Peio ARREITUNANDIA | Barloworld taldeko txirrindularia
«Arraten irabaztearekin amets egiten dut, etxetik gertu eta zaleen aurrean»
Etxeko lasterketa dator eta dena emateko prest da. Ibilbidea gustuko du eta nabarmendu egingo dela espero du Peio Arreitunandia mutrikuarrak.Izan ere, iazko etapa garaipena errepikatzea du helburu, sailkapen nagusia baztertzen ez duen arren. Arrate gainean irabaztearekin egiten du amets.
Zein itxaropenekin ekingo diozu Euskal Bizikletari?
Ilusioz beteta, etxeko lasterketa da-eta; beti pitin bat gehiago ematen duzu. Gainera, errepide gogorra izango dugu, nire ezaugarriei begira aproposa. Sasoian helduko naizela uste dut.
Beraz, lehia emateko azalduko zara?
Bai. Picardieko Tourra izan nuen azken lasterketa orain dela bi aste, eta guztiz ordekan izan arren, gustura ibili nintzen. Entrenamenduetan ere ondo ikusi dut neure burua, baina lehian ikusi beharko dugu.
Zer deritzozu ibilbideari?
Ez dut zehatz aztertu, ezagunak ditut-eta gertuko ibilbideak. Hasieran batean, Gatzaga eta Arrate gainetan amaituko diren saioak ditut gogokoen.
Sailkapen nagusiari begira, Aguraingo erlojupekoak zure kontra jokatuko du...
Argi dago. Aurtengo erlojupekoa beste urteetakoa baino luzeagoa da eta ordekan. Izan ere, oztopoa izan daiteke niretzat. Edonola ere, iaz saio polita egin nuen. Badakit denbora galduko dudala, baina etapa menditsuetan aurrean banago, aldeak murriztea espero dut. Dena den, nire aurreneko helburua etapa bat erdiestea izango da.
Arraten besoak altxatzearekin amets egiten duzu, ezta?
Bai, noski. Joan den urtean Murgiako Oro santutegian gailendu nintzen, baina Arraten irabaztea berezia da; etxetik gertu eta zaleen aurrean.
Orain arte ez duzu garaipenik lortu, agian ez zara lehiatu nahiko zenukeen lasterketetan...
Horrela da, ez dira niretzat aproposenak izan. Dena dela, aurrean izan naiz, esaterako, Tirreno-Adriatikon, Liejan, Italiako klasikoetan, etab. Beraz, garaipenak lortzeko zaila izan dut sasoiko ibili naizen arren.
Zein lasterketa egingo dituzu hurrengo asteetan?
Naranco, Asturias eta Espainiako Txapelketa. Uztailean atseden hartuko nuke.
Berriro ere, Girotik at geratu da Barloworld taldea...
Urteko plangintza Giroan parte hartzeko itxaropenarekin egin nuen. Ez gaituzte gonbidatu eta erabat aldatu dugu plana.
Pro Tourretik kanpo badirudi zaila izango dela itzuli handietan parte hartzea...
Aldaketak izan daitezkeela iragarri dute 2008. urtean. Ikusiko dugu nola eta noiz. Agian, talde gutxiago izango du. Bitartean, Pro Tourrek mina egiten dio txirrindularitzari.
Pro Tourren aritzea beste irtenberik ez duzu...
Egoera ikusita baietz dirudi. Lampre-Fondital eta Liquigas Italiako taldeekin sinatzekotan izan ginen, baina bertan behera gelditu zen eta Barloworld taldean lehiatuko gara. Hortaz, nire ilusioa itzuli handiak korritzea da. -
|