GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-30
Euskal Herria Kurdistan clash
Amed hirian egitekoa zuten folklore jaialdira abiatu ginen Bilbotik Asier Gonzalez, Jon Gaminde, Uxue Alberdi, Urtzi Urrutikoetxea, Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Goretti Rodriguez eta zortziok. Euskal Herritik joan behar zuen taldeak huts egin zuen, eta han egunero emanaldia eman behar genuen. Entsegurik egiteko denborarik ez, baina ilusioz gainezka trikitia, txalaparta, alboka, gitarra, dultzaina, txirula eta adarra hartu eta Kurdistan aldera joan ginen.

Kurdistanera?», esan nion harrituta Urtzi Urrutikoetxeari, duela hilabete telefonoz deitu zidanean, ea herrialde hartara astebete joan nahi nuen galdetzeko. Zirt-zart erantzun behar omen nuen, epetik kanpo genbiltzalako, eta beraz, ondo zer nioen jakin gabe, baiezkoa eman nion.

Apurka-apurka bidaiaren zehaztasun gehiagoz enteratu ginen. Kurdistan lau estatutan banatuta dagoen nazioa da eta Turkiaren menpe dagoen lurraldeko hiri batean, Amed-en hain zuzen, folklore jaialdi bat antolatzekoak ziren.

Euskal Herritik joan behar zuen taldeak huts egin zuen azken mementoan, eta, hala, Juan Sorin euskaldun erdi-kurduak bere inguruko jendearekin talde bat osatzen ahalegintzeko eskatu zion Urtzi Urrutikoetxeari.

Hori baino askoz gehiago jakin gabe iritsi ginen Amed-era hilaren 13an Asier Gonzalez, Jon Gaminde, Uxue Alberdi, Urtzi Urrutikoetxea, Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Goretti Rodriguez eta zortziok: bidaia egiteko espresuki sortutako Zirika euskal taldeko kideak; sekula entsegu bakar bat ere egin gabekoak. Gurekin generamatzan trikitia, txalaparta, alboka, gitarra, dultzaina, txirula eta adarra. Horrekin eta gogo handiarekin, asmatuko genuen zerbait egunero eman behar genuen ekitaldia egiteko.

Harresirik luzeenetakoa

Duela hamarkada eskas 600.000 biztanle bazituen ere, gaur egun ia milioi eta erdi lagun bizi dira Amed-en, azken urteetan hainbat eta hainbat pertsona etorri baitira inguruko herrietatik hirira, Turkiar armadaren operazioetatik ihesi. Txinakoaren ostean, munduko harresirik luzeena da Amed-ekoa eta bertara igota, Tigris ibaiak bustitzen dituen lurrak eta PKK gerrillako partisanoak ezkutatzen dituzten mendiak ikus daitezke.

Hasieran, gure bisitari edozein konnotazio politiko kentzeko-edo, jaialdian espainiarrak ginela esaten zuten. Astiro-astiro, hala ere, gugan konfiantza izatea lortu genuen, eta berandu baino lehen «ez espainiarrak, euskaldunak baizik» esanez aurkezten hasi ziren jaialdian, eta egun batean Lice-ra ere eraman gintuzten: 1993. urtean Turkiako Armadak gupidarik gabe bonbardatutako herritxora.

Han presentzia militarra Amed-en baino are izugarriagoa da: biztanle bakoitzeko militar bat dago proportzioan. Ezin goxoago hartu gintuen Liceko alkateak, eta euskal herriren batekin anaitzea zenbat gustatuko litzaiekeen azaldu zigun. Guk, Picasoren “Guernica”ren erreprodukzio bat oparitu genion herriari. Kontuak kontu, jaialdi batean parte hartzera joanak ginen. Aurreko hilabetean turkiarrek garbitutako hiru haurren omenez zen Gazteriaren Jaialdia, eta heldu eta berehala sorpresa xelebre pare bat aurkitu genuen. Hasteko, gu ez beste talde guztiak kurduak ziren. Antolatzaileek, Europako beste herri batzuetako jendea ere gonbidatu zuten, baina ezezkoa jaso zuten kasu guzti-guztietan. Baina, horretaz gain, graziosoena zen gu ez beste talde guztietako kideak haurrak zirela. Gazteriaren Jaialdia deitu arren, umeak ziren partaide guztiak.

Egunero hiriko auzo batean kantatzen genuen; plaza beti egoten zen goraino beteta, eta entzuleen gehiengoa umeak ziren. Gure ekitaldia Urtzik hasten zuen kurdueraz berba batzuk esanez eta horren ostean, berak eta Arkaitzek bertso pare bat botatzen zituzten. Estiballesek mimika handiarekin laguntzen zuen kantua, eta, hala, entzule guztiengana heltzea lortzen zuen: keinuen bidez denak jartzen zituen bibaka. Adibidez, euren eta gure herria anaia zirela esaten zuen eskuak batuz; edo bihotzera eskuak eramanez maite genituela esaten zien; edo ukabila eta bi behatz altxatuz (oso keinu zabaldua Kurdistanen) garaipena gertu dagoelaŠ

Kalejiran

Sinesgaitza badirudi ere, entzuleek ederto batean ulertzen zuten bertsoen esangura, eta txaloka hasten ziren beren indar guztiekin. Gero, txalaparta saioaren ostean, alboka eta trikitiaz emandako jota eta arin-arina zetozen eta denok batera kanturen bat jo ondoren, bukatzeko kalejira bat egiten genuen agertokitik publiko artera jaitsi eta umeak eskutik helduta. Klimaxa hau izaten zen arren, ume kurduek ez dute nonbait kalejirak egiteko ohitura handirik, eta minutu bat pasatu aurretik bakoitzak zortzi ume genituen beso bakoitzetik zintzilik. Beste batzuetan, agertokitik jaistera atrebitu ez eta “Isil-isilik” kantatuz amaitzen genuen. “Kalian gora, kalian behe-ra”rekin ere gogotik animatzen zen mundu guz- tia; eta “Zergatiik, zergatiiik” kantatzen genuenean, berriz, txaloka eta braboka hasten ziren, Pavarottiren eta Maria Callasen aurrean baleude bezala. Ekitaldia bukatu bezain pronto, dozenaka lagun genituen beti zain, eskua eman guran, gurekin berba egin guran, argazki bat atera guran, gurekin Euskal Herrira etorri guran, geure izenak jakin guran... Guk, hizkuntzarekin traba izugarria geneukanez gero, ezin genien nahi beste gauza adierazi. Baina hala ere, keinu batekin, irribarre batekin edo eta musu batekin, etengabe saiatzen ginen erakusten kurduek ez bi, ezpada hiru lagun, behintzat, badituztela: «Mendia, kalashnikovaŠ eta euskaldunak». -

 



Mendia eta kalashnikova
Beti mundu guztiak bizkarra eman dienez gero, kurduek ez dute ezer espero ez Europarengandik ez eta beste inorengandik ere eta, horiek hala, Euskal Herriko hainbat enpresak armaz hornitzen duten Turkiako Armadari aurre egiteko ez dute borroka beste biderik aurkitzen.

«Mendia da kurduen lagun bakarra» dioen esaera zaharra berritu egin da azken urteetan: «Mendia eta kalashnikova dira kurduen lagun bakarra» dio orain.

Ez da harritzekoa: Turkiako Armadak ia astero erabiltzen du lur haietan; hamaika mila preso politikotik gora dauzkate espetxeetan sakabanatuta eta kurdueraz hitz egitea debekatua dago (Amed-eko alkate abertzaleari hiru urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote, turkieraz gain kurduera erabiltzeko eskatu zuelako) eta Kurdistan hitza ebakitze hutsa ere delitua da.

Hori guztia dela-eta, tentu handiz ibiltzen dira beti kurduak. Ez dira edonorekin fidatzen, eta guri ere, hasiera batean, ahalik eta gauza gutxiena kontatzen ziguten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
ETArekin «bere kideen geroari buruz» hitz egingo duela esan du Zapaterok
Euskal Herria
La Sala incorpora a la causa, por una vía irregular, documentación que no ha visto
Mundua
El presidente indonesio reconoce falta de coordinación tras el seísmo de Java
Euskal Herria
Aktoreen Batasunaren saria jaso du Ahotsak plataformak
Kirolak
«No soy una segunda alternativa, hay que valorar que me hayan elegido»
Ekonomia
En cinco meses han muerto 43 trabajadores en accidente laboral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea