«Positibotzat» jo dute zahar-etxearen aldeko manifestazioa
TOLOSA
Tolosa Bizirik herri plataformak «positibotzat» jo du joan den larunbatean gerontologiko berria eskatzeko egin zuten manifestazioari «ehunka» lagunek eman zioten erantzuna.
Urte eta erdi Tolosako Euskal Herria plazan zegoen gerontologiko zaharraren eraisketa babestu ondotik, herriko alkatetzaren jabe EAJ alderdiak gerontologiko berri bat kokatzeko proposamen bat aurkeztu zuen manifestaziorako hiru egun falta zirenean. Jarrera aldaketa hori «herritarren eta gerontologikoaren aldeko plataformaren lanari esker» izan dela adierazi eta ospatu arren, Tolosa Bizirik-ek jokabide horren inguruko «argi-ilunak» salatu ditu.
Plataformaren esanetan, ez dago guztiz argi proposamen hori aldarrikapena babestu duten 4.000 sinaduren indarragatik edo bestelako arrazoiengatik aurkeztu duten: «manifestazio deialdiaren arrakasta itzali nahian», gainerako alderdi guztiak aurka izateagatik, «jaso zezakeen zigor politikoaren beldurrak eraginda»... Gainera, proposamena «prentsaren bidez eta parte-hartze guneetatik kanpo» aurkeztu izana salatu dute. Tolosa Bizirik-ek beste proposamen bat egina duen arren, «prest» agertu da «gainerako alderdiekin batera bataren eta bestearen alderdi onak eta txarrak modu objektiboan aztertu eta kokapen egokienean adosteko».
|