Arrazoi guztiak ditugu: AHT Gelditu!
Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanak abian jartzeko erabaki larria hartu dute. Egintza bururatuen politika ezarri nahi dute berriz ere, herritarrei beste gizarte eta garraio eredu orekatu eta iraunkor baten oinarriak eztabaidatu eta erabakitzeko inolako aukerarik utzi gabe. Herriaren izenean jarduten dutela esaten dute, baina gehiengo soziala eta sindikala AHTren aurka agertu da. Egoera horren aurrean, AHT Gelditu! Elkarlanak proiektua geldiarazteko borrokan indarrak bateratzearen alde egiten du; hots, alternatiben auzian aniztasuna onartzen du, baina lehenengo eta behin, AHT gelditu, herritarrei erabakietan parte hartzeko ahalmen osoa itzuli, eta egungo garraio eta gizarte ereduari dagokionean eztabaida zabal eta eraldaketa sakon bati ekiteko eskatzen du.
Gainera, gure iritziz, egoerak gogor jokatzea eskatzen du. Obrak hastea onartezina da eta inposizioari borrokaren eta mobilizazioaren bidez erantzuteko dei egiten dugu. Hurrengo hilabeteei begira, AHTren aurkako mugimenduak erronka handia bezain garrantzitsua dauka, proiektu txikitzaile hori berandu baino lehen gelditzeko. Gauzak horrela, AHT Gelditu! Elkarlanak aukeran dituen bide guztietatik jarraituko du proiektu anti-ekologiko eta anti-sozial hori gelditzea lortu arte. Borroka zailagoa eginagatik ez dugu amore emango; eta obrak hasten badituzte, hori ez da inondik inora gatazka luze honen amai-era izango, AHTren aurkako oposizioa areagotu eta erradikalizatuko duen akuilu bat baizik.
Jende asko jabetu da egitasmo erraldoi horrek ingurumenari, nekazaritzari, gizarteari, ekonomiari eta lurralde orekari eragingo lizkiekeen kalteen larritasunaz.
Herri mobilizazio indartsua bultzatu behar dugu. Atzera bueltarik gabeko ondorioak ekar ditzakeen proiektu suntsitzaile hori geldiarazteko. Euskal Herrian energia nahikorik badagoela erakutsiko dugu. Hortaz, mobilizazioak AHTri oposizioa erakusten dioten gizarteko talde guztiak bildu nahi ditu, sentsibilitate desberdinen bateratze hori funtsezkoa delako proiektu txikitzaile horri aurre egiteko.
David Miangolarra eta Mikel Mugerza - AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak
|