Arkaitz GONZALEZ ARRIETA
Marichiew!
Preso politiko maputxeen gose-greba dela-eta, egileak gogora ekartzen du iaz indigena horien lurraldeetara egindako bisita. Elkartasuna adierazteko, gaur bideo emanaldi bat izango da Bilboko Gatazka Gunean (20.00etan) eta bihar elkarretaratzea Plaza Biribilean (19.30ean).
Iazko uztailean Wallmapurantz abiatu ginenean, guretzat ia ezezaguna zen lurralde batera gindoazen, Argen- tinako eta Txileko estatuen artean kokatzen genuen lurraldera. Hilabete ez da nahikoa maputxe herria ezagutzeko baina, hala ere, aukera izan genuen hainbat komunitate bisitatzeko eta ama lurrarekin harre- man zuzena dutenen kultura eta mapudungun hizkuntza sentitzeko. Maputxe hitzak «lurraren jendea» esan nahi du. Herri borrokalari bat da, halabeharrez; inkei aurre egin behar izan zien hainbat mendetan euren lurraldea babesteko, espainolekin ere gerra luzea izan zuten eta, Txilek independentzia lortu ondoren ere, maputxeen kontrako bortizkeriak jarraitu egin du. Azken hamarka- detan, bai Pinocheten basatikeriarekin, bai gaur egungo Bacheleten konplizitatearekin Pinocheten garaian preso poli- tikoa izandakoa, errepresio gogorra bizi dute oraindik ere. Uztailean maputxeekin bizitzen egon ginen komunitate
ezberdinetan. Gehienak miseria gorrian bizi dira; hainbat multinazionalek
Txileko Gobernuaren babesarekin maputxeak euren lur aberatsetatik baztertu eta
kanporatu dituztelako, hots, Japoniako multinazionalek, AEBetakoek edo Estatu
espainolekoek, Endesak esaterako. Egoera horren ondorioz, maputxeek lur
pobreenetara edo hirietara emigratu behar izan dute, beren bizimodu naturaletik
kanpo. Santiagon, adibidez, milioi erdi maputxe bizi dira akulturazio egoeran
eta baztertuta. Komunitate batzuetan, euren hizkuntzan mintzatzen dira,
mapudungun-ez; beste batzuetan malnutrizio arazo larriak dituzte. Beste
komunitate batzuk ere bisitatzeko aukera izan genuen, haiek esaten duten bezala,
«gatazka» egoeran daudenak. Borroka zuzena bizi dute komunitate horietan;
zuhaitzak, eukaliptoak eta pinuak batez ere, bota eta saldu egiten dituzte eta
lur horiek erein egiten dituzte batzuetan jur-jabeak botatzea lortzen dutenean.
Preso politikoak Halere, herri horretako borrokak ondorio latzak
ditu. Egun hamar bat preso politiko daude eta ehunka iheslari, batzuk jada
kondenatuak. Maputxe herria ezagutzeko irrikan, Juan Marileo, Juan Carlos
Huenulao eta Florencio Marileo bisitatzeko aukera izan genuen Angoleko
kartzelan. Bi ordu inguru izan ziren, zirraragarriak benetan. Matea hartzera
gonbidatu gintuzten eta euren borrokaren xedeak hasi ziren kontatzen, euren ama
lurrarekiko errespetua eta maitasuna. Hogeita hamar urte bete gabe dituzten
arren, izugarrizko lasaitasunez eta umiltasunez adierazten ziguten euren lurra,
euren jatorria eta euren seme-alabena defendatzen jarraitzeko prest zeudela.
Gainera, Temucoko kartzelan, Patricia Troncoso karismatikoa bisitatzeko aukera
ere izan genuen. Hark munduko beste herri batzuetako borroka ezagutzen zuen eta
horien artean euskaldunena eta palestinarrena nabarmendu zituen.
Baraualdia
Berriz ere, Wallmaputik milaka kilometrora gaudenean, berri latzak jaso ditugu. Lau preso politiko horiek, 2003tik kartzelan daudenak eta martxoan hasi eta 63 egun gose-greban eman dituztenak, berriro ere gose-greban daude. Txileko Gobernuaren xantaiari aurre eginez, aske izateko eta epaia bertan behera uzteko eskatzen dute, ekintza terroristak egiteaz akusaturik baitaude kondenaturik 10 urteko kartzela-zigorrera eta 800.000 dolarreko kalte-ordaina ordaintzera. Hori guztia diktadura militarreko legeen eta irregulartasunez egindako epaiketa baten ondorio da. Euskal Herritik gure elkartasuna eta mirespena adierazi nahi diogu maputxe herriari eta, bereziki, preso politikoei. - (*) Arkaitz Gonzalez Arrietak 2005eko Wallmapurako Askapenaren brigadan esku hartu zuen
|