KABUL
AEBetako militarrek sortutako zirkulazio istripu batek piztu zuen afganiar ugarik aspaldian barruan duten okupatzaileekiko gorrotoaren sugarra. Kabulgo iparraldeko errepide batean gertatu zen ezbeharra, hiriburu osora zabaldu ziren protesta gogorren hazia izan zena. Zibilen haserreari tiroka erantzun zioten indar okupatzaileek eta haiek babestera joandako Afganistango Poliziak.
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) ibilgailu militar batek, Kabulgo kaleetan zihoala, zibilen 12 bat auto kolpatu zituen eta, ondorioz, pertsona bat hil eta sei zauritu ziren. AEBetako buruzagi militar baten arabera, ibilgailuak akats mekaniko baten ondorioz galdu zuen kontrola, baina beste iturri batzuek baietsi zutenez, estatubatuarrek gainezka zegoen errepidean bidea egin nahi zuten.
Edonola ere, militarrak bidean ez aurrera ez atzera gelditu zirenean, dozenaka afganiarrek inguratu zituzten eta harrika hasi ziren. Estatubatuarrak gero eta handiagoa zen jende multzoari tiroka hasi zitzaizkion.
Okupatzaileak laguntzera Afganistango Polizia agertu zen. Ordurako ehunka ziren «Estatu Batuei heriotza», «Karzairi (presidentea) heriotza» eta «Poliziari heriotza» oihuka ari ziren manifestariak. Poliziakideek protestarien kontra jo zuten, hiriburuko alderdi batzuetan, gainera, tiroka.
Manifestari espontaneoek okupazioarengatik haserrea eta samina erakutsi zuten. Makilak eskuetan, Poliziaren ibilgailuak, saltoki batzuk eta luxuzko hotel bat erre zituzten. Gero, Hamid Karzairen Gobernuaren egoitzaren kanpoaldean elkartu ziren batzuk, AEBetako enbaxadan, beste batzuk. Poliziak tiroka erantzun zuen. Kabulgo Poliziaren 30 bat kontrolguneri ere eraso zieten protestariek.
Istiluetan hamalau lagun hil eta 150 inguru zauritu ziren, iturri batzuen arabera. Gehienak Poliziak eta AEBetako militarrek jaurtitako tiroen eraginez. Afganistango Gobernuko iturriek, ostera, bost hildako izan direla esan zuten.
Ordu biko liskarren ostean, giroa baretu zen. Kaleetan, baina, «matxinadaren» arrastoak ikus zitezkeen. Kristalak eta erretako objektuak, nonahi. Armadak etaPoliziako kideak izan ezik, jenderik ez zegoen. Zibilek etxeetara jo zuten ekaitza noiz baretuko.
Karzaik «afganiarren etsaitzat» jo zituen protestariak, eta haien kontra «neurri gogorrak» agindu zituen. AEBen babesa duen presidenteak etxeratzeko agindua ezarri zuen Kabulen.
Afganistango hegoaldean, ohikoak dira militarren eta okupazioaren kontra dauden miliziano talibanen arteko liskarrak. Baina Kabul okupatzaileen kontrolpean dago eta 2001ean talibanak Gobernutik indarrez kendu zituztenetik ez zen atzokoak bezain istilu gogorrik gertatu.