Santo Domingo, Madagaskar, Ekuador eta beste hainbat herrialdetatik etorritako kakaoak dastagai ziren atzo Baionako karriketan. Lapurdiko hiriburua txokolatearen hiri nagusi izendatua dagoenez gero, berezitasun hori ezagutarazteko, iaz txokolatearen eguna antolatzeari ekin zioten.Ostiralean, Ekuadorri buruzko erakusketa batekin abiatu ondoren, karriketako txokolategileen egun garrantzitsuena izan zen atzo. Karrikaz karrika, txokolatearen artisau guztiek beren uztak eman zituzten dastatzeko goizetik arratsera. Baionako txokolatearen izen handien txokolatezko gozokiak doan jateko aukera eman zuten, Daranatz, Cazenave, Paryes, Puyodebat txokolategileenak.
Port Neuf karrikan txokolategileen saltoki nagusiak daudelarik, dastatze ibilaldia bertatik abiatu zuten eta Espainia karrika arte heldu ziren bertaratu ziren herritar eta turistak.
Txokolategile bakoitzak mahaia eta txokolatez beteriko eltzea atera zuen bere saltokiaren aurrera. Burdinezko makila batez lagundurik, praline edo beste txokolate mota batez eginiko bolak eltzeetan sartzen aritu ziren egun osoan, ondotik dastatzera emateko.
Banan-banan sartuak, txokolate denda bakoitzaren aitzinean txokolate puska hori ukan ahal izateko ilarak antolatzen zituztela ikus zitekeen. Jende anitz izanik ere, bertaratu zirenak pazientzia handia izaten zuten txokolategileak beren lana egiten ikusteko eta gero jan ahal izateko.
Baten batek pazientzia galdua zuela, honakoa galdetzea menturatu zen: «Baina horrela egiten al duzue lanean zaudetelarik ere?». Eta, artisauak, harrotasun handiz erantzun zion: «Bai, horrek gaitu ezberdintzen txokolate industrialarengandik». Horrela, txokolateak eltzean jarri orduko, berriz ere, zaleek itxaron egin behar izan zuten, txokolatea lehortu arte. «Dagoen beroarekin txokolatea ez da erraz lehortzen», argitu zuen egile batek.
Zizelkaria
Txokolategi gehienak dastatzeko aukera eman bazuten ere, Daranatz eta Cazenave Baionako txokolategile zaharrenek beste era batera erakarri zituzten bezeroak.
1870ean sorturiko Darantz saltokiak, izan ere, txokolate zizelkari bat gonbidatu zuen ekitaldirako. Saltokiaren aurrean jarrita, zizelkariak egun osoa eman zuen txokolate eskulturak egiten, eta baten batek izan zuen aukera eskultura eder horietariko bat jateko.
Cazenave, Baionako txokolategi zaharrenenaren berinan, berriz, bideo bat jartzea erabaki zuten. Bertan, bakoitzak ikusten ahal zuen zer-nolako moldaketak egiten zituzten kakaoa txokolate gozo bilakatzeko. Paryes saltokiak, azkenik, txokolate mota ezberdinak jarri zituen dastatzeko. Produktuaren %97 kakaoz eginda zegoen txokolatea izan zen bertan zeudenei gutxien gustatu zitzaiena.Halere, Baionan atzo txokolatearen besta egin zuten heinean, herriko errugbi taldearen urteko partida garrantzitsuena ere izan zen. Eta, asko txokolatea dastatzen aritu baziren ere, burua partidaren emaitzan zeukaten jarrita.
Espainia karrikan kokatua dagoen Puyodebat txokolategiak, izan ere, herriarentzat hain garrantzitsua den gertakizun hori ospatzeko, saltokiak daukan txokolatezko ur-jauzia taldearen koloreekin jarri zuen, hots, txokolate urdina ateratzen ikusten zen bertatik. Baina, halako batean, guztiak emaitzaren zain zeudelarik, txokolatea banatzen zuen artisau horietako batek mugikorraren bidez izan zuen emaitza tamalgarria: «Aviron Baionakoa taldeak galdu egin du partida!».
Berriaren tristura ahanzteko jarraitu zuten Baionarrek txokolatea jaten. Herriko karrikak txistulariekin animatu zituzten, baita Hego Amerikako eta bereziki Ekuadorreko musikariekin ere. -