Kukai eta Tanttakaren dvd-a kalean da
·Lau urtetan bi taldeek elkarrekin egin duten ibilbidearen emaitza ikus daiteke
DONOSTIA
“1937 gogoaren bidezidorretik” (2002) eta “Otehitzari biraka” (2005) ikuskizunak bildu dituzte Tanttaka Teatroak eta Kukai dantza taldeak kaleratu duten DVDan. Azken urteotako elkarlanaren emaitza dira bi ikuskizunak, bata 36ko gerran Euskal Herritik alde egin behar izan zuten haurren epopeia ardatz hartuta egindako lana da eta bestea Jorge Oteizaren irudian oinarritutako proiektua. Azken horretan Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel F. Krutzaga musikariek lan horretarako bereziki sortutako kantuak entzun daitezke.
Lau urte pasatu dira eta oraindik badituzte “1937, gogoaren bidezidorretatik” ikuskizunaren emanaldi batzuk emateko. “Otehitzari biraka” obra, berriz, bete-betean dago eta han-hemen ari dira eskaintzen. Gainera, lan horren frantses eta euskarazko eta frantses hutsezko bertsioak prestatzen ari dira Ipar Euskal Herrian eta Parisen erakutsi ahal izateko. Horrez gain, datorren irailean Tarregan egingo den antzerki azokara joatekotan dira.
|