Joseba TOBAR-ARBULU | Euskal PEN Klubaren ordezkaria Berlingo Kongresuan
«Nazioartean aritzeak izugarrizko garrantzia du guretzat»
Joseba Tobar-Arbulu Euskal PENKlubaren ordezkaria izan da Berlinen gaur amaituko den kongresuan. Laura Mintegi Euskal PEN Klubaren lehendakaria ere han izan da, nazioarteko PEN kluben ordezkariekin hainbat gai aztertzeko. Horien artean, Iñaki Egañari Estatu Batuetako sarrera debekatu izana salatu du asanblada nagusiak.
Aste osoan Berlinen egin duten kongresuan Toni
Morrison eta J.M. Coetze izendatu dituzte International PENeko lehendakariorde.
Gainera, Gloria Guardia aukeratu dute International PENen barruan dagoen
Fundacion Iberoamericanaren presidente. Horretaz gain, Zuzendaritza Batzordea
berrizteko hauteskundeak izan dira eta aurkeztu diren bost hautagaietatik bi
izendatu dituzte: Cecilia Balcazar de Bucher kolonbiarra eta Eugene Schoulgin
norvegiarra.
Hau izan da zure lehen partaidetza
International PENeko kongresu batean. Zein izan da zure inpresioa? Lehendabizi zergatik etorri nintzen esan behar dut. Laura Mintegik esan zidan Euskal PEN zuzendaritzakoek nire izena aipatu zutela Berlingo kongresura joateko. Ez dut nire burua idazletzat hartzen eta ez nuen argi, baina hori da Andolin Eguzkitza zenak behin eta berriz esaten zidana, alegia, fikzioa egiten ez dugun egileak ere idazleak bagarela. Beraz, alde batetik Laurak, eta bestetik AndolinekŠ ez nuen argudiorik ezetza emateko. Bestetik, penkidea naizen aldetik, informazioa baneukan Euskal PENi buruz, eta aspaldiko kezka nuen ea zer egon zitekeen WfPC (Writers for Peace Committee) delakoaren atzean. Eta jakin-min horrek bultzatu ninduen. Inpresioa? Ez gara konturatzen nolako garrantzia daukan Nazioarteko PEN partaidea izateak. NBEren antzeko erakunde bat da, baina ezberdintasun eta abantaila askorekin. Alde batetik, ez daude soilik eratutako estatuak, baizik eta herriak ere eta, beraz, gu bezalako estaturik gabeko nazioak ere badaude. Bestalde, ez dago beto aukerarik. Zentro bakoitzak boto bat dauka, besteen balio berekoa. Bigarren inpresioa da izugarri aberatsa dela hemen egotea. Hindu batekin gosal dezakezu, kafealdian txetxeniar batekin egon, bazkaltzeko orduan zure ondoan korear bat edo Gunter Grass egon daiteke, eta geroago Nadime Gordimerren ondoan garagardoa har dezakezu. Eta horrela etengabe. Dudarik gabe, ingelesa beharrezkoa da. Zein ekarpen egin diezaioke Nazioarteko
PENek euskal kulturari eta literaturari? PENen barruan, eginkizun ezberdinak daude. Kasurako, adierazpen askatasunaren defentsa, eta hori apartekoa da, nahiz eta norberaren iritzien kontrakoak izan, beste iritzi batzuk entzun behar. Beste ezaugarri bat da munduan zehar preso dauden idazleen aldeko kanpainetan alde agertzea, eta guk, euskaldunok, badakigu, euskal idazleak preso egotea zer den. Beraz, PENek kontu horretan ere lagun diezaguke. Bestalde, gatazkan dauden herrialde ezberdinetako idazleen artean zubi modukoa egitea du xede. Eta orduan oso interesgarria izango litzateke espainol eta frantses idazleen eta gure artean nolabaiteko zubi bat egotea edo gauzatzea, norberaren iritziei eusten, baina besteena ere entzuten. Beste gauza bat ere aipatu nahiko nuke, eta hori nire esperientziatik diot, Ipar Europako herrialde askotako jendearekin hitz egiteko aukera izan dugula, kasurako, Finlandia, Norvegia eta Danimarkako jendearekin, baita Quebec eta AEBetako idazleekin eta, halaber, Kosovo, Eslovenia eta, noski, Txenetxeniako idazleekin ere, eta horiek guztiek Euskal Herriaz, oraingo egoera berriaz eta euskararen beraren egoeraz galdetu digute etengabe. Gure egoeraren berri emateaz gain, ba al
dago etekin praktikoagorik ateratzerik? Ez al gara agertzen jakingura bat
bezala, atsegina baina pisu gutxikoa? Gauza praktikoaz hitz egiteko esan behar da “Egunkaria”ren kasua gertatu bezain pronto nazioarteko penkide guztiek onartu eta salatu zutela, katalan eta ingelesen bidez. Iñaki Egañaren kasua ezagutu eta berehala salatu dute. Eta aukera izan dugu Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoa azaltzeko. Adierazi dugu, Frantziak ez duela sinatu Eskubide Linguistikoen aldeko Ituna. Kezka bere egin dute eta seguru asko horren gainean ere ekimenen bat edo beste egingo da. Hau da, gehiago ezin daiteke eskatu gure zentroaren historia laburrerako. Beste aldetik, hemen argi eta garbi ikus daiteke zer-nolako arazoak dauden munduan zehar, edozein herritan idazleak zapalduta gaude, kartzelatuta, eta areago, erail egiten dituzte beren ideiak eta jarrerak defendatzeagatik. Eta gu ez gara inor baino handiago ezta txikiago ere, beste bat gehiago baizik. Zer dakarzue Berlinetik hemendik aurrera
egiteko? Gauzatxo asko. Alde batetik, Euskal Herrian bertan zabaltzea Euskal PEN Kluba Nazioarteko PENen egoteak daukan garrantzia. Nik dei berezia egin nahiko nieke kazetariei, ni bezalako non-fiction-eko idazleei, Euskal PEN Klubean parte har dezaten eta, horren bitartez, Nazioarteko PENen, benetan aberatsa eta garrantzitsua delako. Izugarrizko garrantzia du guretzat nazioartean aritzeak. -
|