GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-31
Zigor ENBEITA | Arabako txapelduna
«Azken urteotako Arabako finalik onena izan zen nire ustez larunbatekoa»
Arabako txapelduna da bigarren aldiz eta Bertsozale Elkarteko lehendakaria ere bai. Inork baino hobeto islatzen du, bestalde, Arabako bertsolaritzaren historia. Abel Enbeitaren semea da, hamar bat urterekin hasi zen aitarekin Gasteizeko bertso eskolan, Arabako lehen bertso eskolan, alegia, eta bertsozaletasuna lurralde osora zabaltzen ikusi du urteotan.

Bere aita Abel Enbeitak sortu zuen Gasteizko bertso eskola eta, ondorioz, herrialde horretako bertsolaritzaren hazia erein zuen. Hogeita bost bat urte geroago bere semea ikusi du bigarren aldiz herrialdeko txapela janzten. Zigor Enbeitak 35 urte ditu eta Arabako txapelduna izateaz gainera, Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria ere bada.

­Enbeitatarren leinukoa zara. Zenbat bertsolari zarete lehengusuen artean?

Lehengusuen artean Oihane (Jonen alaba) eta Onintza (Joseba Andoniren alaba) dira ezagunenak eta Xabier ere (Moisesen semea) ibilitakoa da.

­Etxean bi anaia zarete. Anaia gazteak egiten al du bertsotan?

Oiarrek orain 33 urte ditu. Gazteago zenean nahikoa txukun egiten zuen, baina ez zuen erabat gustuko eta utzi egin zuen.

­Noiz egin zenuen zure lehen plaza?

Zortzi edo bederatzi urte nituenean kantatu nuen lehen aldiz jendearen aurrean. Ikasitako bertsoak ziren, noski.

­Non ibili zineten, eskolan edo ikastolan?

Gu Izarran bizi gara, Gasteiztik 26 kilometrora, baina egunero Olabidera joaten ginen ikastolara. Joan-etorrian igaro genuen haurtzaroa. Orduan ez zegoen euskaraz ikasketak egiteko aukerarik Izarran bertan eta ez genuen beste erremediorik izan. Orain bai, orain badago aukera hori. Gaur egun, 25 urtez azpiko gazte guztiek dakite hemen euskara.

­Aita izan duzu maisu. Zein izan da Abel Enbeitak berak bertsolaritzan egin duen lana?

Bizkaiko txapelketan hartu ohi zuen parte eta finalean ere kantatu zuen behin. Baina hori bezain garrantzitsua da Araban egin duen lana. Berak sortu zuen Arabako lehen bertso eskola, Gasteizkoa, eta berak sortu zuen Aiarakoa ere, Laudio aldean. Gasteizen bazegoen euskaltzale koadrila bat bertsotan ikasi nahi zuena eta aitarengana jo zuten.

­Zer dela-eta etorri zen zuen aita Arabara?

Gaztea zela baserritarren arteko kooperatiba mugimenduan hartu zuen parte eta osabarekin eta beste pare bat lagunekin etorri zen Arabara lur bila. Bera eta osaba geratu ziren bakarrik. Zerriekin hasi ziren eta barazkiekin eta behiekin jarraitu zuten. Orain nekazaritza utzita bizi da.

­Sariak banatzeko orduan Arabako bertsozale edo eragile beteranoak atera zenituzten agertokira. Eta aita ez zen agertu. Zergatik?

Orain hiru urte aitak jarri zion txapeldunari txapela eta Elkartean hartutako erabakia da urtean-urtean sariak banatzera jende ezberdina igotzea. Uste dugu jende asko dagoela omenaldi txiki hori merezi duena. Eskualde bakoitzeko eragile nagusienak igo ziren larunbatean, jendeak jakin dezan bertsolaritza ez dela Gasteizko kontua bakarrik, badagoela beste eskualdeetan ere lanean ari den jendea.

­Itzuli gaitezen zure zortzi-bederatzi urteko lehen plazaren garai hartara. Noiz hasi zinen bertso eskolan?

Gasteizko bertso eskolan hasi nintzen garai horretan, zortzi edo bederatzi urte nituenean. Rikardorekin hasi nintzen ni, nahiz eta nagusiagoa zen. Serapio ere etorri ohi zen askotan eta ondoren etorri ziren Oihane Perea eta beste guztiak.

Handik gutxira hasi ziren Aiarako bertso eskolan biltzen Serapio, Respaldiza, Bizkar eta beste zenbait. Araban ez zegoen bertsolaritzarik eta bi eskola horietatik atera dira gaur kantatzen duten gehienak.

­Zer harreman izan zenuen Eskolarteko Txapelketarekin?

Esan dut hemen ez zegoela adin horretako bertsolaririk eta ez genuen lurralde mailako txapelketa egiten. Zuzenean sartu nintzen hasiera batean Gipuzkoan antolatzen hasi ziren Eskolartekoetara. Munduatek irabazi zuen urtean finalista izan nintzen Baldan. Gero Bizkaikoekin batean kantatzen hasi ginen arabarrok. Araban idatzizkoa egiten hasi ginen lehenik eta pare bat txapel irabazi nituen eta 17 urterekin Araba-Bizkaiko txapela jantzi nuen.

­San Prudentzio sarietan hasiko zinen ondoren.

San Prudentzio sari guztietan hartu nuen parte eta etenaldi baten buruan bertsolaritzara itzuli eta 2003ko txapela irabazi nuen. Lan bolada gogor bat izan nuen eta bertsotarako astirik gabe ibili nintzelako edo, ez nintzen bi urtetan finalean sartu eta sorpresa izan zen txapel hura irabaztea.

­Zein da aitarekin egiten duzuen prestaketa lana?

Gehienbat kantatzea da. Askotan kantatzen duena ez da egiten dituen akatsekin ohartzen eta berak ohartarazi egiten dizkigu akats horiek. Otsailean hasi eta astero bildu izan gara gure etxean Iñaki Viñaspre eta Ruben. Eta Oihane ere tarteka agertu izan da.

­Zer esan zizun aitak larunbatean txapela jantzi eta gero?

Aita oso kritikoa izan ohi da nirekin. Kartzelakoan ez nuela aprobetxatzen jakin esan zidan eta bakarkakoan ere ez nuela erabat asmatu. Eta arrazoi zuela uste dut.

­Ospatu al zenuen txapela?

Herrian lagunekin bueltaxka bat eman nuen, baina biharamunean Ibilaldira goiz samar joatekoak ginenez gero, ez genuen festa luzatu.

­Finalista gehienok talde lanaren garrantzia aipatu zenuten. Nola ikusi zenuen taldea?

Azken urteotako finalik onena izan zela uste dut. Ez dut uste saio txarrik egon zenik. Denek izan duten beren pintzelkada. Asier Otamendi ikusi nuen bere mailaren azpitik. Automatikoa jarrita egin zuen bertsotan, gatz gutxirekin. Manexi ere antzematen zaio Granada aldean ez duela bertsotan egiteko aukerarik. Oihane oso ondo ikusi nuen. Nik kartzelakoa ez nion entzun, baina esan zidatenez, ez zuen asmatu erabat kartzelakoan. Beste guztietan oso goitik ikusi nuen. Viñasprek, berriz, bertsolari itxura du eta jendearengana iristen daki, ahotsa ere ona du, azkartasuna ere bai, batzuetan gehiegi. Beharbada segundo bat gehiago itxaroten ikasi behar luke.

­Txapelak ematen al dizu ardura berezirik?

Beste txapelketa batzuetan beharbada bai, baina Araban denok dakigu zer dugun. Arabako Elkarteko lehendakari naiz eta ez dut uste txapelak ardura gehigarririk emango didanik.

­Zein dira Elkartetik Arabari begira dituzuen egitasmo nagusiak?

Elkartearen ardura nagusia bertsozaletasuna indartzea da eta horretan ondo asmatzen ari gara. Egitasmoei dagokienez, oraintxe bertan aurkeztu dugu Ruben Sanchezek egin duen Arabako bertsolaritzaren historiari buruzko liburu polit bat. Gasteizen bizi izan diren beste zenbait bertsolarik ere idazten dute, Egañak, Igor Elortzak eta Jon Maiak, esaterako. Badira hemen ikasketak egindako bertsolari gehiago ere. Beste egitasmo bat aipatzekotan, hezkuntza arautuan egiten ari garen lana aipatuko nuke:hiruzpalau eskoletan hasi ginen eta orain Araba osora zabaldu dugu programa. Iñaki Viñaspre horretan dabil eta Ruben Sanchez eta Egoitz Zelaia ere bai. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El momento de entrar de lleno en una nueva fase
Euskal Herria
Tres detenidos por la Policía francesa en Lapurdi
Kultura
El teatro vasco renueva el repertorio
Mundua
El Tribunal europeo considera ilegal el traspaso de datos de pasajeros a EEUU
Jendartea
La Ertzaintza relaciona el suceso de Barakaldo con la violencia de género
Euskal Herria
Patxi López afirma que es necesario pasar a una fase de negociaciones incluyentes
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea