Giro onean ari da ospatzen Oñatin Mundumira jaialdia
Munduko kulturen bilgune bihurtu da Oñati asteburu honetan. Kanpora begira jarri da batetik Mundumira jaialdia, atzerriko musika, jaki eta ohiturak ezagutu eta haiekin gozatzeko aukera eskaintzen baitu, bai ikusiz bai lantegietan parte hartuz. Era berean, ez du bertakoa ahaztu, Oñati eta inguruak ezagutzeko ibilaldiak ere antolatu baitituzte.
OÑATI
Euskal Herriko eta atzerriko musika doinuak uztartuz hasi zen Mundumira jaialdia ostiral gauean eta atzo Oñatira joan zirenek ere ez zuten aspertzeko betarik izan, bazen non aukeratua-eta: hainbat herrialdetako janari eta edariak dastatu, bidezko merkataritza proiektuak ezagutu, antzerkiaz, musikaz eta dantzaz gozatu... denetarik egin zitekeen.
Batzuek eguna lasaixeago pasatu zuten bitartean, beste batzuek, 06.00etarako abian jarri, eta Hiru Tenpluen Ibilaldia egin zuten, Loiolako Santutegia, Antiguako baseliza eta Arantzazuko santutegia ardatz hartuta. Baziren beranduxeago Arantzazuko bidezidorretan barna ibili zirenak ere. Hirugarren talde batek herri inguruak ezagutzeko aprobetxatu zuen.
“Euskal Herria” aldizkariak, Debagoieneko Mankomunitateak eta Gintonic produkzio etxeak antolatutako festak bigarren edizioa bete du iaz Arrasaten egin zuten eta handituz doa pixkanaka, haur zein helduentzako ekitaldi sorta oparoa eskainiz. Beti ere kultura, natura, gastronomia eta elkartasuna ditu zutabe.
Gaur ere, goizeko zortzietan mendi ibilaldiekin hasi eta iluntzea bitartean 12 Triburen kontzertua da azken ekitaldia bada non aukeratu Mundumira jaialdian. Haurrentzat magia ikuskizuna eta rokodromoan Boulder txapelketa egingo dituzte eguerdi-partean.
Ondoren Mariem Hassanek basamortuko musika eta dantzak ekarriko ditu Oñatira, eta Dúmbala Canalla taldearekin ekialdeko erritmoak jarraitzeko abagunea izango da.
Brasil, Txile, Portugal, Tibet, Kuba eta Madagaskarretik iritsitako doinuak entzun dira edizio honetan, besteak beste, Euskal Herriko taldeekin batera.
Jaki goxo eta edari freskagarrien bidez, berriz, Siria, Mexiko, Ekuador, Bretainia eta Sahara hurbilago izan dira asteburu honetan.
|