Zerbitzuak liberalizatzeko akordioan adostu dira EBko Industria ministroak
Zerbitzuak liberalizatzeko zuzentarauan adosteko helburuarekin, Europar Batasuneko Industria ministroek eztabaidari ekin zioten atzo, eta akordio politiko batean adostu ziren iluntzerako. Zerbitzuak liberalizatzeko estatuek eskatzen dituzten neurrien eta jartzen dituzten traben berri eman behar diote Europako Batzordeari.
BRUSELA
Europar Batasuneko (EB) Industria ministroek zerbitzuak liberalizatzeko helburua duen zuzentarauari buruzko eztabaida hasi zuten atzo Bruselan, eta iluntzerako akordio politiko batean adostu ziren. Testuaren atal polemikoenak joan den otsailaren 16an arindu zituzten Europako legebiltzarrean.
Dena dela, zuzentarauaren aplikaziotik at geratzen diren zerbitzuek eta «jatorrizko herria» delako kontzeptuak eztabaida gehien sortzen duten puntuak izaten jarraitzen dute. Azken horri dagokionez, ganberan otsailean adostutako testuan kontzeptu hori desagertu bazen ere, zuzentarau proposamenean hitz hori agertzen da oraindik, eta horrek zenbait herrialde aurrez aurre jarri ditu.
Europako iturriek esan dute dokumentu berria ondo jaso dutela herrialde gehienek. Iturri berberek Alemaniaren jarrera «positiboa» nabarmendu dute, baita hemezortzi bat estatuk proposamen hori «bide onean» doala aitortu dutela jakinarazi ere. Austriako presidentziak aurkeztutako testuak jasotzen duenez, estatuetan zerbitzuak liberalizatzeko eskatzen dituzten neurrien eta jartzen dituzten traben berri eman behar diote Europako Batzordeari. Horrek, berriz, urtero hausnarketa egingo du eta estatuei aholkuak emango dizkie. Estatuetako araudiak zuzentarau horretara egokitzeko epea hiru urtekoa izango da. Aurreko proposamenetan, bi urtekoa aurrez ikusten zuten.
Atzoko kontseilua Austriako Ekonomia eta Lan ministro Martin Bartenstein-ek gidatu zuen. Kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, lortutako akordioa goraipatu zuen eta estatu zahar eta berrien arteko haustura saihestu duela nabarmendu zuen.
Proposamenaren arabera, zerbitzuak liberalizatzeko xedea duen zuzentaraua honako sektore hauetan aplikatuko lukete: higiezinen agentzietan, eraikuntzan, turismoan, salmentaguneetan, lege aholkularitza bulegoetan, publizitatean eta bidaia agentzietan, besteren artean.
|