Haurreskolak Partzuergoaren «utzikeria» salatu du LABek
Haurreskolak Partzuergoa martxan jarri zenetik hiru urte pasatu diren honetan, LABek atzo mahai gainean jarritako argazkia ez da batere positiboa. 121 haur eskolak osatzen dute Partzuergoa eta guztietan egon da LAB, egoeraren diagnosi bat osatze aldera. Gabeziak ikusi ditu kasik guztietan eta Lakuaren dekretuak zehazten dituen gutxienekoak ez direla betetzen salatu du. Udalei, Hezkuntza Sailari eta Partzuergoari beren ardura betetzeko eskatu die.
DONOSTIA
Jada 2004ko maiatzean LAB sindikatuak haur eskoletako baldintzak ez zirela egokiak salatu zuen. Atzo berretsi egin zuen kritika. Guztira gaur egun 121 haur eskolak osatzen dute Partzuergoa eta horietan guztietan egon da LAB, egoeraren diagnosi bat osatze aldera.
«Baldintza nagusiak dekretuz araututa daude; ratioak, instalazioen baldintza materialak, espazioen gutxieneko metroak eta antolaketa, baldintza higienikoak... baina, gero, praktikan, asko eta asko ez dira betetzen», agertu zuen Sindikatuko Leire Garrok .
Hartara, eta LABek ondorioztatu duenez, egoitza, azpiegitura eta hornikuntza aldetik «hutsune nabarmenak eta hainbat kasutan larriak» dituzte haur eskolek. Esaterako, gehienek ez dute ez sarbide independenterik ez erabilera anitzeko espaziorik, Lakuaren dekretuak hori zehazten badu ere. Gainera, zentro askotan ez dira gune desberdinak bereizten «eta gela bakarrean daude jantokia, sukaldea, komuna, haurrak aldatzeko mahaia eta bulegoa, ordenagailu eta guzti», Garrok agertu zuenez.
Garbitzailea eta sukaldaria
Haurreskolak Partzuergoak ez ditu bere gain hartzen sukaldariaren eta garbitzailearen figurak eta horrek asko txartzen ditu zentroetako baldintzak, atzo salatu zutenez.
Garbitasunari dagokionez, LABek kexa ugari jaso ditu haur eskola gehienetan. «Garbitasuna oso gainetik egiten da. Eskoletan dauden haur eskolen kasuan garbitzaileen ordutegiak ez dira zabaltzen eta beste gela arrunt bat balitz bezala garbitzen dute. Bestelako tratamendua behar dute haur eskolek, kontuan izanda haur txiki asko lau hanketan ibiltzen direla», agertu zuen Garrok. Garbitzaile propioak dituzten haur eskoletan, berriz, apenas dago kexarik. Gauzak horrela, haur eskola guztietan «garbitasunari bere denbora» eskaini behar zaiola ondorioztatu du sindikatuak.
Sukaldarien faltan, hutsune hori hezitzaileek bete behar dutela ere salatu zuen LABek, «horrek dakarren karga guztiarekin». Egia da udal batzuek, gabezia horiekin jabetuta, langile gehiago kontratatu dutela garbitzaile eta sukaldari lanak egiteko. Baina udal gutxi batzuk dira horiek eta agertu zutenez, «gabezia horiek konpontzea ezin da Udalen borondate onaren menpekoa izan».
Bide horretan, haur kopurua eta haur eskolaren neurria kontuan hartuta, «jangela zerbitzu egokia» eman behar dela nabarmendu zuen LABek eta, beharrezkoa den kasuetan, Partzuergoak sukaldariak kontratatu behar dituela gaineratu zuen.
Haur eskolak independenteak ez diren eraikinetan egoteak ere eguneroko martxan kalteak dakartzala nabarmendu zuen. «Eskola barruan zarata handia egoten da, bereziki igarotze guneetan jolas-ordua, jangelako orduak... eta horrek haur eskoletako egunerokoa oztopatu egiten du», agertu zuen Leire Garrok.
Segurtasunari dagokionean ere hutsune larriak atzeman ditu LABek haur eskolaz haur eskola egin duen azterketan. Hartara, «segurtasun neurriak bermatuko dituen plana eta larrialdietarako plana ezinbestekoak» direla esan zuen.
Egoeraren hiru arduradun
LABek nabarmendu zuenez, «kezkagarritzat» jo duten egoera horretan hiru arduradun daude: haur eskolen titulartasuna duen Partzuergoa, egoitzak prestatzeaz arduratzen den Udala eta egoitza horien baimena ematea eta jarduera pedagogikoa jarraitzea dagokion Lakuako Hezkuntza Saila.
«Eskola horiek irekitzeko baimena ematen ari da Hezkuntza Saila gutxieneko baldintzak bete gabe. Partzuergoak arazoak ditu eskolak behar bezala kudeatzeko eta, hainbatetan, udalak, ahalegina egin arren, ez dira iristen beharrezkoak diren baldintzak ziurtatzera». Hala ere, beste udal batzuek baldintza horiek bermatzeko borondaterik ez dutela argitu zuen. «Hiru erakunde horien ardura da zerbitzua kalitatezkoa izan dadin baldintzak ziurtatzea eta ardura horri erantzuteko eskatzen diegu», gaineratu zuen Garrok.
Horiek hala, aurrerantzean irekiko dituzten haur eskoletan epe motzean 30 inguru irekitzekoak dira dekretuan ezartzen diren oinarrizko baldintzak betetzeko eskatu zuen LABek. Haur eskolen mapa egiterakoan «nekazaritza eremuen eta behar larrienak dituzten guneen premiak» kontuan hartzeko eskatu zuen eta «baldintza egokietan diren eskolak irekitzeko eta modu arrazionalean antolatzeko» deia ere egin zuen.
Finean, eta LABek nabarmendu zuenez, «hezkuntzan diru gehiago inbertitzea da irtenbidea». Europan, batez beste, hezkuntzari aurrekontuaren %6,5 i, aldiz, ehuneko hori %3,5ekoa dela nabarmendu zuen.
Kasurik larrienak
Maeztu -
Gela berean dena dago nahastuta, banaketarik gabe. Entxufeak umeen altueran daude eta berogailuak babestu gabe.Berantevilla - Egitura aurrez fabrikatua dauka. Konketa paretatik erorita dago eta leku gutxi dagoen ume kopururako. Muxika - Eskolako sarreran dago kokatua. Entxufeak altuera desegokian daude. Ez dago bulegorik, ez sukalderik ezta langileentzako aldagelarik ere. Bilbo - San Inazion, haurrak gelan zeudela egin dituzte konponketa lanak. Larreagaburu - Hezetasuna dago bulegoan, jolastokiaren zorua desegokia da eta oso gogorra. Matiko - Gela batetik bestera joateko ez dago barruko komunikaziorik, kaletik joan behar da. Gaintza - Herriko pilotalekuaren gune batean dago, ez dauka leihorik. Zorua hotza da eta berogailuak babestu gabe daude. Zaldibia - Ez dago espazio bereizturik, dena bat da: bulegoa, logela, hezitzaileentzako gunea... bereiztua dagoen espazio bakarra sukaldea da eta bertan haurren komunak daude. Bulegoa ez dagoenez gero, ordenagailua gelan dago eta kable guztiak haurren eskura daude. Urretxu-Zumarraga - Eskola barruan dago kokatua, laugarren solairuan, hain zuzen. Haur eskolara sartzeko psikomotrizitate gelatik pasatu behar da nahitaez. Eskaileretatik edo igogailutik igo daiteke laugarren solairura. Beraz, ezinbestekoa da larrialdietarako plan bat, baina ez dago.
Lakuaren dirulaguntza lehen seme-alabagatik
GASTEIZ Lakuako Gobernuak atzo onartutako dekretuaren arabera, aurrerantzean lehenengo seme-alaba izateagatik edo adoptatzeagatik laguntzak izango dira. Orain artean, diru-laguntza horiek bigarren seme-alabatik aurrera baino ezin ziren jaso. Dekretu horren nondik norakoak bihar zehaztuko ditu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu Joseba Azkarragak. Hala ere, eta atzo aurreratu zutenez, Gasteizko Gobernuak orain arteko neurriak nahikoak ez zirela salatu duten elkarteen eskaerei erantzun nahi die dekretu berri horrekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 11.000 bat familiari eragingo die dekretu berriak, urtero lehen seme-alaba izaten dutenen kopurua horren bueltakoa baita. Gaur egun, Lakuako Gobernuak urtean 1.100 euroko laguntza ematen du bigarren seme-alaba izateagatik. Hirugarrenaren eta ondorengoen kasuan, laguntza hori bera jasotzen dute familia onuradunek urtero eta haurrak bost urte bete arte. Azkarragak zehaztasunak emateko zain, oraindik orain ez dute aurreratu lehenengo seme-alabagatik jasoko den diru-laguntza hori zenbatekoa izango den, ezta diru-laguntza hori familia bakoitzaren errentaren araberakoa izango den ere.
|