Ibilbide musikala Baionako Euskal Museoan zehar heldu den igandean
·Euskal gizartean soinuek duten tokiaren eta musika instrumentuen azalpena egingo dute
BAIONA
Igandean, arratsaldeko hiru eta erdietatik aurrera, Etienne Rousseau-Plottok Baionako Euskal Museoa musikaren ikuspegitik ezagutarazteko ibilbidea antolatu du Euskal Museoko Lagunen Elkarteak. Euskal zibilizazioan soinuen eta musikaren garrantzia eta nondik norakoak azalduko ditu museoko beira-arasetan dauden instrumentuak eta paretetan dauden margoak aztertuta.
Bisitaren bukaeran, Etienne Rousseau-Plottok San Andres elizako organoak entzuteko aukera eskainiko du, eta aldi berean, organoen sekretuen berri ere emango die ibilbidera bertaratutakoei.
Herri eta tradiziozko musikatik musika erlijiosorako azterketa aurkeztuko du. Egur mota ezberdinetan eginiko instru- mentu sinple eta luxuzkoak erakutsiko ditu. Aipatuko dituen musikarien artean ere denetarik izango da: artzainak, dantzaldietan laguntzen zutenak, Baionako burgesak, komunitate judua eta XIX eta XX. mendeko zenbait konpositoreren berri emanen du.
Euskal kulturan talde sozial guztiek musikarekiko atxikimendua erakutsi izan dute historian. Berezitasun euskaldun hutsak gutxi omen dira, Baionako eta Euskal Herriko biztanleek kanpoko teknikak barneratu eta integratu egin baitituzte mendeen joanarekin.
|