«Gure gerretako heroiak» narrazio bilduma argitaratu du Rafa Ugaldek
«Gure gerretako heroiak» argitara eman du Rafa Ugaldek Elkarren eskutik. Guztira, hamaika narrazio dira, bertako eta kanpoko gerretan girotuak; «gure» gerretan girotuak, alegia. Izan ere, gerra guzti-guztiak «gureak» dira. Ugaldek irudikatzen dituen heroiak tipikoak dira; ez topikoak, ordea. Ez dira buruzagi ausartak, gerra egoerei nola edo hala aurre egiten dieten pertsona arruntak baizik.
DONOSTIA
Iraken, Vietnamen, Malvinetan eta beste hainbat gerra frontetan girotu ditu Rafa Ugaldek bere narrazioak, baita Euskal Herrian ere. Protagonistak, berriz, diktadore batek desagerrarazitako semearen bila ari den aita, bere lurraren defentsan borrokatzen den apatxe bat edota hogei urtetik gora espetxean egin dituen euskal preso politiko bat dira, beste askoren artean. «Ez dira heroi topikoak, tipikoak baizik, antzeko asko aurki baitaitezke ‘gure’ gerra guztietan», adierazi dio GARAri Rafa Ugaldek berak.Azken urteotan, bere baitan gerrarekiko sentsibilitate berezia nabaritu du Ugaldek. «Gogoan dut Irakekoa hasi zenean besorik eta hankarik gabe geratu zen haur haren irudiak nola behin eta berriro erakutsi zizkiguten. Eta albiste horren atzean egon zitekeena narrazio baten bidez irudikatzen saiatu nintzen. Gero, gerrarekin zerikusirik zuten beste hainbat albiste deigarri egin zitzaizkidan, eta horiekin gauza bera egin nuen. Horrela sortu zen bilduma», esan du egileak.
Samurtasuna eta protesta Gaia berez gogorra den arren, samurtasunez heldu dio Ugaldek, samurtasuna baita gerrarekin zerikusirik duten gai horiek sortzen dioten sentimendu nagusia. Tarteka, ironia ere erabili du, esaterako, iparramerikarrek Vietnamen trofeo gisa moztutako bi belarri elkarrizketan jarri dituenean. «Gai horri ironiaz heldu diot, beste modu batean heltzeko morbosoegia iruditzen zitzaidalako», argitu du.
Ahalik eta modurik ulergarrienean idazten saiatzen da Ugalde. Idaztea gustuko du eta, horrez gain, narrazio horiek barrenak husteko aukera eman diote. Protesta egiteko modua ere bada. Badaki gaur egun gauzak dauden bezala liburuaren bidez «kontzientziak» nekez astinduko dituela, baina irakurleari gogoeta txiki bat, behintzat, proposatu nahi dio. «Baten batek irakurtzen badu eta identifikatuta sentitzen bada edo gogoetarako bidea aurkitzen badu, ni pozik», gehitu du.Rafa Ugalde (Zornotza, 1961) biologoa da ikasketaz, baina euskararen irakaskuntzan jardun du ia beti. “Gure gerretako heroiak” plazaratu duen bigarren liburua da. Lehenengoa “Hamaika bizimodu” izan zen (Ibaizabal, 2003). Hura ere narrazio bilduma zen, baina gaiaren aldetik oso bestelakoa. Izan ere, neurri handi batean, Rafa Ugalderen beraren bizimoduaren isla zen.
|