DONOSTIA
«Hezkuntza norbanakoen eta herrien garapenerako oinarria da eta, zalantzarik gabe, herri eraikuntzarako eta gizarte eraldaketarako ezinbesteko tresna». Abiapuntu hori oinarri harturik ekin zion Batasunak Euskal Herriko hezkuntza sistemaren azterketari eta atzo aurkeztu zuen «hezkuntza ezkerretik eraikitzeko eskaintza politiko berritua».Taldeko bozeramaile Marije Fullaondoren hitzetan, proposamenaren helburua «egungo markoak eta eskemak gaindituz, ezkerreko parametroetatik, Euskal Herriko hezkuntza eredua definitzea eta nazio mailako hezkuntza sistema burujabe, publiko eta herritarra egituratu eta egikaritzea da».
Batasunaren eskaintzak egungo sistema eraldatzeko beharra jartzen du mahai gainean eta ikasleei eskaintzen zaien eskolan euskal kulturak eta euskarak erabateko presentzia izan behar duela zehazten du, kultur aniztasuna eta eleaniztasuna alboratu gabe. Hartara, lehentasuna ematen dio euskararen normalizazio prozesua sustatu eta euskal curriculuma aplikatzeari, ezinbestekotzat jotzen baitu euskaraz hezi eta bizitzea bermatuko duen sistema osatzeko.
Gizabanakoaren garapen osoa defendatzen du ekimenak, «hezkuntza ikuspegi bateratutik aztertu eta eraikiko duena» eta hezkuntza formala eta ez formalaren arteko osagarritasuna ahalbidetzeko baliagarri izango dena.
Gizartea eraldatzeko tresna
Eskaintzak barnean hartzen du herri garapena sustatzea eta, alde horretatik, gizartearen eraldaketa bideratzeko tresnak ahalbidetu nahi ditu, helburu zehatz batzuk izango dituena; gizartea kohesioa zein parte-hartze demokratiko eta parekidea bultzatzea, zientzia, teknologia eta informazio iturriak egoki erabiltzea, globalizazioaren arriskuak ezagutu eta gainditzea eta gizarte anitz eta gogoetatsua erdiestea.Hezkuntza sistemaren subjektu nagusiak ikasle eta irakaslek direla aintzat hartuz, «guztion eskubideak gauzatzeko bitartekoak eskainiko dituen» plangintza osatzea ezinbestekotzat jotzen du eta irakasleen etengabeko hausnarketa bideratzeko bideak zabaltzea proposatzen du.
Era berean, hezkuntzak publikoa, herritarra eta partehartzailea izan behar duela aldarrikatzen du: «Egungo sare eskemak gaindituz, betebehar eta eskubide berberak izango dituzten ikastetxeen sistema berria eta publikoa osatzearen aldeko apustua egiten dugu. Partaidetza kolektiboan oinarritutako proiektu herritarra da gurea, eta bertan zentroen autonomia ardatz, ikastetxe bakoitza bertako komunitatearen erabaki demokratikoetan oinarritzen da».
Hartara, egituraketa propioa duen sistema hobesten du, herri eta herrialdeen nortasunaren araberako egitura duena eta, aldi berean, nazio antolaketa bideratuko duena.
Ardatz horietatik abiatuz, Batasunak iragarri du ikasturtea amaitu aurretik hezkuntza eragileekin zein eragile politiko eta sindikalekin harreman dinamika bat abiatuko duela, alternatiba aurkeztu eta euskal hezkuntzaren inguruko ikuspegiak batzeko. Bestalde, herri eragileen ekarpenak ere biltzeko asmoa du: «Gure egin nahi ditugu iritzi, kezka eta aldarrikapenak, herri borroken ispilu izanik, gure hezkuntza alternatiba osatu eta, elkarlanean, herri eraikuntzan urrats sendoak hitzartzeko».