PDGORICA
«Serbia estatu demokratiko bat da. Ez da Slobodan Milosevicen Serbia. Iritzi ezberdinak izan ditzakegu, baina printzipio demokratikoak errespetatu behar ditugu», azaldu zuen atzo Montenegron prentsa aurrean Boris Tadic Serbiako presidenteak.
«Emozioak baztertu behar dira. Burua hotz mantendu behar dugu antzeko interesak aztertzeko, hala nola ekonomia, kanpo arazoetarako auzia eta defentsa», esan zuen.
Joan den igandeko erreferendumean independentziarako baietzak aise irabazi ondoren Serbiako goi agintari batek Montenegrora egiten duen lehen bisita da Tadicena.
Lehen orduan Milo Djukanovic Montenegroko lehen ministroarekin bildu zen, Jugoslavia ohiko errepublika horrentzat independentzia lortu duen liderrarekin. Ondoren Montenegroko presidente Filip Vujanovicekin prentsaren aurrean agertu zen, bi herrialdeetako ikurrak ageri-agerian zirela.
«Montenegro eta Serbiaren arteko harremanak munduan bi estaturen artean sor daitezkeen onenak izan behar dira», azaldu zuen Vujanovicek.
Iritzi horrekin bat etorri zen Tadic eta «arduragabekeriatzat» jo zuen bi errepubliken arteko mugak zorroztea, “Serbia Handiarekin” amesten duten hainbat sektoreengan aste honetan entzun den aldarria.
Erreferendumaren emaitzari helegitea jarri dioten unionisten buruzagi Predrag Bulatovicekin ere biltzekoa zen atzo Tadic presidentea.