiko esaera ziniko batek dioenez, orain bertan aukera balute serbiarrak eurak ere independizatuko lirateke Serbiatik. Ez baita edonolako pagotxa: Balkanetako gerretan Jugoslaviako Armada Federalaren hornitzaile garrantzitsuenetako izana, dozenaka gerra-kriminalen esportatzaile ez ahaztu Radovan Karadzic montenegroarra dela, erabat libre geldituko ei da iraganeko «bekatuez»: Jugoslaviaren ondarea Serbiari dagokio nonbait, eta EBn sartzeko negoziazioetan argi utzi beharko du iraganeko kontuekiko etena. Montenegrok, berriz, eskuak libre Batasunean Kroaziaren ostean sartzeko deskuiduan, harekin batera, turista alemanek Kotor inguruari gustua hartuz gero. Serbia Batasunean sartzetik inoizko urrunen dago, Karadzic eta Mladic entregatu ez dituelako. Montenegrori, ostera, nork eskatuko dio erantzukia, kontuan izanik bere borondatez jarraitu zuela Batasun Federalean, eta haren izenean egindako gerra-krimenetan parte hartu? II. Mundu Gerra osteko Austria gogorarazten du: aliatuek egun batetik bestera aldatu zioten izendapena, eta Alemania naziko zati izatetik herrialde oku- patu izatera biktima, beraz pasatu zen. Montenegron asko dira, ordea, inor serbiar izatekoan eurak direla uste dutenak, mendietan libre, eliza ortodoxoari leial eutsi diotenak, inoiz ere Inperio Otomanoaren menpe jausi gabe.
Hamabost urteren buruan hizkuntza berbera daukaten lau estatu dauzkagu Balkanetan. Titok baturiko serbokroazieraren ordez, serbiera, kroaziera, bosniakoa eta, aspaldion, «montenegroera» izeneko hizkuntza ere entzuten da baz- terretan. Estatu katoliko indartsu bat dago, musulmanak nagusi diren estatu zatitu bat, Serbia handiaren ideiak baztertuta hutsetik ekin beharko dion estatu galtzaile bat eta ideologia eta historia bazter utzita kalkuluak ondo egin eta independentziaren bidea hartu duen laugarrena.
Esan dut lehen ere proi- ektu interesgarri baten hilobiratzea dela. Etxekoak ez baina hurbileko adibideak erabiltze aldera, Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak eta Rossellok estatu bana eratu balute legez. Baina Tudjman, Milosevic eta enparauak atzean utzi ostean, Jugoslaviaren ideia gero eta leku gehiagotan entzuten da. Karahasan, Ugresic edo Jergovic bezalako idazleen hausnarketak oso interesgarriak dira sarean bilatu gura dituenarentzat, baita Emir Kusturica zinemagilearen polemika ere, islama utzi eta eliza ortodoxora bildurik. Oraingoz Jugoslavia hura berregitea ezinezkoa da, baina epe laburrean ez bada, ertainean, zauriak itxi ahala, Jugoslaviaren garrantzia eta onurak atzera ere azaleratuko direlakoan nago. Istriatik Bulgariako mugara hizkuntza bakarra dagoela gogoraraziz, historiako tragedien, izenen eta erlijioen gainetik. Berriz ere benetako burujabetza lantzeko sasoia izan liteke, Alemania, Vatikano, Turkia, Errusia edo Grezia bezalako konpainia txarrak bazter utzita.
Montenegron gutxiengoei esker erdietsi dute eskaturiko gehiengoa, estatu txikian euren pisua handiago izango dela jakitun. Baietza ia erabatekoa izan da albaniarren herrietan eta Sandzakeko bosniako askok ere kalkulu berdina egin du. Azken horiek independentzian gehiegi sinetsi gabe, musulmanak nagusi diren Sandzak eskualdea zatitzen ari baitira, baina iragan hurbila gogoan, ulertzekoa da konfiantza handiagoa izatea Montenegro independentean. Askoren azken helburua, ordea, atzera ere Bosniarekin bat egitea da, 1878ra arte egon ziren legez. Eta hor hasten dira aurrera begira sor daitezkeen gatazkak. Kosovokoa dator orain, eta Bosniako serbiarrek gero eta ahots ozenagoz diote hori onartuz gero eurek ere badutela eskubidea estatutik bereizi eta Serbiarekin bat egiteko. Jugoslavia desegiteko prozesua amaitu da, sei errepublika federalak bereizi dira eta estatu bana daukate. Jugoslaviak bazeukan klausula hori, besterik dira geroko basakeriak, baina estatutik bereizteko aukera aurrez ikusita zegoen legean.
Kosovoko kasua desberdina da. Serbiar nazionalismoaren eraginez Kosovo nazioaren sorlekutzat baitute eta Jugoslaviaren es- laviar izaerarekin ez ze- torrenez bat Kosovoko gehiengoaren albaniartasuna, Serbiako barruko probintzia izan zen Errepublika Federalean. Titoren azken urteetan, Milosevic baino lehen, de facto sei errepublika federalen pare egon arren. Baina ez zitzaien Jugoslaviatik edo Serbiatik bereizteko aukera edo ahalmena eman. Gertatutako guztiaren ostean, argi dago kosovoar albaniarrek ez dutela independentzia baizik onartuko, orain arteko legedian sartzerik ez dagoen arren. Esan dut, Montenegrorena, atsegin ez arren EBn pisu handiena duten estatuek ez dute begi onez ikusten mugak ukitzea, etxeko ispiluari begira; Alemaniak izan ezik, noski legezko aurreikuspen bezala onar zitekeen. Kontuak kontu, Kosovo independente izango da laster.
Gaur Montenegro, bihar Euskal Herria entzun dugu, baina gureak etzi beharko du. Bihar Kosovoren txanda da. Independente dira izatez, gu ez bezala, naziorik gabeko estatu dira, baina horrelakoak badira gehiago, hara Zipre. Bost axola kosovoar naziorik ez existitzea, Kosovok bere estatua izango du. Oraintsu irakurri nuen banderarik ere ez daukatela oraingoz, Albaniakoa erabili baitute. Baina estatuek banderak dauzkate eta, hala bada, ez dago auzoaren oihalarekin ibiltzerik. Berria egin dezakete, Bosnian legez, inor gutxi identifikatuko bada ere. Arazoak arazo, nazioarteko legedia eta antzeko berba potoloak irentsiko ditu laster Europak, autodeterminazio-eskubideari buruzko erretolika faltsuekin batera, eta Kosovo independentea onartuko dute. Orduan bai, motorrak berotu eta esango dugu: hurrengoak geu. -
|