«Irekitzen ari den bidean ‘apartheid’a gainditzeko urratsak ezinbesteko dira»
«Euskal Herriaren historiaren eta eskubideen sinbolo» den Iruñeko Foruen Monumentu parean «Euskal Herrian irekitzen ari den bidean ‘apartheid’a gainditu beharra» dagoela esan zuten atzo legez kanpo utzitako plataforma abertzaleen ordezkariek. Hori egitera dei egin zioten Gobernu espainolari eta hiru urte luzez ez dagozkien karguak dituzten guztiei.
IRUÑEA
Estatu espainolak legez kanpo utzitako plataformek lan eskerga egin dute aste honetan, udal hauteskundeak izan zirenetik hiru urte bete diren honetan egoerak konpondu gabe jarraitzen duela salatzeko. Atzo, horien ordezkari ugari batera agertu zen Iruñean, Foruen Monumentu parean, oraingo egoera politikoari erreparatuta «‘apartheid’ eta ilegalizazioa gainditu beharra dagoela» berresteko.
Iruñea Berriko Expe Iriartek eta Bilboko Herria Aurrera-ko Arantza Urkaregik irakurri zuten agiriak hiru «oinarri» ditu:batetik, eskubide politiko eta zibilen aldeko apustua egiten duten eta ofizialki onartuak ez diren hautetsiak;bigarrenik, dei egiten zaio Gobernu espainolari ilegalizazioa bertan behar utz dezan, eta aldi berean, Euskal Herriko alderdiei «horri aurre egiteko» eta ez dagozkien karguak herriak aukeratutakoenen eskuetan jartzeko eskatzen zaie; hirugarrenik, beren eskubideen alde borrokan segituko dutela adierazten dute Iruñean bildutakoek, «Euskal Herriari eta bere askapen prozesuari» egin ahal dioten «ekarpenik garrantzitsuena» delakoan.
Ilegalizazioa gainditzeko beharra ez ezik, aukera ere badagoela ziurtatu zuten. «Azken hiru urte hauetan, ukazio zurrun- bilo honen guztiaren barnean, ehun hautetsi baino gehiagok ez zegozkien karguari uko egin diote. Egoera hori gainditu beharraren inguruan ahots asko agertu dira, baita lege hau bultzatu duten alderdietan ere. Eta herritarren gehiengoak denboran egun bat ere atzeratu gabe ukazio hau gainditzeko exijitzen du», ekarri zuten gogora.
Herriz herri, legalizazioaren aldeko mobilizazio ugari egin dituzte egunotan. Beste adibide bat emateagatik, Zarautzen ostiralean 120 pertsona bildu zituen manifestazioa aipa daiteke. Getxon ere mobilizazioa egin zuten ostegunean. Atzo, bertako Ezker Batuko ordezkariek egoitzan Aitor Lafuente kidea «lapurtzat» jotzen duten margoak agertu direla salatu zuten, eta holakoak onartezinak direla ziurtatu zuten.
|