DONOSTIA
Nafarroa bakarrik izango da Liga Federaleko BigarrenMailako final-laurdenetan. Goi mailako euskal taldeak apurka- apurka kanporatzen joan dira maila guztietan, eta Biarritz Top 14an eta Nafarroa Bigarren Mailan izango dira hemendik aurrera lanean jarraituko duten euskal taldeak.
Nafarroa Beherekoek Bokaleren aurka jokatu zuten Peyrehoraden, 1.000 ikusleren aurrean, eta 28-14 irabazi zuten. Kanporaketa hauek guztiak bietako inorena ez den zelairen batean jokatzen dituzte, eta partida bakar batean erabakitzen dira horiek.
Norgehiagoka ez zen ikusgarria izan, baina hori normala da tamaina hauetako neurketetan inork ez baitu galdu nahi izaten, eta hartzen diren arriskuak oso txikiak izaten dira.
Hala ere, hori-gorriak hobeto aritu ziren. Lapurtarren entseguko marrara askoz ere gehiago hurbildu ziren, eta azkenean merezitako garaipena lortu zuten. Hala ere, garaipena lortzeko Nafarroak sufritu egin behar izan zuen.
Verdunek eta Garaik lortu zituzten Nafarroa Beherekoen entseguak, eta Zelanek transformazio bat eta drop bat egin zituen. Darritxonek, berriz, drop bat egin zuen. Bokalerentzat, aldiz, Lamothek egin zituen puntu guztiak. Drop bat egin zuen, eta bost zigor-kolpe gauzatu zituen.
Maulek, berriz, agur esan dio denboraldiari. Zuberotarren helburua Lehen Mailara igotzea zen, eta hori lortuta zutenez gero, gehiegi lasaitu dira, eta 12-18 galdu zuten Hagtemauren aurka. Partida ez zen oso ona izan. Zuberotarrek ez zuten beren maila eman, eta azkenean ezin izan zuten aurrera egin. Dena dela, Mauleren helburua Lehen Mailara igotzea zen, eta heldu den urtean nahi zuten lekuan egongo dira.