GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-05-28
hezkuntza eredua euskal herrian
Eskola euskalduntzeko beharraren eta nahiaren isla dira batutako 107.000 sinadurak
Ehunka lagunek eman diote amaiera Bai Eskola Euskalduntzeari! ekimenaren lehen urratsari, sinadura bilketari, alegia, eta txalo zaparrada bikaina eskaini diete kanpainaren sustatzaileei eta sinadura bilketa prozesuan zehar laguntza eskaintzeko konpromisoa hartu duten eragileei. Izan ere, guztira 107.768 pertsonak izenpetu dute eskolak euskaldundu behar direla eta egun indarrean dauden hizkuntz ereduek porrot egin dutela baieztatzen duen agiria. Hurrengo urratsa sinadurak eskumena duten erakundeetara bideratu eta hezkuntza sistema aldatzeko eskaera egitea izango da.

DONOSTIA

Donostiako kaleetan zehar egin ziren Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenaren lehen faseari amaiera ematen dioten urratsak. Ehunka pertsona batu ziren Bulebarrean azken hilabeteetako sinadura bilketa etengabeak eman dituen emaitzen berri izateko irrikaz zein hezkuntza sistema euskalduntzea bultzatzeko elkarretaratzeko parte izateko prest.

Azken ekimena “maniFESTAldi” izendatu zuten antolatzaileek eta, sinadura kopuruaren berri izan ostean, giroak ez zion muzin egin izendapenari. Guztira, 107.768 izenpe batu dituzte hiru hilabetetan eta ekimenaren sustatzaileetako batek azaldu zuenez, egindako esfortzuak merezi izan du. «Gaur ematen diogu bukaera kanpainari eta hiru hilabete hauetan ehun mila sinaduratik gora bildu ditugu. Horrek erakusten du zer-nolako atxikimendua dagoen eta herritarren nahia eta borondatea dela eskola euskalduntzea eta euskara ezagutzeko eskubidea herritar guztiei bermatzea», esan zuen Mikel Irastortzak. Gaineratu zuenez, eskaera sozial horri «erantzun egokia eman behar zaio». Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenaren hurrengo pausoa bildutako sinadurak erakunde eta alderdi politikoetara bideratzea izango dela adierazi zuen.

Euskal Herriko txoko guztietara

Datozen hilabeteetan, sinaduren kudeaketa egin eta Euskal Herriko erakundeei aurkeztuko dizkiete. Horrela, arduradun politikoekin biltzeko eskaera egingo dute, hezkuntza sistemaren aldaketa eskatu eta herritarren borondatea errespeta dadila eskatzeko xedez. Zehazki, Gasteizko eta Nafarroako Gobernuen eta Estatu frantseseko agintarien aurrean aurkeztuko dituzte sinadurak eta eskaera zehatza jarriko diete mahai gainean: «Euskararen ezagutza bermatuko duten neurriak har ditzatela ahalik eta lasterren eta behar den ausardiarekin. Eskaera aintzat hartu eta euskalduntzea bizkortzeko borondatea erakutsi eta neurri politikoak hartu behar dituzte».

Bilera horiez gain, ekimenaren barnean dinamikak egiten eta «pauso berriak ematen» jarraituko dutela ziurtatu zuten. Alde horretatik, dei egin zieten kanpainaren lehen fasean euren laguntza eskaini duten eragileei, euren konpromisoak sendotu eta etorkizunean ere eskolak euskalduntzearen aldeko borrokarekin jarrai dezaten.

Aipatu datuak aintzat harturik, kanpainaren balorazio «erabat positiboa» egin zuten ekimenaren sustatzaileek. «Euskal Herriko txoko guztietara iritsi da aldarrikapena, hamasei eragile batu gara ekimen honen inguruan eta euskal herritar guztiek izan dute beren sinadura emateko aukera. Horrek erakusten du euskararekiko dagoen atxikimendua eta agintarien gainetik herritarrak daudela. Beraz, orain agintariek behar den erantzuna eman behar dute», adierazi zuten.

Hartara, herriak egin duen «eskaera sendoari» gobernuek jaramon egin eta «behar den aldaketa lehenbailehen» bultzatuko dutela espero dute.

Antolatzaileek eskerrak besterik ez zituzten izan hilabete hauetan guztietan kanpainarekin bat egin duten eragile zein norbanakoentzat eta, zer esanik ez, hezkuntza sistema euskalduna sustatzeko konpromisoa bere egin duen ororentzat. Izan ere, hiru hilabete hauetan eragile ugarik bere egin du herritarren artean aldarrikapena zabaltzeko ardura, euskalgintza eta hezkuntza arloan dabiltzan eragileak gehienak: Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Oinarriak, Topagunean, AEK, IKA, EHU, UEU, Euskal Irratiak, Ikas, Sortzen Ikasbatuak, LAB, Euskal Herriak Bere Eskola, Ikasle Abertzaleak, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa eta Hiru Sareta. Horiez gainera, atzoko manifestazioarekin bat egin zuten Batasuna, Aralar, Abertzaleen Batasuna, EAE-ANV, Askatasuna, Segi, Bilgune Feminista, Lurra, Ekologistak Martxan, Berri-Otxoak Plataforma, Mutriku Natur Taldea, Duina, Bai Euskal Herriari, Hiru, EHNE eta Udalbiltzak.

Hasi besterik ez da egin

Kanpainak jaso duen babes zabala eskertu eta herritarrek erakutsitako jokabidea txalotu bazuten ere, kanpainaren sustatzaileek argi azaldu zuten Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimena hasi besterik ez dela egin eta hurrengo hilabeteetan ere lan mardula egin beharko dutela eskolak euskalduntzearen aldeko prozesua martxan jar dadila bideratzeko.

«Gaur kanpaina bati amaiera emanen diogu, baina bihar, etzi, eta gure helburuak lortu arte lanean jarraitu behar dugu. Dei hori da luzatu nahi dizueguna. Egin dugun indar bilketari, elkarlanari eta eskaerari jarraipena ematea, bakoitzak bere herrian, auzoan, ikastetxean edota lantegian», nabarmendu zuen.



«Hizkuntza eskubideak bermatu arte ez dugu etsiko»
Manifestazioaren ostean egindako agerraldian kanpainan parte hartu duten eragile guztiek euskararen ofizialtasuna eta egungo eskoletako hizkuntza ereduen aldaketa babestu zuten, eskumena duten erakundeei eskolaren bidezbelaunaldi berriak euskalduntzea bermatzeko exijitu zieten eta, horrekin batera, euskararen aurkako erasoak behin betirako eten ditzatela eskatu zuten. Agerraldiarekin amaitu aurretik, hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan bermatuta egon arte ez dutela amore emango ziurtatu zuten eta herritar bakoitzaren

parte-hartzea eta hartu duen konpromisoari eustea ezinbestekotzat jo zuten. -



«Instituzioen aurretik jarri gara herri erakundeak»

DONOSTIA

Iragan den urtarrilean Bai Eskolak Eskalduntzeari! ekimena aurkeztu zenetik hamasei izan dira kanpainarekin bat egin eta sinadura bilketan aktiboki parte hartu duten eragileak. Beste horrenbeste izan dira atzoko manifestazioari sostengua adierazi eta hezkuntza sistemaren aldaketaren zein euskararen normalizazio prozesuaren hasiera aldarrikatu zuten eragileak. Horiez gain, dozenaka herri erakundek sinadura bilketa etengabean jardun dute eta koordinatzaileek horien lana goraipatu zuten bereziki: «Oraingoan ere, herri erakundeak eta herritarrak instituzioen aurretik jarri gara eta halaxe jardungo dugu Euskal Herrian hizkuntz eskubideak bermatu bitartean. Instituzioei dagokie eskubideak bermatzea eta horregatik nabarmentzen dugu euren erantzukizuna, baina, era berean, herritarron parte-hartzea eta eguneroko lana ezinbestekoa da bide horretan».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Java revive la pesadilla del tsunami
Euskal Herria
El Foro de Ibaeta emplaza a Zapatero y a Chirac a reconocer el estatus político de los prisioneros
Ekonomia
«Sindikalismoak behingoz jarrera ofentsiboa hartu behar du boterea eta esparruak berreskuratzeko»
Kultura
Pereak txapela ukitu zuen, Enbeitak jantzi
Euskal Herria
Gurs, un campo de concentración junto a la muga de Zuberoa
Euskal Herria
«Esto no es un 'accidente', más grave que la citación es su intencionalidad»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea