Bingen Ametzaga erbestetik bueltan ekarri du Susak
Susak aurkeztu zuen atzo «Itsaso aurrean», Bingen Ametzagak 1919. eta 1968. urte bitartean idatziriko poesia antologia zabala, bere biloba Xabier Irujok paratu duena. Bertan, poema argitaragabeak aurkituko ditu irakurleak, baita Shakespeare, Milton, Withman, Calderon edo Racineren testuak ere, Ametzagak berak euskaratuta. Horien artean nabarmentzen da Oscar Wilderen «Reading kartzelako balada» ospetsua.
DONOSTIA
Bingen Ametzaga (Getxo, 1901-Caracas, 1969) euskal literaturaren historia txikira pasatu da batez ere Shakespeareren “Hamlet” (Buenos Aires, 1952) eta Juan Ramon Jimenezen “Platero eta biok” (Montevideo, 1953) euskaratuta argitaratu zituelako. Horiek dira liburu itxurarekin euskaraz argitaratu zituen lan bakarrak. Baina, horrez gain, makina bat poema, artikulu eta itzulpen egin zituen. Horietatik asko “Euzko Deya”, “Euzko Gogoa” edo “Egan” aldizkarietan argitaratu zituen; beste asko, berriz, oraindik argitaragabe daude, eta galdu denik ere ba omen da. Gorka Arrese Susako argitaratzaileak atzo esan zuenez, Armiarma proiektuaren barruan “Euzko Gogoa” digitalizatzen ari zirenean, aldizkari hartan bereziki testu bat jo zuen begiz: Wilderen “The Ballad of Reading Gaol”, Ametzagak “Reading baitegiko leloa” izenburupean eman zuena. Hori izan zen “Itsaso aurrean” argitaratzeko «motorra», Arresek esan zuenez. «Testu eder hori berrargitaratzeko tentazioari eutsi ezinean, Xabier Irujori Ametzagaren poesiaren antologia zabala apailatzeko eskatu genion». “Itsaso aurrean” hiru zatitan antolatuta dago: lehenengoan, Ametzagak gerraurrean idatzitako poemak bildu dituzte; bigarrenean, berriz, gerraostekoak; hirugarrenean, azkenik, itzuli zituen hainbat. Hor, arestian aipatutako Wilderena ez ezik, Milton, Whitman, Shakespeare, Lope de Vega, Calderon, Racine eta beste hainbat egileren lanak bildu dituzte.
Shakespeareren lan handiak Xabier Irujok esan zuenaren arabera, “Itsaso aurrean”, antologia zabala izan arren, Ametzagak eginiko lanaren lagin txiki bat baino ez da. Izan ere, Shakespeareren “Macbeth”, “Julio Zesar” eta “Uda gau bateko ametsa” ere itzuli zituen, eta aurten bertan hiru antzerki lan horiek, “Hamlet”ekin batean, argitaratzeko asmoa dute. Danteren “Infernua” eta Stevensonen “Altxor uhartea” ere itzuli zituen, lan horiek, egun, galduta dauden arren. Nolanahi ere, askoz material gehiago utzi zuen, euskaraz eta gaztelaniaz. «Zazpi hizkuntza zekizkien eta zazpietatik egiten zituen itzulpenak», adierazi zuen Irujok.
Ametzaga Getxon jaio zen, familia euskaldun batean. Gurasoek txikitan euskara transmititu ez zioten arren, oso gaztetxo zela euskaldundu zen. Lagunekin batean, politika eta literatura aldi berean jorratzen hasi zen. «Jose Antonio Agirre, Tellagorri eta bere anaia Ramon koadrilakoak zituen», esan zuen Irujok.30eko hamarkadan, Olerti Egunean parte hartzen hasi zen eta sariak ere irabazi zituen. 1936an, Gerra eta Estatutuarekin batean, Lehen Hezkuntzako zuzendari izendatu zuten, eta lehen ikastola «ofizialak» sortu zituen. 1937an, erbesteko bidea hartu zuen, heriotza zigorra gainean zuela. Hasieran Lapurdin egon zen eta, ondoren, alemaniarrak Estatu frantsesaz nagusitu zirenean, Ameriketara abiatu zen, Alsina ontzian. Esperientzia hura oso garrantzitsua izan zen. Izan ere, urte eta erdi iraun zuen itsasote hartan Monzon ezagutu zuen. Bergararra “Urrundik” taxutzen ari zen, eta horrek Ametzagaren poesiarekiko joera areagotu omen zuen. Arnas luzeko itzulpenei ere Alsinan ekin zien. Ametzagak ez zuen Euskal Herrira itzultzerik izan. Argentinan, Uruguain eta Venezuelan bizi izan zen. «Oso murgilduta egon zen euskararen inguruko gogoetan
eta, batez ere, euskararen normalizazioan nabarmendu zuen Irujok.
Gerraurrean, Azkueren ikasle izan zen, eta, hark bezala, batuak gipuzkera osotua
izan behar zuela uste zuen, beste euskalkiekin aberastua». Horrekin bat zetozen
Zaitegi, Ibińagabeitia eta Orixe, eta haiekin laukote ederra osatu zuen
Ametzagak erbestean. «Eredu kultua erakutsi nahi zuten eta horregatik aukeratzen
zituzten itzultzeko aukeratzen zituzten testuak». “Itsaso aurrean”
hizkuntzarekiko kezka horren bilakaeraren isla ere bada, liburuaren
apailatzaileak ohartarazi zuenez. Bingen Ametzaga Caracasen hil zen, 1969an,
Arantzazuko bilera baino urtebete geroago. «Beraz, han hartutako erabakiak gutxi
gorabehera haien ildotik zihoazela ikusteko aukera izan zuen», adierazi zuen Irujok.
Euskal literaturaren anakronismoaren sendabide bila
DONOSTIA Koldo Izagirrek hartu zuen bere gain atzo Bingen Ametzagaren lana erbesteko testuinguruan kokatzeko ardura. Pasaitarrak ohartarazi zuenez, «gerraondoko idazleek erbestera joan baino lehen ere Euskal Herri idealizatu bat zuten gogoan». Erbesteko herriminak idealizazioa areagotu egin zuen. Gainera, gehienetan, bizimodua euskal etxeen inguruan antolatu zuten. Beraz, neurri batean bederen, Euskal Herrian jarraitzen zuten, eta ez zuten erbesteak jaioterri eta bizileku berriaren artean dakarren «tenkadura» sentitzen, edo, hobeto esan, euskaraz idazten zutenean, behintzat, ez zuten islatzen. Izan ere, euskaraz ez zuten Ameriketako errealitatearekin zerikusirik zuen literatura egiten. Are gehiago, errealitate hori nonbait agertzekotan, gaztelaniaz idatzi zituzten testuetan agertzen zen. «Nire ezjakinean aipatu zuen Izagirrek adibide gisa, Orixeren ‘Quiton arrebarekin’ hartu nuenean, han nonbait Amerika agertuko zela uste nuen nik, baina han ez zegoen Amerika, Euskal Herria baizik». Ametzagarekin ere antzeko zerbait gertatzen omen da: euskarazko testuetan Euskal Herria da nagusi, eta Ameriketako errealitatea, berriz, askoz gehiago islatzen da gaztelaniaz idatzi zituen testuetan. «Gauza bat zen literatura eta beste bat ‘euskal’ literatura jarraitu zuen Izagirrek. ‘Euskal’ horrek asko markatzen zuen zer idatzi behar zuten. Alde batetik, beren ideologian bakarrik zegoen herri bat zeukaten kantagai, eta, bestetik, hor bazegoen arazo tekniko bat: hizkuntzaren egoera eta heredatu zuten hizkera poetiko astun eta askatu gabea. Lauaxetak bide interesgarri bat abiatu zuen, baina ez zen gauzatu. Libre izateko, beste hizkera bat behar zuten, eta horrek egiten du ezin interesgarriago Ametzaga, hain zuzen, premia hori sentitu zuelako berak». Premia hori, Izagirreren iritziz, oso ondo islatuta geratu da “Itsaso aurrean”. «Liburu dialektikoa da adierazi zuen. Alde batetik dugu Ametzagaren beraren poetika eta, bestetik, itzulpenen bitartez, berak maite zuen poetika edo bere herriarentzat nahi zuen poetika. Hor dago Ametzagaren tenkaduraren bi poloak: idazten duena eta irakurtzera ematen diguna; munduko hizkuntzetatik itzultzen diguna eta berak idazteko gauza ez dena, esan dugun bezala, baldintza ideologiko eta teknikoengatik. Horrela gainditzen du bere poesiaren eta, oro har, erbesteko literaturaren anakronismoa. Eta nik esango nuke bera oso kontzientea zela. Nolabait esateko, euskal etxeetan zeuden liburutegiak euskaldunentzat osatu nahi izango balitu bezala jardun zuen».
|